Preso eskuindarren hilketa

1936ko irailaren 25eko bonbardaketa bukatu eta berehala, Bilboko itsasadarrean -Barakaldo parean- amarratuta zeuden Cabo Quilates eta Altuna Mendi ontzietara jo zuen milizianoz eta zibilez osatutako talde batek

Kartzela bihurtuak zituen Bizkaiko Defentsarako Juntak ontziok, eta martxinadarekin bat egitea leporatutako jendez beteak zeuden. 70 preso hil zituzten guztira:

41 Cabo Quilates-en, 29 Altuna Mendi-n.

Cabo Quilates

Egun berean, Durangon lau bonba erori ziren zerutik. Ezkurdia pilotalekuan jo zuen batek, eta, gutxienez, 12 pertsona hil. Milizianoak herriko espetxera joan eta han zeuzkaten 22 preso hil zituzten. Urriaren 2an, Cabo Quilates ontziko beste 52 preso hil zituzten. 1937ko urtarrilaren 4an, beste aire eraso gogor baten ondoren, Bilboko espetxeetara jo zuten manifestazioan herritar ugarik. Sociedad Bilbaina paretik pasatu ziren. Han zeukan egoitza Gobernazio Sailak, eta han zegoen Telesforo Monzon sailburua. Manifestazioa desegiteko eskatu zien Monzonek, baina alferrik. Arratsaldeko bostetan, Larrinaga, Aingeru Jagoleak, Karmelo eta Galera etxera sartu, eta 224 preso hil zituzten. Epaile berezi bat ezarri zuten gertatutakoa ikertzeko eta 61 pertsona auzipetu zituzten, baina gerraren bilakaerak bertan behera utzi zituen auzibide haiek.

Altuna Mendi

Hura ez zen izan errepublikaren aldeko eremuan egindako lehen preso hilketa. Gipuzkoan ere, Donostiako Ondarretako kartzelan, Tolosan, Irunen, Guadalupeko gotorlekuan, Azkoitian... halako hilketak gertatu ziren. Asko, itsasoz edo airez egindako erasoen ondoren.

769

atzeraguardian hildako eskuindarrak

Jose Etxeandia apaizak 1945ean argitaratutako La persecución roja en el País Vasco liburuaren arabera, 769 haietatik ia %40, 1936ko irailaren 25eko eta 1937ko urtarrilaren 4ko Bilbon izandako presoen kontrako oldarraldietan hil zituzten. Herrialdez herrialde: Araban, 42; Bizkaian, 442; Gipuzkoan, 280; eta Nafarroan, 5. Hildakoen artean, 59 apaiz zeuden, eta azken horietatik %79 Bilboko espetxeetako presoen aurkako oldarraldietan hil zituzten.