1 / 17

Molaren esanetara

Datatu gabea. Nafarroako Gerra Junta Karlistako kideak. Zutik, ezkerretik eskuinera, Jose Uriz, Victor Eusa Razkin, Blas Inza, Javier Martinez de Morentin, Ricardo Arribillaga eta Victor Morte Zelaieta. Eserita: Marcelino Ulibarri Equilaz, Joaquin Baleztena Azkarate (lehendakaria), Jose Martinez Berasain (lehendakariordea), Jose Gomez Itoiz eta Eleuterio Arraiza. Emilio Mola jeneralaren izua zabaltzeko eta arerioa suntsitzeko aginduak gogo onez betearazi zituzten, beren armadako kideak, erreketeak, kolpisten jazarpen eta gerra egituretako ezinbesteko osagarri bihurtzeraino.

Arma piloak

1936-IX. Irundik eskuan ekarritako armak, Hendaiako kalean, paretaren kontra. Milaka iheslari pilatu dira Lapurdiko herrian. Batzuek itsasoz, besteek Santiago zubia zeharkatuz, hasi besterik egin ez den gerrak ibilera latzak ekarriko dizkie askori. Bertan armak entregatu dituztenetako asko berriz arma hartzen saiatuko da, beste fronte batzuetan. Argazkiak izoztu duenekoa ez da armak entregatuko dituzten azken aldia.

Bandera higatuak

1936-IX-15. Erreketeen bandera. Iruñeko Gazteluko Plazatik abiatu eta Donostia konkistatu berrian distiratsu ailegatu. Eta, denborarekin, desitxuratu. Falangerekin indarrez batuarazi eta pixkanaka indargabetzeraino.

Eusko Irakastola

1936-XII-1. Gipuzkoa ia osorik erorita dago, negua da. Frontea geldirik dago, baina argi dago Mola jeneralak bete egingo duela irailean airetik jaurtiarazitako paperek ziotena: Bizkaia osoa birrintzen saiatuko da, kolpisten aurrean amore ematen ez badu. Amore eman ordez, lanari ekitea erabaki du Jose Antonio Agirre buru duen Jaurlaritzak. Egiturak sortu eta sortu ari da urri hasieratik, Jaurlaritza bera sortu zenetik, eta unibertsitate propioa ere sortu nahi du. Hala sortu da Euzko Irakastola Nagusia. Osakintza Ikastola Basurtuko Ospitalean abiatu dute, bertan izoztuta daude argazkikoak. Denek dakite, unibertsitatea sortzen hasi, eta zaurituak artatzeko adarrari eman diotela lehentasuna agintariek. Ezin du bestela izan. Horixe gerra.

Eserita hobe

1937-II-23. Agustina Berriri Iturriza. Ondarroatik egotzi eta frontea gurutzatu berri. 96 urte. Eserita egin behar aurre hasi berri zaion erbesteari.

Ehoziri lanak

1937. Bilbo, eguzki galgatan. Ehoziri lanak setio egunak beldur aspertutik askatzeko. Ez dago paperik ez txapelik aireko bonben amesgaiztoa geldiarazteko. ROBERT CAPA.

Errukiaren geziak

1937. Erruki nazional-katolikoa haur gosetuen lurraldean. Esku batekin zartakoa eta bestearekin ogia. Seccion Femenina: “Espainiak behar bezalako” ama, alaba, emazte, arreba izaten ikasteko, Falangeren geziak. MARIN FUNTSA.

Ministroak

1938-II-1. Francisco Francoren agindupeko lehendabiziko gobernu taldea. 1938ko urtarrilaren 31n izendatu zituen jeneral kolpistak, egin zuten lehendabiziko bilerarena da argazkia. Zutik, ezkerretik eskuinera: Juan Antonio Suances (Industria eta Merkataritza), Andres Amado Reygondaud (Ogasuna), Ramon Serrano Suñer (Barne ministro) eta Raimundo Fernandez-Cuesta (Nekazaritza). Eserita: Severiano Martinez Anido (Ordena Publikoa), Fidel Davila (Defentsa), Tomas Dominguez Arevalo (Justizia), Francisco Gomez-Jordana Souza (Kanpo Harremanak), Francisco Franco (buru gorena), Pedro Gonzalez-Bueno Bocos (Erakunde eta Ekintza Sindikala), Alfonso Peña Boeuf (Herrilanak) eta Pedro Sainz Rodriguez (Hezkuntza). Justizia Ministerioa Gasteizen ezarri zuten. Eta konkistarekin batera erakundetutako injustizia sarearen erdigunea Euskal Herrira etorri zen.

Enbaxadak

1938-II-21. Jaurlaritzak antolatutako Eresoinka taldearekin dabil, Europan zehar, argazkilaria. Frankistek konkistatutako euskal lurretako kultur enbaxada izateko jaio zen Eresoinka, dantzari, kantari, musikari talde zabalarekin. Baita Francoren krimenak nazioartean salatzeko ere. Eta hara non Franco ageri zaion argazkilariari Bruselako eskuin muturreko liburutegiko kristaletik begira. Francok ere baditu bere enbaxadoreak, izan ere. JESUS ELOSEGI IRAZUSTA

Jazarle beti

Datatu gabeko argazkia. 36ko gerrako pasarteren batean aterata dago, hori bai. Camilo Alonso Vega ageri da erdi-erdian. Francoren lagun mina, Gasteizko tropen buruzagia zen hark Afrikan kolpea jo zuenean, eta Arabak ere bat egin zuen mugimendu militar harekin. Alonsok gidatu zuen kolpea Araban. Baita segidan etorri zen jazarpena ere. Nafarroako IV Brigadaren gidaritza hartu zuen ondoren. Teniente koronel graduarekin hasi zuen gerra; brigadako jeneralarenarekin bukatu zuen. Jazarle lanak ez zituen inoiz utzi. 1943an, bere tresna eraginkorrenetako baten gidaritza eman zion Francok: Guardia Zibileko zuzendari nagusi izendatu zuen. Gogotsu bete zuen emandako lana; makien kontrako operazioetan nabarmendu zen bereziki. 1957an, Gobernazio ministro izendatu zuen diktadoreak. 1969ra arte bete zuen kargu hori.

Heroiak

Datatu gabea. Ezkabako gotorleku beldurgarriko patioan, presoak. Europako kartzela batetik azken mendean egindako ihesaldirik handienaren antolatzaileak zenbait. Lehen lerroan bat, ezkerretik bigarrena: Juan Iglesias. 1938Ko maiatzaren 22an, espetxe horretan zeuden 2.487 presoetatik 795ek egin zuten ihes. Harrapatu ahala hil zituzten, dozenaka. Garaiko prentsak ezkutatu egin zuen gertatutakoa. Francok ez zuen nahi halako berriak zabaltzea. Isilpean zabaldu zen albistea. Heroitzat hartu zituen jazarri askok.

Gurs

Datatu gabea. 1939ko martxotik aurrerakoa dela, hori seguru, orduan ireki baitzuten euskal herritarren uhartetxoa: Gurseko kontzentrazio eremua, euskal errefuxiatuak hartzeko prestatutako gunea. Nazioartekoa bihurtu zen Francok gerra irabazi eta II. Mundu Gerra hasi berritan. Barrakoiak, hondarra, haizea eta txarrantxa. 1939ko maiatzaren 10ean bertako kaleetan erroldatutako 18.985 apopiloetatik 6.555, euskal herritarrak ziren.

Arrano zuria

1939-VII-13. Galeazzo Ciano. Benito Mussoliniren mezulari zuria. Bake faxistaren uso mezulari gisa Euskal Herrira etorria. Behin Donostian, Francok mairu guardia bidali du haren bila. Herri batetik bestera ibili da Caudillo-aren koinatu eta Espainiako Atzerri ministro den Ramon Serrano Suñer gidari duela. Ciano bera ere, familiari esker da Italiako Atzerri ministro: Duce-aren alabarekin dago ezkonduta.

Berandu

1940-X-23. Hendaiako tren geltokia. Francoren bilera Adolf Hitlerrekin. Caudillo-a berandu heldu da. Fuhrer-ak ez du jasaten puntualtasun falta.

Medoceko hondartza

1945-IV-20. Gernika batailoiko kideak, Kepa Ordoki burua barne, Pointe de Graven, Medocen, bertan gotortuta zeuden alemanak garaitu berritan. Batailoikoak faxismoa nazioartean garaitzeko, eta, luzapenez, Franco eraisteko borrokatu ziren Frantzia okupatuan. Garaipen haren ondoren, okupatzaile alemanen aurkako indarren buruzagiak, Charles De Gaulle jeneralak ikurriña gurtu zuen Grayango airedromoan. Alemania nazia erortzear eta aliatuak gerra irabaztear zeuden. Francok bere tokian segitu zuen, hala ere, zaharrez hil zen arte: agintean.

Nork makurtu gehiago burua

1948-VIII-24. Tolosa, Gipuzkoa. Diktadorearen bisitaren zain, Gipuzkoa osotik heldutako alkateak, eta agintari militar eta zibil gehien-gehienak. Baita Carmelo Ballester Nieto gotzaina ere. Heldu zen, bada, Franco jenerala, eta zail dago erabakitzen, nork noren aurrean makurtzen duen burua argazkian: berak hasitako gerrari Gurutzada Santu deitu zionak ala horretarako gurutzea gogotsu oparitu zion hierarkiaren ordezkariak. Hitzaldiak eta buru makurtzeak bukatutakoan, Aieteko jauregira abiatu da Franco, oporretara. FOTO CAR FUNTSA / VICENTE MARTIN.

Udaroko arrantza

1963ko uda. Aiton maitekorraren itxura hartzen saiatu da. Kameren aurrean jokatutako antzezlan usaina dario argazkiari, baina, biloba pare aratza eta kainaberari nola eutsi ez dakiten laguntzaile horiekin. Donostiako badian ainguratuta dago Azor ontzia, udaro legez. Laster aterako diote argazkia aitondutako kolpistari, hegaluzea aldamenean zintzilik duela. Udaro legez hori ere. Argazkiotan inoiz ez dira agertzen Azor inguruan beti izaten diren arrantza ontziak. Ontziotako arrantzaleek egiten diote beita Francisco Francori, hegaluzeak bere amua irentsi dezan. Jeneral jaunak argazki ederra arrantzatu dezan. MARIN FUNTSA. PACO MARI