1 / 6

Deserria

151.000

1936-1945 epean sorterria utzi behar izan zuten euskal herritarrak

Hego Euskal Herriko biztanleen %12k utzi zuten herria gerrak hartaratuta; gipuzkoarrak eta bizkaitarrak ziren gehienak. 80.000 inguru itzuli egin ziren. Bueltatu ez ziren 70.000 haiek barreiatu ziren Europan eta, Bigarren Mundu Gerra hastearekin bat, Ameriketara batez ere. Venezuela, Mexiko eta Argentinara bereziki. 1949an, Jaurlaritzaren menpeko Baionako Euskal Bulegoak 9.300 erbesteratu zeuzkan zerrendatuta gaur egungo Pirinio Atlantikoetan. Asko ez ziren inoiz itzuli, Franco diktadorea baino lehenago hil zirelako.

Itsasontziz, trenez, automobilez, gurdiz, oinez... frankistengandik ihes egiteko bazen, modu guztiak ziren baliagarriak milaka zibilentzat.

Lehen olatua

Estatu kolpea hasi orduko, matxinoen menpe geratu ziren herrialdeetako biztanleek muga zeharkatu zuten Ipar Euskal Herrira.

Irungo gudaldiaren ondorioz, jende askok Bidasoa zeharkatu zuen. Abuztuaren 30a eta irailaren 1a bitartean, 2.272 pertsonek zeharkatu zuten Santiago zubia oinez, morrala bete izu. Donostia erortzerako, berriz, Gipuzkoatik Lapurdira itsasoz jo zuten milaka herritarrek. Guztira, 16.500 pertsona desplazatu ziren 1936ko irail hartan, emakumeak, haurrak eta edadetuak batez ere. 2.000-3.000 miliziano ere itsasoz ebakuatu zituzten, eta haietako gehienak Kataluniara joan ziren segidan Port Boutik.

Jendetza Santio zubia zeharkatzen, Lapurdi aldera.

Bizkaira

Iparraldera ez, mendebaldera jo zuten Gipuzkoako iheslari gehienek. Bizkaitarren eskuzabaltasunari eta agintari zibilen kudeaketa egokiari esker, aterpea, jatena eta oinarrizko zaintza eskaini zitzaizkien errefuxiatu haiei guztiei.

Ahal zuten guztia hartuta abiatu ziren iheslariak Bizkai aldera.

100.000

1936ko udazkean Bizkaia aldera ihes egin zutenak

Iparraldera ez, mendebaldera jo zuten Gipuzkoako iheslari gehienek. Bizkaitarren eskuzabaltasunari eta agintari zibilen kudeaketa egokiari esker, aterpea, jatena eta oinarrizko zaintza eskaini zitzaizkien errefuxiatu haiei guztiei.

70.000

1936 amaieran Bizkaian zeuden errefuxiatuak

Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntza Sailak errefuxiatuen errolda egin zuen 1936ko urritik, eta errolda horren arabera, urte hartako abendura bitaretan 70.000 errefuxiatu zeuden herrialdean. Hiriburuan bertan 35.000 zeuden: 15.000 haur, 12.000 emakume eta 6.500 gizonezko edadetu. Gainerako errefuxiatuak herrialdeko beste herri batzuetan banatuta zeuden.

Haurren ebakuazioa

Jaurlaritzaren arabera, Bizkaian 30.000 haur errefuxiatu zeuden guztira. Eta indar frankistak Bilbora hurreratu ahala, aire erasoek hiriburua zigortu ahala, ezinegona areagotzen joan zen herritarren eta agintari militar eta zibilen artean. Haurrak ebakuatzea erabakitzeraino. Bilboren aurkako 1937ko urtarrilaren 4ko aire erasoak zabaldutako izu girotan etorri zen erabakia. 5 eta 12 urte bitarteko haurrak ebakuatzea eskaini zien Jaurlaritzak gurasoei eta, astebetean, urtarrilaren 9tik 16ra bitartean, 1.600 eskaera jaso zituen.

37.930

ebakuatutako haurrak

Haurrak jateko zain, Stonehamgo errefuxiatu eremuan, Southamptonen (Erresuma Batua). CEGES-SOMA

Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntza Sailaren 1938ko apirileko txosten baten arabera, 22.234 haur Frantzian zeuden (Iparraldean zeudenak ere bertan zenbatu zituen), 6.200 Katalunian, 3.956 Erresuma Batuan, 3.201 Belgikan, 1.889 SESBen, 245 suitzan eta 105 Danimarkan. Hilabete eta erdian gauzatu zen erbestealdi olatua; haur gehiago bidaltzeko asmoa zeukaten, baina bertan behera geratu ziren asmook, frankisten nagusitze azkarrekin.

Gurasoak eta haurrak, elkarri agur esaten, Santurtziko kaian. EUSKADIKO FILMATEGIA

Habana ontziak milaka haur ebakuatu zituen 1937ko udaberrian, Santurtzitik abiatuta.

450

Bizkaitik lehendabizi ebakuatutako haurrak

Bermeotik irten ziren 1937ko martxoaren 21ean, Campbell eta Blanche ontzi britainiarretan. Donibane Lohizunera eraman zituzten itsasoz, eta handik Oloroera, Bordele Iparraldera, udako opor egoitza batera. Hamar egun geroago bonbardatu zuten frankisten aliatuek Durango. Gernikako bonbardaketa izan eta berehala hasi ziren Bizkaiko kostaldetik haurrak etenik gabe ebakuatzen.

26.659

1937ko udaberrian itsasoz ebakuatutakoak

Jaurlaritzaren arabera, maiatzaren 6tik ekainaren 13ra bitartean Bizkaitik itsasoz alde egin zuen errefuxiatuen kopurua hori zen, guztira. Horien artetik 19.144, haurrak ziren.

Azken ihesaldi handia

100.000

1937ko udan alde egin zutenak

Uztailean eta abuztu erdialdera arte, 31.000tik gora pertsona itsasoratu ziren Santanderren Marion Moller, Perros Guirec, Tregastel eta Ploubazlanec ontzietan. Santanderren setioa hastearekin, Ribadesella, Gijon eta Aviles bihurtu ziren ihesaldien kaia.

62.000 pertsonak egin zuten ihes haietatik urri bukaera bitartean. Iheslarien artean 32.000 inguru haurrak ziren. Frantziak hartu zituen gehienak. Errefuxiatu guneak antolatu zituen Jaurlaritzak Chatenay-Malabry, Chateau-du-Loir, Enghien-les-Bains, Narbona, Sete, Pezenas, Compans, Noyon eta Montaubanen. II. Mundu Gerran nazien okupaziotik ihesi frantsesak desplazatzen hasi ziren arte, 1939ra arte izan ziren euskaldunen babesleku. Pirinio Atlantikoetako eta Landetako dozena bat kolonia ere sortu zituen EAJk. Jaurlaritzaren orduko txosten baten arabera, 30.000 errefuxiatuk Kataluniarako bidea hartu zuten 1938an, eta 60.000k Hego Euskal Herrirakoa.

Katalunian babesa bilatu zuten milaka euskal iheslarientzako denda.

Jaurlaritza ere erbestean

Eusko Jaurlaritzak berak ere erbestera jo zuen. Bartzelonara lehenik; Parisera Katalunia frankistek hartu zutenean. Naziek Paris hartu zutenean, Agirre desagertu egin zen eta Manuel Irujok Euskal Kontseilu Nazionala sortu zuen Londresen. Agirre berriz agertu eta erbesteko Jaurlaritza atzera New Yorken osatu zuenean, Londresko kontseilua desegin egin zen. 1946an Parisera bueltatu zen Jaurlaritza. Artean indarrean zegoen gerra egoera. Franco diktadoreak gerra 1939ko apirilaren 1ean amaitutzat eman arren, 1948ko uztailera arte ez baitzen indargabetu gerra egoera.

Eusko Jaurlaritzaren bilera, Parisko erbestean, 1946an. Agirre lehendakaria buru den mahaiaren bueltan ageri dira, ezkerretik eskuinera, Gonzalo Nardiz, Paulino Gomez, Ambrosio Garbisu, Jesus Maria Leizaola, Telesforo Monzon eta Manuel Campomanes.