Eusko Jaurlaritza
Espainiako II. Errepublikaren hasieratik, gorabeheratsua izan zen euskal lurraldeei autonomia estatutua emateko eskakizunaren ibilbidea. Hasiera batean lau herrialde hartzen zituen proiektua hirurentzakoa izatera pasatu zen, besteak beste, eta, 36ko gerra hasi eta hilabetera, aurkako zenbaiten ezinikusiak desagertu egin ziren.
Francok bere lehen gobernu taldea Salamancan osatu zuen egun berean, 1936ko urriaren 1ean, Espainiako Gorteek Euskal Autonomia Estatutua onartu zuten. Jose Antonio Agirre Lekube (Bilbo, 1904 – Paris, 1960) jeltzaleak handik astebetera zinpetu zuen estatutu horren arabera sortutako gobernuko lehendakari kargua, 1936ko urriaren 8an, Gernikako Juntetxean. Legegizona. Getxoko alkate eta diputatua zen.
Jose Antonio Agirre lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Carlton hoteleko egoitzako balkoian, hainbat sailbururekin.
Sailburuak
Lehen Jaurlaritza hartan zeuden:
Eliodoro de la Torre Larrinaga (EAJ), Ogasun Saila.
Telesforo Monzon Olaso (EAJ), Gobernazio Saila.
Jesus Maria Leizaola Sanchez (EAJ), Justizia eta Kultura Saila.
Juan Gracia Colas (PSOE), Gizarte Laguntza Saila.
Juan de los Toyos Gonzalez (PSOE), Lan Saila.
Santiago Aznar Saratxaga (PSOE), Industria Saila.
Juan Astigarrabia Andonegi (PCE-EPK), Herrilan Saila.
Alfredo Espinosa (Union Republicana), Osasun Saila. 1937ko ekainaren 26an Gasteizen fusilatu zuten. Frankistek hildako Eusko Jaurlaritzako sailburu bakarra izan zen.
Ramon Aldasoro Galartza (Izquierda Republicana), Merkataritza eta Horniket Saila.
Gonzalo Nardiz Bengoetxea (EAE-ANV), Nekazaritza Saila.
Euskal armada
Agirrek, Lehendakaritzaz gain, funtsezko beste arlo bat hartu zuen bere gain: Defentsa. Matxinoekin bat egin ez zuten buruzagi militar apurrekin, kintoak erreklutatuz eta alderdietako milizianoak berrantolatuz, Euskal Armada deiturikoa osatu zuten.
Armada hartan, Loiolako (Azpeitia, Gipuzkoa) santutegiko kuartelean ernetzen hasi zen Euzko Gudarosteak toki garrantzitsua hartu zuen. Gudari abertzaleen batailoiekin antolatu zuten gudaroste hura, baina armada hartan baziren beste joera politiko batzuetako batailoiak ere. 40.000 soldadukoa zen armada berria.
Ez ziren aurrean zituzten arerioak baino gutxiago berez jendetan, baina frankistek gerrarako prestaketan eta makinetan gain hartzen zieten nabarmen, artilleria astun, erasorako hegazkin saldo eta militar profesionalekin. Gipuzkoako konkistan nola, halaxe geratu zen hori agerian Euskal Armada eratu berriak erasora jotzea erabaki zuen aldi bakarrean, Legutioko gudaldian.