Nazioarteko laguntza
Gerra hasi orduko geratu zen argi militar matxinoek errepublikaren aldeko indarrek baino laguntza gehiago zutela nazioartean. Afrika iparraldetik iberiar penintsularako jauzia alemanen 20 Junkers Ju 52 eta 6 Heinkel He 51 eta italiarren 9 Savoia Marchetti hegazkinekin egin zuen Francok, hasteko.
Laguntza horren berri jakin orduko, Frantziako Gobernuak -Leon Blum sozialista zuen buru- Parte Ez Hartzeko Ituna egitea proposatu zuen. Abuztuaren 1a zen, eta hila bukatzerako Europako 27 herrialdek zinpetua zuten ituna. Baita Alemaniak eta Italiak ere, baina bi herrialdeok erabakia zuten frankistei armak, tropak eta laguntza logistikoa etenik gabe eskaintzea. Urriaren hasieran, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak ere ituna ez betetzea erabaki zuen: Espainiako Errepublikari laguntzen hasi zen.
Francoren alde, Italiak bidali zuen tropa gehien: Atzerriko Legioko 5.699 soldadu eta Tropa Boluntariotako 72.775 kide (43.129 soldadu eta 29.646 miliziano faxista). Errepublikaren alde, boluntarioz osatutako Nazioarteko Brigadak mobilizatu ziren, 35.000 miliziano eta medikuntza eta laguntza unitateetan aritu ziren 20.000 kide. Horietatik 10.000tik gora frantses nazionalitatekoak ziren, baina 50etik gora herrialdetatik bertaratu ziren.
“Irungo gudaldian, une larrienetan, defendatzaileei armak eta munizioak ekarri behar zizikieten kamioiak ez ziren Hendaiako nazioarteko zubitik igaro eta errepublikarrak biluzik gelditu ziren etsaien aurrean. Molak lortu ez zuena, gobernu demokratikoek indarrean jarritako Parte ez Hartzeko Batzordeak erdietsi zuen”