Eliza frankista
36ko gerra erlijioaren aldeko “gurutzada” gisa bizi izan zuten matxinoen alde borrokatutako askok, eta Eliza katolikoko hierarkek sentimendu hori bedeinkatu egin zuten. Vatikanoak Espainian zeukan ordezkari gorena, Isidro Goma nuntzioa, Belaskoaingo (Nafarroa) bainu-etxean zegoen kolpea jo zutenean, eta pozez zoratzen jaso zuen matxinadaren albistea.
Iruñeko gotzain Marcelino Olaetxea izan zen lehen gotzaina “Gurutzada” hitza idazki publiko batean erabiltzen, 1936ko abuztuaren 23an. Ordurako argitaratua zeukan Gasteizko gotzain Mateo Mujikarekin Non licet (Ez da zilegi) pastorala. Bertan, “Elizaren etsai amorratuekin bat egitea” leporatzen zieten euskal abertzale katolikoei. 1937ko uztailaren 1ean Espainiako gotzainek izenpetutako gutun kolektiboa ere sinatu zuen Olaetxeak -Mujikak ez, eta desterratu egin zuten-, Francoren alde publikoki lerratuz Espainiako hierarka guztiak. Ordurako, hainbat apaiz hilak zituzten frankistek Euskal Herrian.
Frankistek hildako euskal apaizak
Tartean zen Jose Ariztimuño Aitzol euskaltzale eta abertzale ezaguna. Espainiako gurutzadaren izenean apaizak akabatzea zilegia zen, nonbait. Gutxienez, Euskal Herriko 165 elizgizonek jo zuten erbestera eta 780 depuratu zituzten frankistek. Vatikanoko buru Pio XII.aren bedeinkapena jaso zuen Francok, hala ere, 1939ko apirilaren 1ean gerra amaitutzat eman zuenean.
Isidro Goma kardinala. Espainiako Elizako hierarka nagusia zen kolpe garaian. Frankisten babesle nagusienetakoa izan zen.