Bonbardaketak
Aireko nagusitasunak eta artilleria astunak erabaki zuten 36ko gerra nork irabaziko, eta Benito Mussolini faxistak eta Adolf Hitler naziak eskainitako laguntzarik gabe ezin da ulertu nagusitasun hori.
gora aireko operazio
Data erabat zehazteko dago oraindik, baina dagoeneko 1.000tik gora aire operazio zenbatu ditu Xabier Irujo ikerlariak Euskal Herrian. Erasootako gehienak, %86 inguru, frankistek egin zituzten.
hildako 1937ko apirilean
Ezinezkoa da jakitea zenbat hildako utzi zituzten bondardaketek, baina, 1937ko apirilean bakarrik, 2.445 hildako erregistratu zituen Jaurlaritzak.
Lehen bonbardaketak
Francoren aldekoek Otxandion egin zuten lehen aire erasoa, 1936ko uztailaren 22an. Osteguna zen, herriko festak ziren, eta Logroñotik (Errioxa) abiatutako bi Breguet Br.19 azaldu ziren goizeko bederatzietan herri gainean.
Pilotuak eskuarekin keinuka hasi ziren kaleko jendeari. Keinuoi segika, plaza aldera jo zuten zibil askok, ume ugari tartean, propaganda paperak botako zizkietela pentsatuta. Hegazkinetatik hirigunea bonbardatu eta metrailatu zuten segidan, 25 bat minutuan. 61 hildako utzi zituzten atzean. Haietako 5 milizianoak ziren, eta 4 soldaduak. Gainerakoak, %73,7, zibilak.
Tartean, 24 adin gabe (10 urtetik beherakoak, 16). Frankistek gerra ekintza eraginkor gisa azaldu zuten sarraskia. Errepublikari leial eutsi ziotenek berehala ikasi zuten bonbekin batera gezurrak eror zitezkeela, jomuga militarren eta zibilen arteko bereizketarik ez zutela egin asmo Espainiaren alde altxatu omen zirenak. Irun eta Donostia bitarteko herriak bonbardatu zituzten lehenik. Eta irailaren 13an Donostia hartu ondoren, Gipuzkoako fronteko Markina, Lekeitio eta Eibar, beste herri askoren artean.
Hau bezalako bi Br.19 hegazkinek bonbardatu zuten Otxandio.
Bilbori zigorra
Astebete lehenago emandako ultimatuma betez, zazpi-zortzi hegazkinek Bilbo bonbardatu zuten 1936ko irailaren 25eko goizean, ordu eta erdiz. Arratsaldean, berriz, lau hegazkinek bonbardatu zuten, ordubetez.
Gutxienez, bost bonba erori ziren San Luis ospitalearen inguruan. Zortzi zauritu zenbatu zituzten. Eta Molak beste ultimatum bat igorri zuen Bizkaiko indarrak errenditzeko, irailaren 18an egin zuen moduan.
Biharamunean, berriro bonbardatu zuten Bilbo, hiru orduz baino gehiagoz. Binaka iristen ziren hegazkinak. Hasiera batean ez zuten hildakoen kopuru osoa eman, baina badirudi hilaren 25eko eta 26eko bonbardaketetan 88 hildako eta 643 zauritu izan zirela. Gero, abenduaren 12an, 96 hildako eta 650 zaurituko kopuruak eman zituzten.
Bilboz gain, Arabako eta Gipuzkoako fronteko Legutio, Zigoiti, Arrasate... herri ugari zigortu zituzten udazken hartan. Neguan, urtarrila eta martxoa bitartean, ez zuten ia bonbardaketarik egin.
Bilboren kontrako aireko erasoek psikosia sortu zuten herritarren artean. EUSKADIKO FILMATEGIA
Durangoko laborategia
Bizkaiaren aurkako oldarraldi nagusian, 1937ko martxo amaieratik aurrera, frankisten esanetara zeuden Alemaniako eta Italiako aire indarrek gerra taktika berri baterako saiakerak egin zituzten. Durango, Elorrio, Otxandio eta Elgeta izan ziren lehen esperimentu handia, martxoaren 31n.
Frankistek behin baino gehiagotan jo zuten Durangoren kontra airez. 1936ko irailaren 25ean izan zen lehen aldia. Egun hartan, Ezkurdi pilotalekua jo zuen bonba batek, eta bertan babes hartuta zeuden 12 errefuxiatu gipuzkoar hil. Horren ondoren, herriko kartzelara joan, presoak atera eta 22 hil zituzten mendekuz.
1937ko martxoaren 31ko aire erasoak utzi zuen arrasto sakonena, baina. Goizeko bederatziak jotzeko ordu laurden falta zen egun hartan. Hegazkin italianoek 15 tona bonba jaurti zituzten Durango gainera.
Bonbardaketa ostean, dozenaka gorpu atera zituzten hondakin artetik erasoari bizirik eutsi ziotenek.
Bonbardaketa amaitu zutenean, ehiza-hegazkinak 400 bat metrora jaitsi eta jendea metrailatzen hasi ziren. Arratsaldean, beste eraso bat jasan zuten goizekotik bizirik atera zirenek. Eguna bukatzerako, hirigune zaharraren %70 suntsitu zuten eta 336 hildako eragin. Apirilaren 4ra bitartean, bonbardaketa gehiago nazitu zituen herrian. Hurrengo hilabetean zartatu zituzten Jarindotik hasi eta Gorbeia bitarteko mendi tontor guztiak, Elgeta, Elorrio Eibar...
Goiz eta arratsaldeko bonbardaketek suntsituta utzi zuten Durangoko erdigunea.
Eibar erori da
1937ko apirilak 25 zituen.Italiako hegazkinak Soriako airedromotik heldu ziren Eibarrera, 7 tona bonba hartuta. Herria ebakuatuta zegoen, baina dozenaka hildako eragin zituzten hala ere.
Eibarko O'Donell kaleko babeslekua, bonbak zulatuta. INDALECIO OJANGUREN
1936ko irailetik, Gipuzkoa faxisten esku zegoen ia erabat. Eibar-Elgeta zen erresistentzia puntu bakarra herrialdean, eta erabat suntsitzea erabaki zuten frankistek. Gernika txikitu zuten egun berean hasi ziren airetik eraisten Espainiako II. Errepublika aldarrikatzen lehena izan zen hiria..
Apirilaren 25ean, bezperan bezala, Italiako armadaren hegazkinak Soriako (Espainia) airedromotik heldu ziren Eibarrera, 7 tona bonba hartuta. Herria ebakuatuta zegoen. San Andres eliza eta eraikin gutxi batzuk bakarrik geratu ziren zutik hiriko kaskoan. Gipuzkoako azken herria faxisten eskuetan zegoen. Bizkaia zigortzen segitu zuten Francoren nazioarteko laguntzaileen hegazkinek.
Honela utzi zuten Eibar hegazkin italiarrek.
Gernikako sarraskia
Durango eta Eibar txikitu ondoren, airez erasoan segitu zuten matxinoen aliatuek, Bermeo, Dima, Zeanuri eta inguruko herriak jotzen. Eta Gernikako sarraskia etorri zen.
5.600 bat biztanle eta martxoaren 31tik aurrerako ofentsibatik ihesean bertaratutako errefuxiatu eta bisitariak gehituz, 10.000-12.000 pertsona zeuden herrian azoka egun hartan. Aleman eta italiar hegazkinek parte hartu zuten bertan.
Gernika suntsitzen abioi alemanak eta italiarrak elkarlanean aritu ziren.
1.645hildako
Eusko Jaurlaritzak 1937ko ekainaren 11ko txosten batean erregistratu zuen biktimen kopurua Gernikan. Lekuko zuzenen testigantza guztiek zifra hori baieztatu zuten, propaganda faxista kopuruak ezerezten saiatu zen arren.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, 889 pertsona zauritu ziren gutxienez egun hartan.
Azken kondarrak
Bizkaiaren konkistaren amaieran, Bilboko Burdinazko Gerrikoa zartatzea izan zen buruzagi frankisten helburu nagusia, eta gerrikoaren inguruko herriak jotzeari ekin zioten. Zornotza, Galdakao, Bizkargi mendia, Mungia... Bizkaia osoa menderatu arte ez zioten utzi aireko zigorrari. Horrek izu kolektiboa eragin zuen zibilen artean, garaiko testigantza ugariek argi utzi dutenez.
Bilbo, 1937ko udaberrian, setio frankistak zartatuta. ROBERT CAPA