1 / 5

Fronteak

Estatu kolpeak Bizkaian eta Gipuzkoan porrot egin ondoren, bi herrialdeok konkistatzera abiatu ziren kolpistak. Gipuzkoan gertatu zen lehendabiziko gerra ukaldia.

Lau fronte lerro nagusi markatu zituen 36ko gerrak Euskal Herriko lurretan. Bidasoakoa izan zen lehena, eta Bilbon eta inguruetan azkena.

Kolpe militarra gertatu orduko, milaka euskal herritar mobilizatu ziren. Argazkian, frankisten kontrako miliziano talde bat, Alegian (Gipuzkoa), fronterako bidean.

Gipuzkoaren konkista

Uztailaren 27az geroztik, Aritxulegitik, Goierritik eta Urtotik barrena sartu eta herrialdea konkistatzen saiatu ziren Nafarroatik abiatutako Beorlegi, Ortiz de Zarate, Cayuela eta Tutor koronelak.

Airetik, itsasotik eta lurretik jo zuten erasoa faxistek. Almirante Cervera, España eta Velasco gerra ontziek lan nabarmena egin zuten arlo horretan. Bi hilabete behar izan zituzten helburua lortzeko.

Bidasoa aldean, abuztu erdialdea arte eduki zuten frontea geldirik. Irailaren 5ean erori zen Irun kolpisten eskutan. Hiria utzi baino lehenago, miliziano anarkistek su eman zieten hiriko kale nagusiei. Hilaren 13an, Donostia erori zen. Erasotzaileek mendebalderako bideari eutsi zioten, erresistentzia handirik jasan gabe. Azkenean, Elgeta eta Eibarko mugetan ezarri zen negu osoan iraungo zuen fronte lerroa. Gipuzkoa ia osoa mendean zuten faxistek. Baita Frantziarako pasabidea ere.

Irun irailaren 4an hartu zuten frankistek. Bideoan, garaileak.

Donostia irailaren 13an erori zen. El Diario Vasco egunkariak honela jaso zuen albistea biharamunean.

Legutioko erasoa

Azaroaren 30ean ekin zitzaion erasoari. Hamar egunen buruan bukatu zen ofentsiba, frontearen hasierako posizioan. Gasteiz eta Miranda Ebro konkistatzeko ametsak erabat ustel gertatu ziren. Errepublikako militarren planak porrot egin zuen. Ehunka euskal herritar hil ziren gudaldi hartan. Eta neguak geldialdia ekarri zuen frontera.

Legutioko gudaldia 1936ko udazkenean gertatu zen. Argazkian, erreketeak, Arabako herri horretako plaza hartu berritan. CEFERINO YANGUAS

Bizkaiko ofentsiba

Martxoarekin ekin zion Mola jeneralak menderatzeko zeukan azken euskal probintzia, Bizkaia konkistatzeko ofentsibari. Apirilaren 24a eta 26a bitartean hautsi zuten faxistek Bizkaiko frontea. Gernika sutu zuten azken egun horretan, eta aurrerakada handia egin zuten. Maiatza hasi zenean, Bakio eta Zornotza inguruan zeuden fronte lerroak. Behin haiek hartuta, Bilboko Burdinazko Hesia bihurtu zen hurrengo helburu militarra.

Bizkaiko ofentsiba 1937ko udaberrian hasi zen. Argazkian, gudari bat Sollubeko baserri batean, atseden hartzen.

Burdinazko hesia, eraitsita

Alejandro Goikoetxeak zuzendu zuen Bilboren babeserako ingeniaritza lan haren gauzatzea. Zati batzuk gaizki egin zituen propio, eta 1937ko otsailean desertatu egin zuen, plano eta agiri militar ugari berekin eramanez.

Beren indar guztiak erabili zituzten frankistek azken txanpa hartan: nafar erreketeak, Afrika iparraldeko tropak, soldadu matxinatuak, Italiako brigadak... Airez, alemanak batik bat. Mola aireko batean zihoala hil zen, istripuz, ekainaren 3an. Hegazkin faxistek ez zioten utzi Bilbo setiatua zigortzeari, hala ere, bilbotarren eta frankistengandik ihesi bilbotartutako dozenaka mila errefuxiaturen amesgaiztorako. Ekainaren 11n zulatu zuten hesia, Goikoetxeak bukatu gabe utzitako Fikako zatitik. Ekainaren 19an hartu zuten frankistek Bilbo. Bizkaia konkistatua zuten ia erabat.

Bilbo Txorierritik eta Galdakaotik babesteko hesiak 80 kilometroko perimetroa zeukan.