1936ko uztailaren 19an, milaka errekete bildu ziren Iruñeko Gazteluko plazan, kolpisten alde borrokatzeko prest.
Odolez okitu
I.-ko Bakartiya
(ezezaguna)
Napar gogorren iri nagusi
Iruña izena dun hartan
izugarriyak gertatu dira
guda iguingarri honetan.
Iri orretan azaldu zan bein,
gudate honen aurrian,
bertan bizi zan gizon zintzo bat
itota ibai-bazterrian.
Bere idazkolan ugazabentzat
ziardun ayen lanekin;
deitu ziyoten eta juan zan,
inork eztaki norekin.
Guda asi eta berek diyoten
garbiketak egiteko,
itota il zuten aren semia
eskeñi iltzalletarako.
“Gorriyek aita il baitzidateken
-ori gauza ageriya dek-,
eunka nik orain ilko dizkiyat”
esan zuban mutil arek.
Egin re bai. Errugabiak
eunka ziran an erori;
odol egarriz, odola arek nai
oraindik geyago ixuri.
Baña obenak zigorra dakar
egin dunaren gañera;
il zitubanak badatozkiyo
gau ta egunez gogora.
Ez lo ta ez jan il da azkenian,
ikaraz il da mutila.
Gezurtzat jotzen duna galdezka
Iruñan asi dedilla.
Kolpisten esku geratutako eremuetan gertatzen hasi ziren erailketen albisteak abiada bizian zabaldu ziren batetik bestera.
Atxurra ta pala
Agustin Zinkunegi
(Andoain, Gipuzkoa, 1914 - 2002)
Ukuillutik arturik
atxurra ta pala,
gu sartzeko zuloa
egin bear zala.
Gizona tratatzea
erru gabe ala,
uste det ezer bada
pekatua dala.
Falangistak Donostiako kaleetan desfilatzen. 1936ko irailaren 13an sartu ziren Gipuzkoako hiriburura. KUTXA FOTOTEKA
Faszistak Donostian
Nemesio Arizmendi Atarrene
Faszistatarrak asi dirade
Donosti dena lapurtzen
abertzalien etxe ta denda
ondasun danaz jabetzen
Ez dakizute Jaunan legiak
ez dula ori agintzen?
Oroitu danak gauzak ditula
jira ta bira egiten.
Gauza guziak ludi onetan
badute beren aldia
ala zuentzat etorriko da
naiko ixtillu gorria
Orduantxe bai faszistarekin
egingo degu peria:
karka danari esanez dala
txandan txandan odolkia
Gure urrengo Donosti ortan
egingo degun sarrera!
Jirako degu gure erria
ipurdiz gora ta bera.
Ikusiko da karkakumiak
an egindako papera:
nere etxe ordez artzekoa naiz
ango txalet ederrena
Nere dendatxo txiki maitea
dutela dena lapurtu,
orixe ere egin dutela
lengoan degu jakindu.
Orregatikan ez da Atarrene
ezertarako larritu:
ordañez Abenida erdian
aukeran izango baitu.
Diru guzia lapurtu dute
irratiz esan digute,
orretan ez du nere sakelak
izango ezertan kalte,
diru kontuan ez baigabiltza
beñere nai bezain fuerte,
ne' diru billa joan badirade
petardo ona artu dute!
Kolpisten aldeko indarrak Nafarroatik Gipuzkoarako bidean jarri orduko, milaka miliziano boluntario joan ziren haiei aurre egitera. Argazkikoak Alegian daude. KUTXA FOTOTEKA
Laban daukagun opille
Esteban Uriarte Utarre
(Dima, Bizkaia, 1894 - Bermeo, Bizkaia, 1947)
Estuntza txarrik ezautu bada
sekula Euskal Errian
oraintxe gagoz estu benetan
itsaso bien erdian,
kanpotik daukuz arerijuak
baita etxe barrenian
geuri burua austeko gertu
usterik gitxienian,
augatik gagoz sarri ixillik
itz eiñ biar geunkenian
Batzuentzako miñ andia da
gure gauzak ikustia
itxura danez gure gauzona
eurentzako da kaltia
noizik beiñ jaurti arrikada bat
ta eskuak gordetia
erakusten dau dabiliena
guzurre eta nastia,
usterik bako egunen baten
agertuko da gustia.
Soiñ asko dagoz lutoz jantziak,
begi askotan negarra,
baña ez aztu Larrazabalgo
aita Sabinen diadarra.
Seme leialok gertuak gagoz
zaintzeko gure Ama Zarra,
alperrik dagoz Alemania,
Portugal eta Italiarra,
geu il ezian ez da galduko
Euskalerriko indarra
Gora euskotar abertzaliak
gudari ta eusko langille
iñor ez dua geu ez bagara
gutzat gauzonaren bille.
Begiak argi, adiña garbi
mingaiña ixil-ixille,
garaian gagoz erakusteko
zein dan eiztari abille:
zutik guztiok iñork jan barik
laban daukagun opille.
Intxortako frontean borrrokatu ziren Euzko Gudarozteetako gudariak, Elgetan. ELGETAKO UDALA
Eusko gudariak
(Jose Maria Garate / Alejandro Lizaso / Basilio Pujana)
Eusko gudariak gera
Euskadi askatzeko,
gerturik daukagu odola
bere aldez emateko.
Irrintzi bat entzun da
goiko tontorrean,
goazen gudari danok
ikurriñan atzean.
Faszistak datoz eta
Euskadira sartzen,
goazen gudari danok
geure aberria zaintzen.
Gure aberri laztanak
dei egin dausku-ta,
goazen gudari danok
izkilluak artuta.
Arratiarren borroka
izan da Intxortan,
Mola ta errekete
gelditu dira bertan.
Ikurriña goi-goian
daukagu zabalik,
ez da iñor munduan
eratsiko dabenik.
Nai-ta etorri Mola
ta milla rekete,
ez da iñor sartuko
bizirik garen arte.
Agur Intxorta maite
gomutagarria,
Arratiar mutillaren
Garaitza tokia.
Ez da sartuko iñor
ez Euskal Errian.
eusko gudariren bat
zutik dagon artian.
Heinkel He-111 hegazkin borbardatzaile bat, barrenak husten.
Bertso berriak Kamaluatik
Andoni
(Ezezaguna)
Egazkintzarrak bonbaz beterik
odei mokorren artian,
millaka mina itsasoan ta
sumarinuak urpian,
oyek gertutzen ibilli dira
joan daneko aspaldian,
moro ta aleman, italiarrak
faxista oyekin tartian.
Abenduaren ogeita seian
lendabiziko bisita,
goitikan bera abitu ziran
euren mendiak utzita,
San Andreskoak tinko egonik
bazetozela ikusita,
oyek etzuten asko usteko
"zu ala geonik" jarrita.
Guziak ziran irureunen bat
bi erronkan ornituak,
gu zapaltzeko itxaropenez
arrotuz euren buruak.
San Andreskoak etzegozan lo,
baizik ondo armatuak,
oso laister makurtu zirian
faxistan buru arruak.
Irurogeita hamabost illak,
eun eta geio zauritu,
euren buruak orla ikusirik
ezin aurrera jarraitu.
Batzuk batetik, bestek bestetik,
atzerantz ziran abitu,
orlako zurra eramaterik
etzuten asko pentsatu.
Lenenik oyek pentsatzen zuten
ilko giñala guziak,
baño oraindik gure kuadrillan
bagera gizon biziak.
Indar aundiko armak daukaguz,
soñean ondo jantziak,
gure menpe geldituko dira
rekete anker guziak.
Emilio Mola Vidal jenerala (argazkian, Francisco Francoren ezkerretara, erdi jauzika) 1937ko ekainaren 3an hil zen, hegazkin istripuz.
Txoritik erorita il omen da Mola
Zorrotz
(Ezezaguna)
Berri bat pozkarriya
etorri zaigula
guretzako txarrena
biñipin ez dala:
Euskadin aurkalari
amorratu zala
txoritik erorita
il omen da Mola
Nik gogoan det arrek
idatzi zuana
Bizkaia makurtzeko
aguro arena
bestela txikituko
zigula dan-dana
orain il omen da ta
izango du lana
Txikituta utzirik
erriyak osuak
baita kiskali ere
larre ta basuak
gu gaizki utzi gaitu
emandako suak
etzaizka ondo irten
oraingo pausuak
Eman bihar zitula
suak eta garrak
auek ziran orduko
Molaren indarrak
orain egin ditula
oso pauso txarrak
bera il da oraindik
bizi euskotarrak
Orra Mola jauntxuak
zer lantegi zuan,
txikitzeko asmuak
baitzeuzkan buruan.
Egazkiña galduta
erori lenguan,
geigo gerrarik ez du
emango munduan.
Frontea urrutiratu eta frankisten jazarpen makina gerturatu ahala, milaka emakumek eta haurrek ere bakar-bakarrik egin behar izan zioten aurre galtzaileen eguneroko latzari. Argazkian, 1937ko Bilbo ageri da.
Alargun zoroarena
Telesforo Monzon
(Bergara, Gipuzkoa, 1904 - Baiona, Lapurdi, 1981)
«Etxebeltz» baserriko
Alargun zoroa,
egunez ez ageriko...
Gauaz irtetzen sorora...!
Ta illuna zulatuaz
irrintzi zorrotzez
bere itzok egazka doaz
mendiz-mendi, oiartzunez:
«Ni naiz, ni —dio— alargun zoroa!
Senar ta iru seme batean galdua...
Aien oiak oztu dizkik, guda madarikatua!»
Bel-beltzez yantzi, illeak aske utzi,
egunaz gau egin ta gauaz irrintzi...
«Non dira beste zoro oiek, gudan nai zutenak asi?».
Gipuzkoatik ihes egindako emakume adindu bat, Hendaiako hondartzan, goian zerua eta behean lurra besterik ez zuela.
Ardazle sarraren abestia
Urruiña
(Ezezaguna)
Seaska ondoan
Seintxu maitia
Ardazkatzen dot
Neure il-yantzia.
Begira egizu biotza
Ze arin doian bizia,
Urre dago eriotza
Niretzat behintzat ez urrun.
Batzuk badoiaz
Bestiak datoz,
Ni biar noia
Zu orain zatoz.
Barre, maitia?
Ondiño txikiña zara
Negar eiteko...
Samiña da bai negarra.
Barre egizu kutuna,
Beste iñork ezin alaitu
Nire biotz min ituna
Zuk, bai, alaituko dozu.
Lo lo egizu later da gaua;
Gaua zuretzat.
Eriotz samin mingotz mingotsa
Amonarentzat.
Egizu lo, lo.
Ardatz soñuak
Esnatu laga
Lo, lo, seintxua.
Begietara
Lua yatorkit;
Lo, lo, aurtxoa
Amonatxokin.
Lo, lo maitia.
Lo, lo, biotza.
Lo, lo, urtu dedin
Barrengo izotza.
Fronteko irudia. Euskal herritar asko boluntario joan zen gerrara. Beste asko, berriz, behartuta.
Tiro tartean bertsotan
Patxi Lazkano Otxoki
(Altza, Gipuzkoa, 1916)
Milla beatzireun da
oi ta emezortzi urte
Kristo jaio zanetik
onera arte;
gerr'au dabillela're
bi izan biaute,
nere entendimentuak
ala esan naute.
Legerik ez bete,
ordenak aparte,
juramentu fuerte,
Españiya'n parte,
gezurtzat alferrikan
ukatzen dute.
Askok esaten dute:
«Au negoziyua!
Nik badet Jainkuakin
partiziyua!»
Zuzen artu ezkero
deklaraziyua,
geienak Judasekin
dute soziyua.
Zer ofiziyua!
Oin kondiziyua
da ernegaziyua,
ez deboziyua,
euskaldunen kontrako
traiziyua.
Euskaldunaren kontra
badaukate griña,
asko ori ez degu
pentsatzen baña;
gauza guziyak badu
munduan tamaña,
guretzako dutena
sufritu eziña,
aspaldi egiña;
nik daukaten miña,
edozeñek aña,
biartua zaña;
billatu egin bear
orren ordaña.
Milaka gerra preso espetxera sartu zituen Francisco Franco jeneralak, baldintza oso gogorretan. Argazkian, Ezkabako gotorlekuko (Nafarroa) presoak, jatordua prestatzen.
San Blasko Anttoniori
Luis Rezola Tximela
(Tolosa, Gipuzkoa, 1914 - Villabona, Gipuzkoa, 1993)
Astera niak kantari,
pasadizoa kontari,
mundu onetan gertatu zaidak
amaika komeri.
Bañan etzaidak komeni
or esatea iñori;
alkartu arte bertso oik gorde,
aiskide Andoni.
Iregandikan aparte
nagola ia bi urte,
oraintxe ere alkarren berri
etzekiau bate.
Nik emen eskutan kate,
ondo lotuta ankak e;
i onezkero jarriko intzan
Tolosan alkate.
Laga badek baserria,
orain lantoki berria,
nolanai ta're jantziko uan
txapela gorria.
Negarrez zegok erria,
gauza errukigarria;
bazegok pixkat, poztuko bada,
or gure premia.
Inguruko baztar guzik
anai-odolez igurtzik;
gezurra dala esaten baitek
bizkarren jo itzik.
Ik ez artu oien gaitzik,
lengo bideak jarraitzik,
baldin txapela aldatu badek
ez dadukak lotsik.
Errira zeudek eskatuk,
ala enteratu gaituk,
paperen batzuk, ikus dezaten
nola geran oituk.
Zentzuk ez bauzkak nekatuk,
ondo ipiñi pekatuk;
ez aiz gizona, informe txarrak
bialtzen badituk.
Erorrek dakik ondona
informeak egin nola;
oroitu adi kulpa aundi gabe
kartzelan nagola.
Batere ez bazaik ajola,
alperrik ari nauk ola;
bañan au ez dek neri tokatzen
zitzaidan kaiola.
Emango diat aitzera
prisionero naizela,
iltzen banaute ondorengoak
kanta dezatela.
Erioztarren antzera
sartu natxotek kartzelil.,
garai batean Iparragirre
Tolosan bezela.
Natxok bizitza beltzean,
Dondai zarraren antzean,
arri-burnizko kaiol ezpatak
aurrean da atzean.
Begiratu txar muitzean,
bizia zeukat utsean,
au dek gizona katez lotzea
mendi gurutzean.
Orra egin gabe kalterik
ezin iriki aterik,
lau illabete ontan ez diat
ikusi atarik.
Inpernun natxok bizirik,
dana oñazez beterik,
ama ikusteko ilusioa
etzeukat besterik.
Ez bada uste, Andoni,
emen nagola ondo ni:
garbantzo erdi gordiña eta
zatitxo bat ogi.
Lenago kolorez gorri,
orain zuriak etorri,
aman itzala zer dan ondo nauk
kontuan erori.
Baldin badaukak aukera,
bialdu, motel, okela;
pentsatzen natxok laister goseak
il bear nautela.
Gorputzez nago motela.
izketan erdi totela,
mutil gaztea indartutzeko
au dek, au, otela!
Atza zeukat beatzetan,
zorriak berriz galtzetan,
au nekin aña ez dek saiatzen
zozoa matsetan.
Gau erdian ametsetan,
goizaldera tximutxetan,
beste gauzarik ez dek arkitzen
orlako etxetan.
Itzak ez badu garrantzík,
orain eskatuko ditzit,
alkandora ta bi musu-zapi,
al badek, bialtzik.
Etzeukat neronen galtzik,
soñekoak bestek utzik,
puzkar-butroia pare bat eta
oiek ere autsik.
Anketan zeuzkat gauz fiñak:
egurrezko espartziñak,
kristal puskakin eskuz neronek
pazientzin egiñak;
paperezko galtzetiñak,
kolorez zuri-urdiñak,
eskerrak nere ankik eztula
ikusten ebiyak.
Al dekena bial zak ik,
ez beintzat jarriaitzekik,
oñetatik zer sufritzen dedan
iñork ere etzekik.
Orduak dituk luzetik,
egunak berriz gosetik,
amaika negar gaur iregana
baziak Duesotik.
Amaseigarren bertsuan,
nai badek esan auzuan
lagun bat nola arkitutzen dan
goseak Duesuan.
Esan zak biotz osuan:
"Au ark merezi etzuan";
gaiztoangatik onak pagatzen
dula geientsuan.
Zeñi zer esan kontua
euki zak ondo artua,
itz batengatik etorri leikek
komeri santua.
Sendatzen ez da txartua,
zetozen batzun txertua,
al de batera ez natxok damu
kartzelan sartua.
Lur ori zapal nai nikek,
zer gogo dedan baikikek;
joango nauk berriz, ez banau iltzen
balak edo gripek.
Ire lagun aberkidek
au ere desio likek:
oraindik ere bizi naizela,
galdetzen baditek.
Jaunak lagundu gaitzala,
pake on bat egin dezala,
bestela beintzat bazetorkidak
betiko itzala.
Jenioz natxok zitala,
soñean zorri kintala,
burrukan berriz ibillia dek
nerekin fiskala.
Jueza ere ementxen nian
fiskalan aldamenian;
alare ez nauk asarre, ontan
utzi nautenian.
San Migel iñularrian,
situazio txarrian,
nik zekit zenbat gauz pasatu zan
nere barrenian.
Geroztik beti elurte,
pizti bezela naukate,
preso betiko ni eukitzeko
as moa daukate.
Bizi guziko giItzape
penagarria litzake,
geiago San Blas ikusi gabe
ilko banintzake.
Nola aste ala jaietan,
baserri maite oietan,
urruti gabe or nintzan beti
edo geienetan.
Goxo pozik jolasketan
ibiltzen nintzan gaztetan,
amaika xalto aterea naiz
goiko belazetan.
Lenago aman onduan
ezerren paltik ez nuan,
bertsoak jartzen bururik ez nun
nekatzen orduan.
Orain mixeri osuan,
salda beroa auzuan,
gose negarra beste gauzarik
ez dago Duesuan.
Ixilka irakurtzeko,
nolaz nagon igartzeko,
orra ogei ta lau bertso jarri
iri bialtzeko;
pake denboran saltzeko,
salda beroa artzeko,
nai dun guziak bina erreal
orri bakoitzeko.
Gerra presoak, frankistentzako esklabo lanak egiten, zehaztu gabeko Espainiako leku batean.
Andaluzian
Basilio Pujana
(Zeanuri, Bizkaia, 1913 - 2005)
Iru egun ta lau gau zirean
biaje gogor luzian,
uste genduan denpora ortan
eldu giñala Rusian.
Beste batzuek esaten eben:
«Gitxienez bai Asian»,
eta azkenez agertu giñan
or dagon Andaluzian.
Sebilla ortan agertu giñan
ate ta leio josita,
andaluz orreik erruki ziran
gu orrela ikusita.
Ango jenteak eroan eban
ain desengañu galanta,
gu adar barik ikusteagaz
adardunak giñala-ta.
Okupatzaile alemanek bandera nazia Hendaiako (Lapurdi) mugan zabaldu zuten egunean, 1940ko ekainaren 27an, espainiar mugazainak zorionak ematera joan zitzaizkien Irungo (Gipuzkoa) aldetik.
Mendiak su
Xabier Iratzeder
(Donibane Lohizune, Lapurdi, 1920 - Beloke, Lapurdi, 2008)
Anaia, beha nerekin Mendi haukien ederra:
Sorbaldak hezur badaude eta burua zoin gora,
Altzoan diren etxetan ezin sartua beldurra.
Iragaitean lanoak ari zaizkote fereka,
Mendeal eta hegoak soinuz errekaz erreka,
Eta goizeko argia su-pindarretan musuka.
Gerlak jin eta gerlak joan. Mendiak xutik egoki.
Bi aldeetan Semeak dena odol hil izaki,
Eta daldara bat gabe patxadan daude lasaiki.
Hemen bazine, Anaia, mendi buruen pizteko!
Lo dauzi... eta gazteak hoztu ala hil baitzaizko,
Euskal-Herria ari da, histen, arrozten betiko...
Bizi garenak hotz gaude; zuk, bil zazu, bil, Anaia,
Gure zaintzeko, dena su, erori uzta nasaia;
Bil zuen gogo kartsuen aize zirimol arraia.
Sistuz inarros zatzue Mendi harroka zaharrak!
Eta, iratzar ditezen bihotzak eta hezurrak,
Mendi gaineri burrunban doazkotela su garrak!
Jean Ibarnegarai (Uharte Garazi, Nafarroa Beherea, 1883 – Paris, 1956) diputatuak bat egin zuen erabat espainiar militar kolpistekin, 1939ko otsailaren 24ko Eskualduna aldizkarian argitaratu zuen Arriba Espana! artikuluak argi asko uzten duen bezala. Alemania naziaren tropek Frantzia okupatu ostean Philippe Petainen agindupean sortu zen gobernu kolaborazionistako ministro izan zen.
Diputado fiña
(Anonimoa)
Ibarne, Ibarne,
republiken etsai,
Eskualerrin erne
zan Ibarnegaray.
Diputado fiña
izan bear omen zun,
zimaurrez egiña
askoz obe gendun.
Erbetarren alde
joka behar zuala
esan-ta, bertzalde
joan da, zer azala!
Faszistekin baltzan
dabil ezkeroztik
gezur eta fartsan
ez dago oberik.
Erriyaren aldun
izan bearrean
Dourceles-en lagun
nayago du izan.
Lagun ere ez da
morroitxoa baizik.
Ibarne, Ibarne!
Bai al dezu lotsik?
Edo zentzuz antzu
gelditu al zara?
Nola zoaz faltsu
orien aldera?
Euskaldun semea
libertade aurka!
Arbaso legea
darabil adarka.
Zoaz, bai, Ibarne,
Doixlande aldera
zu lakoak erne
oi diren lurrera...
Fürer-i gibela kuztera!
Adolf Hitler eta Benito Mussolini elkar agurtzen, 1934ko ekainaren 14ean, Venezian (Italia). Francori elkar hartuta lagundu zioten, eta II. Mundu Gerran ere bat etorri ziren.
Mussolini ta Hitler bertsotan
Iñaki Eizmendi Basarri
(Errezil, Gipuzkoa, 1913 - Donostia, Gipuzkoa, 1999)
Mussolini
Itali aunditzea
nai nuke nik laister
Agertu dedin guziz
indartsu ta eder;
Gauzak pentsa ditzagun
beiñ eta bi bider
Kukuak jo ez dezan
uste-gabe oker,
Konpondu bear degu
adiskide Hitler!
Hitler
Iñola ezin dezu
ezer zeuregandu
¡Ai! txakur saunkariak
gutxitan eltzen du:
Nik egiten dedana
egingo ba'zendu...
Ixilik egon baña
al danari eldu...
Nere kukuak beti
alai abesten du.
Mussolini
Tunez eta Corcega
al bada geiago
Tokatzen zaizkidala
uste ortan nago.
Zure laguntza nai dut
lan orretarako,
Bakarrik ez dut jo nai
nolanai “ordago”,
Daladier zar ori
arrotuta dago!
Hitler
Austria bildu nuen
lengo egun batean
Gero “Sudetak” berriz
neuk nai nuenean.
Orain Txeko guziak
neronen mendean,
Zuri ezin lagundu
au dan bitartean,
Lanik asko ba-daukat
Poloni aldean!
Mussolini
Chamberlain ori ere
bai bapo mugitu,
Atxoan gonapean
eztu nai gelditu.
Azkenengo iltzaldiak
izutu al zaitu?
Europa'ko urreak
berekin or ditu,
Demokrazi ardatzak
zapalduko gaitu!
Hitler
Ba-kizu Memel ere
artu dedala nik
Ta laister kontu eman
bear dit Poloni'k
Ez pentsa zuen gixa
olloak geranik
Naiz burua makurtu
lagun Mussolini'k,
Eztu menderatuko
iñork Alemanik!
Mussolini
Inglaterra degu bat
bigarren Prantzia
Poloni ta Rumani
Turki ta Rusia.
Rooselvet an daukagu
etsai nagusia,
Ia damutzen zaigun
nolanai asia...
Geure aurka baitegu
deabtu guzia.
Hitler
Neri deitu didazu
ola mintzatzeko,
Negar ustel eginda
malkoak kentzeko;
Aizer gizonak zuek
laguntzat artzeko,
Ta diña ziñateke
adarra jotzeko,
Lengo gerlan bezela
guziok saltzeko!
Mussolini
Hitler etzaite mintza
panparroi moduan
Zuen bildur ez gera
gabiltzan lekuan;
Danen gañetik gaude,
artu au kontuan,
Erakutsiko degu
bear dan orduan
Itali añakorik
eztala munduan!
Hitler
Ez gaitezela beintzat
ur gutxitan ito
Emandako itzetan
jarrai zagun zintzo.
Ta gure ardatzari
nork esan gaur izo?
Gaizki esanak barka
gañontzean kito,
Ekatzu esku ori
lagun zar Benito!
Okupatzaile alemanen aurkako borrokan egindako lanagatik, Charles de Gaulle buruzagi militar frantsesak atzerriko gudariak ohoratu zituen ekitaldi ofizialean, tartean Hego Euskal Herrikoak. Ekitaldi horretako argazkian, Carlos Igiñiz gudaria ikurrinari eusten ageri da, kaskoa buruan, bigarren planoan.
Aurrera, Frantze aundia!
Joan Ezenarro Txori Txiki
(Antzuola, Gipuzkoa, 1890 - Irun, Gipuzkoa, 1945)
Urteak ditun
Frantze maite,
Irun-en neukan kabitik,
agur gozo bat
biali niñan,
maitasun liliz nasturik.
Aldi aietan,
eure semeak
yoka zitenen bizia,
askatasunak
zabaldu zezan
ludi guztian argia.
Gaur kabitxoa
Hendayan zion,
t'eskeintzen diñat bertatik,
biotz osoan
maitasunakin
neure laguntza poz-pozik.
Orduan lez, gaur,
eure semeak
bizia diten yokatzen.
Gizalegezko
bide zuzena
uriak yarrai dezaten.
Uztez betiko
zapaldu yonan
Gizalegean etsaia,
bañan gorroto
zitalak berriz
eman oizion bizia.
Or agertu don
arro ta tente
Ludia nairik menpetu,
Indarlegean
bizi gaitezen,
Gizalegea zapalduz.
Alperrik, bañan,
alegin danak,
naidun guztia-egiteko,
eure semeak
erne zauden ba
Indarra zapaldutzeko.
Arroa danak,
bere legea
indarrez naidin zabaldu,
bañan indarrez
nausi naidunak,
indarrak oidin zapaldu.
Etorrikoitun
egun samiñak,
ixuriko don odola;
bañan biotza
garbi dutenak,
oyuko diten... Aurrera!
Aita-ama zarrak
bakar-bakarrik,v
iñoiz arkitzen badira,
besarka baten
biak alkartuz,
esango diten... Aurrera!
Guda lekutik
datoztenean
Aitan berriak etxera,
seme txikiak
idatziko din...
Aita, aitatxo.. aurrera!
Permisioner
datorrenean
maiteñoa'ren ondora,
muxu gozo bat
eman ondoren,
esango zion... Aurrera!
Artzai'rik gabe
arkituko don
artaldetxoa mendian,
bañan bildotxak
beuden izkeran
esango diten... Aurrera!
Sasirik-sasi
alai dabiltzan
txoriño danak batera,
egun sentia
datorrenean
abestukoiten... Aurrera!
Baso ta zelai
arin dabillen
errekatxoan mur-murrak,
ixildu gabe
abestuko din...
Zar ta gazteak... Aurrera!
Aurrera beti
gizon sendoak!
Aurrera biotz garbiak!
Beti-betiko
zapaldu arte
Gizadia'ren etsaiak.