Zergatik
1936ko uztailaren 17an hasi zen dena. Militar talde batek armak hartu zituen, hautetsontzietan aukeratutako Espainiako Gobernua kargutik kentzeko. Kolpe horren zergatiak aztertuta, segidan ekarri zituen gerra eta diktadura soka errazago uler daiteke.
KOLPEAREN SOKATIK
Ordu gutxian irauli zuten dena. Espainiako armadako jeneral batzuek estatu kolpea eman zuten. Bozkalekuetan aukeratutako gobernua kentzea zuten jomuga. 1936ko uztailaren 17an Afrikan hasi, eta 18an penintsulara egin zuen; ez, haatik, espero zutena lortu. Erdibidean geratu ziren. Atzera egin beharrean, ordea, aurrera jarraitu zuten: gerrarako deia egin zuten.
1939ko apirilaren 1era arte iraun zuen gatazka militarrak, historia liburuen arabera. Iluntzean, kolpisten irratiak azken gerra partea eman zuen: «Armada gorria gatibu eta armagabeturik, tropa nazionalek azken helburu militarrak hartu dituzte gaur. Gerra amaitu egin da». Errepresioa, baina, ez zen amaitu: 36 urteko diktadura heldu zen.
Estatu kolpearekin lurra hautsi zuten. Frontean hondeatutako lubaki askoren arrastoak desagertu dira, urteen joanarekin. Ez, ordea, lubakiekin batera ireki ziren hainbat zauri. Zenbait adituk 1936ko estatu kolpearen eta gerraren zergatiak aztertu dituzte BERRIArentzat, haren garapena, baita gatazka militarrak orduko gizartean izan zituen eraginak xehatu ere.
Nazioarteko egoera
«Nahas-mahas maltzurra»
«1936ko estatu kolpea ezin da ulertu II. Errepublika garaiko nazioarteko testuingurua aztertu gabe». Emilio Majuelo NUPeko Historia irakaslearen iritziz, «nahas-mahas maltzurra» zen nagusi Espainiako lehen erregimen demokratikoa ezartzen hasi zenean.
Alde batetik, Europa kapitalista krisialdi sakonean zegoen orduan. 1929an, finantza merkatuaren erabateko beheraldia gertatu zen AEB Amerikako Estatu Batuetan, eta horrek eragina zuen gainontzeko herrialdeetan. Europako inguruko herrialde batzuek geldialdi ekonomikoa sumatu zuten, eta beste batzuk krisian sartu ziren. «Gero eta jende gehiago zegoen, baina askoz baliabide gutxiago zituzten haien artean banatzeko».
Bestetik, nazioarteko egoera politikoa nabarmendu du Majuelok. I. Mundu Gerraren ostean, Europako mapa berri bat sortu zen. Demokrazia asko sortu ziren 1923tik aurrera, baina 1930erako ia denak bertan behera geratuak ziren. Gogora ekarri du beste fenomeno batzuk agertu zirela krisi politiko hartan: diktadura berriak. «Ez ziren betiko diktadura militarrak; faxismoak bultzatuak ziren, Italian hasieran, eta Alemaniara eta Austriara heldu ziren gero».
Errepublikaren lana
Erreforma sakonak
Nazioarteko egoera horretan hasi zen lanean Espainiako II. Errepublikako lehen gobernua. «Arazo guztiak oinordetzan jaso zituen orduko gobernuak», oroitarazi du Majuelok. Aurrean zituen arazo haiek askotarikoak eta sakonak ziren. Lehenik eta behin, demokrazia ezarri behar zuen; eskubide politikoak herritar guztiei aitortu, emakumeak barne. Horrek isla behar zuen konstituzioan. Konstituzioa aldatu eta gero, baina, beste arazo bat agertu zen: lurraldetasuna. Majuelok azaldu du inork ez zuela eredu zentralistarik buruan, eskuin muturrak eta kontserbadoreek izan ezik.
Alternatiba, ordea, ez zegoen argi, NUPeko irakaslearen ustez: erregimen konfederatuaren aukera aztertu zuten, besteak beste. Gobernua autonomia estatutuak lantzen hasi zen. Iñaki Egaña historialariak gogora ekarri du Espainiako Gobernuak zituen beste arazoetako bat: armadaren erreforma. «Europan goi mailako kargudun gehien zuen armada zen Espainiakoa». Majuelok gaineratu du egile batzuek «estatuaren barruko estatu txiki gisa» definitu zutela armada: erregeari zin egiten zioten goi kargudunek, ez konstituzioari; legedi berezia zuen, aurrekontu propioa...
Elizari ere heldu behar zion gobernu berriak. Majuelok argitu du errepublikano askok sinestunak zirela, baina ezin zutela ulertu Eliza estatuaren gainetik egotea, estatua katolikoa izatea, estatuaren aurrekontuetan haren gastuak hartzea... «Esango nuke aita santuak berak argi ikusten zuela hori, baina Espainiako Eliza katolikoaren hierarkia oso integrista zen, ia ehuneko ehunean». Azkenik, aspalditik zetorren arazo bati heltzeko ekinbidea nabarmendu dute egile guztiek: nekazaritza erreforma. Konstituzioan bertan zehaztu zuten zenbaitetan jabetza pribatuak funtzio soziala izan behar zuela. «I. Mundu Gerraren ostean jendeak nolako gosea pasatu zuen ikusirik, logikoa zen halako zerbait egitea», azaldu du Majuelok.
1936ko hauteskundeak
Erreformek erritmoa hartu
Espainiako II. Errepublikako lehen gobernua indartsu hasi zen erreformekin, baina apalduz joan zen hilabeteen joanarekin. Hasierako gobernu krisiek eragina izan zuten, baina, bereziki, 1933ko hauteskundeetako emaitzek. Eskuineko alderdiak gobernuan sartu ziren, eta horrek guztiz kamustu zuen hasierako erreformen zorroztasuna. Baita herritarren kexak eragin ere. 1934. urtean, langileen protestak izan ziren, ekainean eta urrian. Nekazariek adostutako lan baldintzak aldarrikatu zituzten, eta gobernuak gogor zapaldu zituen. 1935erako, erreforma guztiak geldi zeuden.
1936ko hauteskundeak heldu ziren orduan. Bi ereduren artean aukeratu behar zen, Majueloren iritziz: Errepublika erreformista eta aurrerakoia, edota erreforma autoritario eta kontserbadorea. Bozetan, Fronte Popularrak irabazi zuen, ezkerreko alderdien koalizioak: errepublikanoak, marxistak, sozialistak, komunistak... Gipuzkoan eta Bizkaian, EAJk irabazi zuen; Araban eta Nafarroan, berriz, Espainiako eskuinak. Horrek erreformak piztea ekarri zuen. II. Errepublikaren hasierako lan ildoek abiadura hartu zuten berriro.
Erreforma horiek erregimen politikoaren aldaketaren testuinguruan kokatu ditu Majuelok; hots, ukatu du iraultzarik gertatu izana. «Interes eta pribilegio asko mugitzeko aukera zegoen, baina ez oligarkiaren interesen arabera». Egañak gaineratu du eskuindarrek ez zutela espero hauteskundeak galtzea. 1936ko bozen ostean, 1931koen ondorengo egoera errepikatu zen: demokratikoki aukeratutako gobernua agintetik kentzeko ahotsak agertzen ari ziren, maila askotan. Baita estatu kolpearen itzala ere.
Batetik, Espainiako Armadaren barruan konspirazioa gauzatzen hasi zen. Goi mailako ofizialak estatu kolpearen aukera aztertzen hasi ziren; Mola jenerala izan zen zuzendari nagusia, Nafarroatik. Bestetik, gizartean ere mugimenduak izan ziren. Nafarroan eta Araban, karlistak prest zeuden; Majuelok gogoratu du 1935eko amaierarako 7.000 «txapelgorri» inguru zeudela prest.
Estatu kolpea
Saiakera, erdibidean
1936ko uztailaren 17an hasi zen erreformen kontrako estatu kolpea: Melillan eta Kanaria uharteetan eman zuen lehen pausoa, besteak beste, Francisco Franco buru zuela. Hilaren 18an penintsulara iritsi, eta leku gehienetara zabaldu zuten; 19rako, estatu osora hedatu zen. Baita Euskal Herrira ere. Militarren ekimenez hasi bazen ere, 1936ko kolpearen zenbait berezitasun nabarmendu dituzte historialariek. Lehenik eta behin, sektore militar batzuen estatu kolpea baino ez zela izan adierazi du Majuelok: armadaren beste sektore batzuek ez zuten bat egin. Bestetik, Josu Chueca EHUko historia irakasleak zehaztu du militarrek ez ezik bestelako eragile batzuek ere parte hartu zutela bertan; bai kolpisten alde, bai kontra. Chuecak oroitarazi du lehen egunetan herritarrek egin zietela aurre kolpistei, «kasu gehienetan».
Horrek guztiak zaildu egin zuen kolpisten asmoak nahi bezala garatzea. Egun gutxian, zenbait eskualde kontrolpean hartu zituzten matxinoek: Euskal Herrian, Araba eta Nafarroa; Euskal Herritik kanpo, Aragoiren zati bat, Errioxa, Burgos, Galizia, Extremaduraren zati bat... II. Errepublikako Gobernuaren alde segitu zuten hiriburu handienek, ordea, eta Kataluniak, Kantauri itsasoko kostaldeak eta Espainiako hegoalde ia osoak.
Majuelok labur azaldu du orduan zer gertatu zen: «Estatu kolpeak porrot egin zuen; Molak eta Francok familiak prest zituzten alde egiteko, eta erabaki behar zuten zer egin hortik aurrera. Eta erabaki zuten: gerra».
Gerra
11 hilabeteko frontea
Euskal Herria bitan banatuta geratu zen estatu kolpearekin. Nafarroa eta Arabaren zati handiena armada frankistaren esku geratu zen, ia hasieratik. Gipuzkoa eta Bizkaia Espainiako II. Errepublikaren alde mantendu ziren. EAJren jokabideak horretan eragina izan zuela hausnartu dute historialariek. Iñaki Egañak azaldu du jeltzaleek hasieran ez zutela iritzi bateraturik; Madrilgo Gorteek autonomia estatutua onartu zienean, ordea, II. Errepublikaren alde lerratu ziren.
Josu Chuecaren ustez, nazioarteko parte hartzea bigarren mailan geratu ohi da, baina «funtsezkotzat» jo du gerran gertatu zena ulertzeko. 36ko gerra hasi eta gutxira, abuztuan, hainbat herrialdek Parte Ez Hartzeko Batzordea sortu zuten: Britainia Handiak sustatu zuen, eta Frantziak babestu. «Horrek errepublikanoen eskuak lotu zituen maila askotan: armak erosteko, adibidez». Hainbat herrialdek, ordea, ez zuten errespetatu hitzarmena. Italiak eta Alemaniak laguntza eman zieten kolpistei, eta horrek «egundoko desoreka» eragin zuen, Chuecaren iritziz. Besteak beste, 1936ko abuztuaren amaieran, frontea Gipuzkoara heldu zenean, Italiako hegazkinek Irungo bonbardaketan parte hartu zuten. Durangokoan ere izan ziren gero, eta Alemaniakoek Gernika bonbardatu zuten, besteak beste. Errepublikanoek, aldiz, ez zuten hegazkinik eraso horiei aurre egiteko.
Egañak azaldu du 1936an antzinako gerra eredua baliatu zutela. «Fronte bakarra zegoen, Madrilen; horregatik, Gipuzkoako borrokaldietan Nafarroako karlistek eta bertan soldaduska egiten ari zirenek hartu zuten parte, nagusiki». Hamaika mugimendu izan ziren Euskal Herriko fronteetan. Kolpistak Gipuzkoa hartuz joan ziren, ekialdetik mendebaldera. 1937ko apirilean, Bizkaira eraman zuten frontea, eta itsasotik egiten ari ziren setioa indartu. Egañak orduko bonbardaketen bortizkeria nabarmendu du. Ekainaren erdialdean, negoziazioak abiatu zituzten Artxanda mendian (Bilbo); abuztuan, batailoi gehienek amore eman zuten. Frontea mendebalderantz mugitu zen, eta 1937ko urrian amaitutzat jo zuten gerra estrategek “Iparraldeko Frontea” deitzen zutena. Gerra Madrilera mugitu zen orduan, 1939ko apirilaren 1ean bukatu arte.
Indarkeria Nafarroan
«Klase errepresioa»
Nafarroan ez zen gerra fronterik izan. Kolpistek hildakoen zerrenda luzea da, baina. 3.100 pertsona inguru hil zituzten bost hilabetean, 1936ko uztail amaieratik abendura arte: biztanleen ia %1. «Epe horretan hainbeste pertsona hiltzeko, azpiegitura behar da: hiltzaileak, baliabide ekonomikoak, kamioiak... Dena ondo antolatua zuten; ez zen kasualitatea izan», argitu du Majuelok.
NUPeko Historia irakaslearen iritziz, Nafarroan klase errepresioa gertatu zen. Zertzelada eta xehetasun asko daudela zehaztu du. Dena den, nabarmendu du lurraren auziagatik izandako gatazka sozialen mapak bat egiten duela zapalkuntzaren maparekin, oro har: «Hil zutenetatik asko ezagutzen ditugu, eta ia denak jornaleroak ziren, langile pobreak...». Kolpistek klase ertaineko elite «ilustratu» bat ere zapaldu zuten, langileei lagun- tzeagatik: abokatuak, esaterako.
Estatu kolpearen osteko lehen hilabeteetako bortizkeriak ezberdin jo zituen Euskal Herriko eskualdeak. Nafarroan, esan bezala, bortitza izan zen errepresioa. Majuelok gogora ekarri du Pablo Antoñana idazleak kontatu zion pasarte bat: «Iruñean, Gaztelu plazaren bazter batean, aulki batera igota zegoen apaiz batek oihukatu omen zuen: 'Bertan behera geratzen da bosgarren agindua!'». Errepresio bertsua gertatu zen hasieratik kolpisten esku geratutako eskualdeetan. Baita Euskal Herritik kanpokoetan ere: Errioxan, Burgosen, Galizian...
Araban, apalagoa izan zen hasierako zapalkuntza. 1936ko uztailaren 18tik 1937ko irailaren 1era arte, 153 pertsona hil zituzten gutxienez. Javier Gomez Calvo historialariak bi arrazoi nagusi eman ditu: gatazka politikoak apalak ziren eta haustura soziala txikia. Alde errepublikanoan, Gipuzkoan eta Bizkaian, ez zen Elizaren aurkako eraso handirik jazo. Dena dela, Jose Manuel Azkona Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Historia irakasleak gogora ekarri du apaizak hil zituztela, bonbardaketen aurreko erantzun gisa. Frankistek ere hil zituzten apaizak, lurraldeok konkistatu zituztenean.
Soka luzea
Presoak eta iheslariak
Gerra garaian eta, batez ere, gerra amaitzean, frankismoak bortxazko lanak egiteko baliatu zituen gerra presoak. Fernando Mendiola NUPeko historia irakasleak azaldu du bi modu izan zirela: deliturik egin ez arren, erregimen berriaren aurka agertutakoak lan batailoietara bidali zituzten; epaituak izan ondoren espetxeratutako batzuk ere baliatu zituzten lanotan, hein txikiago batean. «Xedea garaituak umiliatzea zen, ikas zezatela zein izango zen egoera Espainia berrian».
Hego Euskal Herriko lan batailoietan, orotara, 36.700 langile baino gehiago izan ziren 1937 eta 1957 bitartean. Pertsona horiek helburu militarreko azpiegiturak egitera behartu zituzten: Pirinioetako eta kostaldeko mugak zaintzeko azpiegiturak, mendiko errepideak... Halaber, hainbat enpresatan eta Bizkaiko meatzeetan lan egitera ere derrigortu zituzten.
Derrigorrean frankistengandik ihes egin zuten askok, berriz, erbestean eman zituen urte asko. Euskal Herriko erbesteratuen datuak ulertzeko, testuingurua aztertu du Josu Chuecak. Batzuek ihes egiteko denbora izan zuten, baina hasieratik kolpisten esku geratu ziren herrietan bizi ziren askok ez zuten aukera hori izan. «Frankistak Irunera heltzekotan zeudela, ia herri osoa mugaren beste aldera pasatu zen». Baieztapen horri esker uler daitezke gerraren ondorioz izandako lekualdatzeak. Barne desplazatuei dagokienez, datuak adierazgarriak dira. Hiru gipuzkoarretik batek etxea utzi behar izan zuen, eta Bizkaira mugitu: 105.000 guztira. Dena den, Euskal Herritik ihes egindakoen datu orokorrak zehaztea zaila dela azaldu du Chuecak. Zenbait egilek 151.000 laguneko zifra eman dute. Behinik behin, jakina da, adibide gisa, 6.000 euskaldun inguru egon zirela Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparruan. Bestetik, Euskal Herritik 15.000 haur bidali zituzten Britainia Handira, Frantziara, Errusiara, Belgikara... Heldu ziren haur gehienak etxera itzuli ziren. Orduan bizi izandakoa egungo egoerarekin parekatu dute aditu guztiek. Egaña argi mintzatu da: «Siriako biztanleen %18 lekualdatu direla uste da; Euskal Herrian gertatu zen bezalaxe».
Eibarren, 1931ko maiatzaren 3an. Argazki erdian, ile zuriz, Miguel Unamuno, eta eskuin aldera, Indalecio Prieto Espainiako orduko Ogasun ministroa, Alejandro Telleria alkatea eta Gonzalo Queipo de Llano jenerala. Azken horrek Prieto ministro zuen gobernuaren kontrako kolpea jo zuen 1936ko uztailean.
1936ko otsailaren 16a hauteskunde eguna zen. Egun berean argitaratu zuen testu hau Argia aldizkariak.
1931ko apirilaren 15eko La Gaceta del Norte Bilboko egunkariaren azala.
“Nekazariok: lurra gurea da. Apirilaren 14ko Errepublikak ziria sartu zien nekazari masei...”. Nafarroako UGTren ¡Trabajadores! egunkariak, 1936ko martxoaren 7an.
Espainiako militar kolpisten aliatu nagusiak, Benito Mussolini faxista eta Afold Hitler nazia, Munichen, 1940ko ekaineko argazkian. II. Mundu Gerra abian zen. EVA BRAUN
1936ko uztaileko kolpe militarrari esker, erregimen nazionalkatolikoa eraiki ahal izan zuen Franco jeneralak.
Espetxe sistema izan zen Francoren jazarpen makinaren bihotz nagusietako bat. Datatu gabeko argazkian, presoak, agur faxista egiten. EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA.