Konspirazioa - Azken bilera
Azken bilera
1936ko otsail-martxoko hauteskundeek utzitako panorama politikoa bateko eta besteko konspiratzaileek bat egiteko akuilua bihurtu zen.Bozen bigarren buelta izan eta astebetera, bederatzi jeneral elkartu ziren Madrilen. Espainiako Gerra ministroak erabaki berri zuen Errepublikarekiko epelen ageri ziren jeneralak lekuz aldatzea, eta jeneral haietako gehienak bilera hartan zeuden. Estatu kolpea jotzea adostu zuten. Konspirazio definitiboa abian zen. Konspirazioaren aktore nagusienen artean zeuden:
Francisco Franco Bahamonde
(Ferrol, Galizia, 1892 – Madril, 1975)
Francisco Franco Bahamonde
(Ferrol, Galizia, 1892 – Madril, 1975)
1936ko uztailaren 17ko estatu kolpearen antolatzaile nagusienetakoa. Espainiako buruzagi militar askorentzat ankerkeria eta gerra zikin eskola izan zen Rifeko gerran egin zuen karrera militarra. Gudu kolonial hartan egindakoei esker, 1926an, jeneral gradua lortu zuen. 33 urte zeuzkan. 1934an, Asturiasko altxamendu herritarra jazartzen nabarmendu zen. 1936ko otsaileko bozetan Fronte Popularrak bozak irabazi ostean, eta konspirazio militarrak saihesteko, Espainiako Gobernuak sakabanatu eta urrundu zituen jeneraletako bat zen. Kanarietara bidali zuten. Ordurako, itzal handia zeukan Espainiako kasta militarrean. Eta konspirazioa antolatzeari ekin zion. Uztailaren 17an, hitzartu baino 24 ordu lehenago, Afrikako kolonietako indarren buruzagitza hartu eta matxinatu egin zen. Penintsulara pasatu eta hiriak eta herriak hartzeari ekin zion. Irailaren 28an, Espainiako estatuko buru izendatu zuen bere burua. Hil arte, 40 urtez eutsi zion postu horretan, dozenaka mila herritarren heriotzan eta ehunka milaren zapalkuntza zuzenean oinarritutako diktadura batean.
Jose Sanjurjo Sacanell
(Iruñea, 1872 – Estoril, Portugal, 1936)
Jose Sanjurjo Sacanell
(Iruñea, 1872 – Estoril, Portugal, 1936)
Espainiak Kubako kolonia galdu zueneko gerran hasi zuen karrera militarra, eta Espainiak Afrikan zituen kolonietan borrokatu zen segidan. Jeneral gradua 1921ean lortu zuen, Annualgo batailan egindako lanaren truke. Espainian ohikoa zen tradizio militarraren adibide garbia zen: politikagintzan eragiteko erabateko eskubidea zeukatela uste zuten ofizialetako bat zen. 1923ko irailean, Miguel Primo de Riverak kolpea jo zuenean, bat egin zuen harekin. Zaragozako (Espainia) gobernadore militarra zen orduan. Afrika iparraldean Espainiak zeuzkan kolonietako agintari goren izendatu zuten 1925ean. 1927an, koloniotako buruzagi militar nagusia zen. Guardia Zibileko zuzendari nagusi egin zuten 1928an. Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zutenean, agintari berriekiko leialtasuna erakutsi zuen hasieran, baina estatu kolpea jo zuen 1932ko abuztuaren 10ean Sevillan (Espainia). Andaluziako komandante militarra zen orduan. Ez zuen arrakastarik izan, eta, hasiera batean bizi artean preso sartu bazuten ere, 1933an amnistiatu egin zuten, armadara ez itzultzeko baldintzapean. Estorilen (Portugal) finkatu zen. Handik hartu zuen parte konspirazioan. Adostu zuten organigraman, Sanjurjo ageri zen matxinadako buruzagi nagusi gisa. Buruzagitza hori eskuratzekotan abiatu zen hegazkinez Estorildik uztailaren 20an. Burgoserako (Espainia) bidea hartu eta berehala abioiak lurra jo zuen. Bertan hil zen.
Emilio Mola Vidal
(Placetas, Kuba, 1887 – Alcocero, Burgos, 1937)
Emilio Mola Vidal
(Placetas, Kuba, 1887 – Alcocero, Burgos, 1937)
Kolpearen Zuzendaria. Konspiratzaileek beraiek jarri zioten ezizen hori. Afrikako kolonietan zaildua hau ere, Espainiako Gobernuak Segurtasunerako zuzendari nagusi izendatu zuen 1930ean. Jacako (Aragoi, Espainia) urte bereko altxamendu errepublikazalea gogor jazarri zuen kargu horretatik. Sanjurjoren kolpe militarraren ondoren, Espainiako Gobernuak erreserbara bidali zuen. 1934ko maiatzean amnistiatu zuten, eta Espainiako armadako zuzendaritza gorenean sartu zen. Han zegoen, besteak beste, Franco jenerala. Fronte Popularrak agintea hartu zuenean, Mola Iruñera bidali zuten, horrekin errepublikaren kontrako konspirazio aukerak murriztuko zituztelakoan. Kontrakoa lortu zuten, Euskal Herrian oso errotuta zegoen mugimendu batek, karlismoak, Nafarroan zuelako indar gehien. Akordioa egin zuen karlistekin, berekin borrokatuko ziren milaka boluntario lortzeko. Kolpea jo zutenean, Mola zen Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako eta Espainiako Santander, Burgos, Errioxa eta Palenciako agintari militar goren izatekoa. Arerioa ezabatzeko aginduak eman zituen helburu horrekin. Kolpea gerra bihurtu zenean, lurraldeon konkistari ekin zion. 1937ko ekainaren 3an izandako abioi istripu batean hil zen, Bilboren konkista ikusi gabe. Francok libre zuen matxinatuen buruzagi gorena bihurtzeko bidea.
Manuel Fal Conde
(Huelva, Espainia, 1894 – Sevilla, 1975)
Manuel Fal Conde
(Huelva, Espainia, 1894 – Sevilla, 1975)
Espainiako karlisten Comunion Tradicionalista alderdiko burua 1935etik 1955era. Mola jeneralarekin hainbat bilera egin zuen konspirazio planak adosteko. Errepublikako hiru-kolorekoaren ordez, erregezaleen gorri-horia matxinoen bandera bihurtzea eskatu zuten karlistek, eta matxinadaren ondoren monarkia katoliko tradizionalista ezartzea, Sanjurjo jenerala bertako buru zela. Negoziazioak uztailaren 9an eten zituzten. Fal Conderi bizkar eman eta Nafarroako erreketeekin zuzenean negoziatzea aholkatu zion Molari Rodeznoko kondeak. Halaxe egin zuen, eta halaxe lortu zuen Molak milaka karlista bere aginduetara borrokatzea, Rodeznoko kondearen laguntzari esker.
Tomas Dominguez Arevalo
(Madril, 1882 – Alesbes, 1952)
Tomas Dominguez Arevalo
(Madril, 1882 – Alesbes, 1952)
Rodeznoko Kondea, lurjabe handia eta karlista. Comunion Tradicionalista alderdiko presidentea izan zen Fal Condek ordezkatu zuen artean. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetarako estatutuaren alde agertu zen publikoki proiektuak bere baitan Vatikanoarekin konkordatoa sinatzea aurrikusten zuen bitartean. Estatutu proiektuak konfesionaltasuna galdu zuenean, gogor egin zion kontra. Nafarroako Lurjabeen Elkartea sortu zuen Espainiako II. Errepublikak abian jarritako Nekazaritza Erreformak ahalduntzen zituen jornaleroen aurka jotzeko. Fal Conderen erabakiak indargabetu eta karlisten milizia armatuetako kide nafarrak -8.400 errekete- Molaren aginduetara jartzea adostu zuen harekin. Ordurako jasoak eta banatuak zituzten erreketeon artean Italiako erregimen faxistak emandako diruarekin erositako armak. Zugarramurditik, Baigorritik eta beste hainbat puntutatik sartu zituzten armok. Alesbesko lurjabe nagusia zen. Falangea eta karlismoa batzeko negoziazioetan parte hartu zuen, eta eserlekua eman zioten Francoren lehendabiziko gobernuan, 1938an. Justizia ministro izendatu zuten eta Gasteizen ezarri zuen ministerioaren egoitza. Diktadura frankistaren lege oinarriak ezartzeko agindua jaso zuen. 1939ko irailean utzi zuen kargua, eta 1940an Nafarroako diputatu izendatu zuten. Nafarroako seme kutun egin zuten.
Raimundo Garcia Garcia Garcilaso
(Bilbo, 1887 – Madril, 1972)
Raimundo Garcia Garcia Garcilaso
(Bilbo, 1887 – Madril, 1972)
Mola jenerala eta Fal Conde buruzagi karlista harremanetan jarri zituen 1936ko maiatzean. Diario de Navarra egunkariko zuzendaria izan zen 1912tik hil artean. 1920ko hamarkadan Espainiaren Afrikako kolonietara joan zen. Rifeko gerrako kronikak idatzi zituen handik, eta 1936ko uztailean kolpea jo zuten militar afrikanisten lagun egin zen. Espainiako Gorteetako Eskuineko Blokeko diputatua izan zen Primo de Riveraren diktadura garaian eta II. Errepublika urteetan. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetarako estatutu proiektuaren etsai izan zen eta Molaren harremanetarako ezinbesteko giltza zibila konspirazioan, jenerala 1936ko martxoaren 14an Iruñera heldu zenetik. Espainiako eskuin giroetan zeuzkan itzala eta kontaktuak haren esanetara jarri zituen Garcilasok. Garcilasoren bitartez kontaktatu zuen Molak Sanjurjo jeneralarekin eta Garcilasoren bitartez hitz egin zuen sarri Calvo Sotelorekin. Azken hori uztailaren 13an hil zuten, eta 14an hitzordua ezarrita zeukaten Molak, Jose Calvo Sotelok, Rodeznoko kondeak eta Jose Maria Gil Roblesek. Garcilasok eta Molak elkarrekin idatzi zuten altxamendu militarrera deitzen zuen uztailaren 19ko bandoa. Diario de Navarra-ren errotatiban inprimatu zuten. Egunkari horretatik hauspotu zituen Garcilasok integrismoa, karlismoa, nabarrismoa eta Espainiako II. Errepublikaren aurkako ideiak.
Jose Luis Oriol Uriguen
Arkitekto, enpresari, lurjabe
Jose Luis Oriol Uriguen
Arkitekto, enpresari, lurjabe
Arkitekto, enpresari, lurjabe eta politikari karlista. Diputatua izan zen Arabatik 1931-1939 epean. Lizarrako 1931ko Estatutuaren alde agertu zen, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoa bakarrik aintzat hartzen zituen 1932ko estatuturako proiektuaren kontra. 1936ko ekainaren 3an bilera egin zuen kolpearen zuzendariarekin, Mola jeneralarekin, Azpiroz gainean (Nafarroa). Hura izan zen kolpistek karlistekin egin zuten lehendabiziko bilera ofiziala. Kolpea baino bederatzi egun lehenago, Arabako militar konspiratzaileen buru Camilo Alonso Vega teniente koronelarekin bilera egin zuen. Behin kolpe ondorengo gerra irabazita, gaur egungo Iberdrolaren ernamuina izango zen Hidrola konpainiaren sortzaileetako bat izan zen Oriol, eta bertako presidente lanetan jardun zuen 1941a arte -Jose Maria Oriol Urquijo semeak hartu zion lekukotza lan horretan-. 1942an Patentes Talgo enpresa sortu zuen, Bilboren babesgune sarearen planoak frankistei eman zizkien Alejandro Goikoetxea Omar ingeniari traidorearen tren proiektuei babes ekonomikoa emateko.
Jose Antonio Primo de Rivera
(Madril, 1903 – Alacant, Herrialde Katalanak, 1936)
Jose Antonio Primo de Rivera
(Madril, 1903 – Alacant, Herrialde Katalanak, 1936)
1923 eta 1930 bitartean Alfontso XIII.a erregearen esanetara Espainia gobernatu zuen Miguel Primo de Rivera diktadorearen maiorazgoa, harengandik jaso zuen Lizarrako markes titulua. Abokatua ikasketaz, Falange Española alderdi faxistaren sortzailea politika jardunez. Estatu kolpea jotzea eskatu zien Espainiako militarrei. “Heldu da ordua: zuen armak hasi behar dira lanean oinarrizko balioak salbatzearren”. 1936ko ekainaren 29an askatasuna eman zien Falangeko buruzagi probintzial guztiei, tokian tokiko konspiratzaileekin lan egiteko. Horrela batu zen Falange kolpera. Primo de Rivera konspirazioan parte hartzeagatik epaitu zuten, eta 1936ko azaroaren 20an exekutatu.
Joan March Ordinas
(Balear Uharteak, Herrialde Katalanak, 1880 – Madril, 1962)
Joan March Ordinas
(Balear Uharteak, Herrialde Katalanak, 1880 – Madril, 1962)
Estatu kolpea finantzatu zuen kontrabandista, enpresari, espekulatzaile, lurjabe eta politikaria. Kontrabandoari inoiz utzi gabe, Maroko osorako tabako merkatuaren monopolioa lortu zuen 1911n, baina beste negozio askotan aritzen zen. 1916an Transmediterranea ontzi konpainia sortu zuen, eta 1926an Banca March, Primo de Rivera diktadorearen babesarekin. Ez zeukan arazorik, hala ere, aldi berean Maroko iparraldean Espainiako armada zirikatzen ari zen Abd el-Krim buruzagiari armak saltzeko. Espainian errepublika ezarri zutenean, Marchen diru kontuak ikertzeari ekin zioten. Kartzelara sartu zuten 1932ko ekainean. 1933an ihes egitea lortu zuen, zaindariei eskupekoa emanda. 1934n El Diario Vasco Donostiako egunkaria finantzatu zuen. Kolpe militarra ere bai. Hainbat bileretan parte hartu zuen horretarako, Miarritzen. Marchen Transmediterraneako ontzietan gurutzatu zuten Gibraltargo lumuturra Francoren tropek Afrikatik iberiar penintsulara. Franco Kanarietako bere kuarteletik Marokora eramateko hegazkina ere Marchek ordaindu zuen, Afrika iparraldeko tropen gidaritza har zezan. Italiako gerra hegazkinak, gerra kamioiak eta dirutza handiak utzi zituen kolpisten esku Marchek. Europako dirutza handienetakoa utzi zien oinordekoei istripuz hil zenean.