Estatu kolpea - Nafarroa
Nafarroa
“Ezkerrekoak ginen, bila etorri zitzaizkigun eta ilea moztu ziguten, denoi. (…) Nire familiako zazpi hil zituzten, lehengusu eta anaien artean. Sozialista baten neska-laguna ere banintzen, eta hura ere hil egin zuten Milagron. Eta ez ziguten negarrik egiten ere uzten kaleetan”.
Dolores Orduña. Azkoien
Jose Rodriguez-Medel
Guardia Zibileko komandantea
Lehen hildakoa
Nafarroan zegoen militar kolpisten Zuzendaria: Emilio Mola jenerala. Herrialdeko indar armatu guztien kontrola hartu zuen, baina Guardia Zibileko burua, Jose Rodriguez-Medel komandantea Errepublikaren alde lerratu zen. Uztailaren 18ko lehen biktimatzat jo ohi da Rodriguez-Medel. Bere menpekoek hil zuten 20:15ean. Gau hartan bertan, Diario de Navarra egunkariaren errotatiban inprimatu zuten aldez aurretik prestatutako gerra bandoa, eta egunkari horren uztailaren 19ko zenbakiaren lehen orrialdean zabaldu zuten. Eskubide guztiak ezabatu eta gerra egoera ezarri zuten. Azal berean irakur zitekeen Rodriguez-Medelen heriotzaren berri, behealdean, txoko batean: “Atzo gauez zortziak eta laurdenetan, zorigaiztoko istripu baten ondorioz, Guardia Zibilaren komandante zen Jose Rodriguez-Medelek bizia galdu zuen. Goian bego”.
Lehen Orduak
Uztailaren 19an, goiz-goizetik, Amerika erreximentuko soldaduak eta karlistak Iruñeaz jabetu ziren. Falangeko kideek Izquierda Republicanako egoitza eskuratu eta abertzaleena hartzera jo zuten segidan.
La Voz de Navarra egunkaria ere berenganatu zuten. Jose Agerre Santesteban buruzagi jelkidea Iruñeko batzokian bertan atxilotu zuten. Diario de Navarra egunkariaren bitartez plazaratu zuten beren oharra EAJkoek: “Nafarroako EAJk adierazten du, bere ideologia katoliko eta foruzale sutsuaren haritik, egungo borrokan Gobernuari ez zaiola lotu ezta lotzen ere”. Euskal abertzaleen artean, batzuek kolpean parte hartu zuten.
Faxistak Izquierda Republicanaren Iruñeko egoitza hartzen, Gazteluko Plazan.
Erreketeak Gazteluko Plazan, kolpea jo berritan. IRUÑEKO UDAL ARTXIBOA
Beste batzuek, aldiz, nahiago izan zuten Gipuzkoan eta Bizkaian gudari aritzea. Berdin gertatu zen buruzagien artean ere: Manuel Aranzadi diputatu ohia eta etxekoak kolpisten alde borrokatu ziren; Manuel Irujo, berriz, Donostian harrapatu zuen kolpeak, eta, Jose Maria Lasarterekin batera, leialtasuna adierazi zion Espainiako Errepublikari, arratsaldez Radio San Sebastian bidez zabaldutako mezuan: “Guk, demokrata garenez, subiranotasun herrikoia gauzaturik dagoen Errepublikaren alde egiten dugu”.
Hiri eta arratsalde berean, EBB Euzkadi Buru Batzarrak egindako bilkuratik beste erabaki bat atera zen: zer gertatzen zen ikusi arte jokabide publiko eta komunik ez argitaratzea. Biharamunean, Bilboko Euzkadi egunkari jeltzaleak Errepublikarekiko atxikimendua adierazi zuen sinadurarik gabeko ohar bidez. Bazen alderik Bizkaiaren eta Nafarroaren artean. Lehena matxinoen kontra eusteko prestatzen ari zen. Bigarrena, berriz, atzeraguardian hilketa gehien gertatu zen euskal lurraldea bihurtzen hasi zen.
1936ko uztailaren 19an Euzkadi egunkari jeltzaleak Espainiako II. Errepublikaren alde argitaratutako oharra.
Fronterik gabeko hiltegia
“Herrikide zenbaiten suizidioak eta fusilamenduak egon dira, eta penatzekoa da. Eta Jaungoikoak ez hiltzeko agintzen duela 'orain' dioten muturreko zenbaiti erantzun behar diegu, moral eta lege zibil kode guztietan irakasten dela zilegi dela hiltzea norbere burua babesteko bada, eta are zilegiago, mehatxatutako eta Moskuko sozialismo madarikatuak dagoeneko odolustutako Aberria besbeteko bada”.
3.349 hildako
Hilketen kronologia(1936 - 1937)
Hildako Fronte Popularreko bozkatzaileak
Herrialdeko hegoaldea eskuratzea lehentasuneko helburu militarra zen kolpistentzako Nafarroan, Logroñorako eta Zaragozarako komunikabideak ziurtatzeko.Tafallan erresistentzia lerro bat osatzeko aukerak ezabatzea zen hilketaren zio nagusia. Baita Espainiako II. Errepublikaren aldekoen indarrak ezabatzea ere. 1936ko udan eta udazkenean izan ziren hilketa gehienak Nafarroan. Herri zenbaitetan, bereziki altua izan zen Pronte Popularrari boza eman zioten gizonen hilketa.
Hildako herri ordezkariak
2 foru diputatu eta Espainiako ministro ohi bat eta gorteetako diputatu 1 kenduta, gainontzeko biktima guztiak udal ordezkariak ziren. Nafarroako 272 udalerrietatik 51tan (%18,75) hil zituzten alkatea edota zinegotziak. Geografikoki, ordezkari politiko gehienak (%70,95) Erribera Garaian eta Tutera partean hil zituzten.
Filiazioaren arabera