Gipuzkoa

Leon Carrasco Amilibia komandante militarraren zalantzek errepublikazaleen alde jokatu zuten. Ez zen erabat konprometitu kolpe militarrarekin, eta geldirik egon zen kolpistak altxatu zirenean. Beste ofizial batzuk mugitu ziren.

Horrekin, Mola jeneralak hilabete lehenago idatzitakoa bete zen: “Gaur gaurkoz [ekainaren 8a], Donostian ez da konspiraziorik existitzen, Donostian konspiratzaileak egon badiren arren”.

Anarkistek, sozialistek eta komunistek berehala erantzun zuten -UGT eta CNT sindikatuetan antolatutakoak batez ere-, eta, Loiolako kuarteletako militarrak uztailaren 21ean altxatu zirenean, herritarrek aurre egin zieten. Amaratik barrena sartu ziren tiroka kolpistak.

Maria Cristina hotela, gobernu militarraren egoitza, Kasiko Handia, Nautikoa eta La Equitativaren egoitza hartu zituzten, baina biharamunean errepublikazaleek kontraerasoan berreskuratu zuten ia hiri osoa. Maria Cristina hotela izan zen berreskuratzen zailena, 23an hartu zuten errepublikazaleek. CNTtik EAJra bitarteko alderdi guztiak bat eginda zeuden Donostiako Defentsa Juntan. Uztailaren 28ra arte egon ziren kolpistak gotortuta Loiolako kuarteletan. Agintari zibilak haiekin negoziatzen ari zirela, anarkistek atzetik erasoa jo eta kuartela hartu zuten. Carrasco eta beste ofizial batzuk atxilotu zituzten. Uztailaren 29an, Carrascoren hilotza Amaran agertu zen, trenbide ondoan.

Barrikada bat Donostiako Easo kalean, karmeldarren elizaren ondoan, 1936ko uztailean.

Milizianoak Maria Cristina hotel inguruak zaintzen.