Bizkaia

Bizkaian gudarostea ez zen altxatu, Garellanoko kuarteleko ofizial batzuk konspiratzaileekin bat eginda zeuden arren. Jose Etxeberria Novoa gobernadore zibilak ez zuen inolako arazorik izan egoera kontrolatzeko. Bizkor mugitu zen, izan ere.

Garellanoko ofizial leial batekin, Vidal koronelarekin hitz egin eta kuarteleko telefono dei guztiak Gobernu Zibilera desbideratzeko agindua eman zuen, matxinadaren aldekoek kanpoan gertatzen ari zenaren nondik norakoen berri jaso ahal ez zezaten.

Militar kolpistek kide zibil gutxi zituzten Bizkaian, eta isolatuta geratu ziren. Uztailaren 19an, Garellanoko tropek desfilea egin zuten Bilboko kale nagusietan zehar, Espainiako Errepublikarekiko leialtasuna adierazteko. La Gaceta del Norte eta El Pueblo Vasco egunkari eskuindarrak errepublikazaleek hartu zituzten. Fronte Popularraren eta EAJren laguntza zeukan Etxeberria Novoak.

Garellanoko kuarteleko militarren jarrera erabakiorra izan zen Bizkaiak kolpistekin bat ez egiteko.