Mariana Enriquez idazle argentinarraren liburu berrian irakurri nuen, Toki eguzkitsua jende goibelarentzat izenekoan. Ipuin-liburua da eta narrazioetako batean kontatzen da txoriak, aurreko bizitza batean, emakumeak izan zirela. “Zigorren bat jasan zuten emakumeak”, idazlearen hitzetan. Ideia, nonbait, Amazonaseko herrien elezaharretatik atera zuen. Hango biztanleek hori uste dute, txori bakoitza, aurretik emakume izandakoa dela.
Udaberrian txoriz betetzen da New York. Txori migrariak izaten dira. Bada bat ikusgarria, Scarlet tanager izenekoa, luma gorriduna. Udalehen aldera etortzen da Estatu Batuak eta Kanada aldera, kumeak hemen izatera. Negua Hego-Amerikan igarotzen du, Venezuela eta Kolonbia aldean.
Ez da erraza hura ikustea baina ezinezkoa ere ez. Parkeko bankuan eseri eta zain egonez gero, han agertzen da. Ze emakume izango zen txori luma gorriduna, galdetzen diot neure buruari hegaztiaren zain nagoen bitartean. Eta emakumezkoak txori bilakatzen badira, zer izango gara gizonezkoak hurrengo bizitza batean?
Momentu horretan bertan, arratoi bat pasatu da nire aurretik. Benetan? Ez esan.