Doinua: Gaur udaberri bat dabil
Geldiezinak direnez
burugogorren taupadak
eskuz esku pasa ditu
aldapak eta lautadak.
Bidean gainditu asmoz
oldarraldi eta trabak
beharrezkoak ditugu
emozio betekadak.
Herri libre bat izan nahi
dugu euskalduna erabat
euskaraz bizitzea ez
dadin izan epika bat. (bis)
Doinua: Xilabara jina nauzu
Bidartetik abiatu,
ondoren, igaro kosta:
Hendaia, Zarautz, Ondarroa...
euskara garenoi hoska.
Hizkuntzak lekukoak lez
egin dezakeenez ospa,
heldu egin behar zaio;
nola? Hortxe dago koska.
Korrika ez dabilena,
dabilena ozta-ozta
edo hizkuntza zikintzen
duen queer-ak ezpainei hozka
eginda hitzek bizitzak
ditzaketenez ahoska,
adi, lekukotasunak
eraikitzera gatoz ta.
Euskararen aldeko
« ika, ika, ika! »
Nafarrotik Lapurdi
aldera bisita
Arnasestuka baina
kantuz, irrintzika
Herri bat eta beste
ukondoak tinka
Altxatzen dugulako
unea etorrita
Muga denen gainetik
herri bat Korrika
Doinua: Nere bigarren etxea
Vianatik Oionera
lehenengo bidezidorrak
Kanpezun zabaltzen hasi
bi betazal itsaskorrak
Sakana zeharkatzean
errepideetan obrak
Madotzen gora ederki
berotzen dira motorrak
Larraundik Lizartzaraino
bihotz taupada bizkorrak
KORRIKAk ematen ditu
ustekabeko altxorrak
emanez pauso sendoak,
irmoak ta egonkorrak
bihurtzen dira oinpeko
lurrak ere emankorrak