Parkera joan naiz, lorean dira arbola batzuk,
ez asko, lotsati oraindik.
Badirudi beldur direla haiek ere beren burua agertzeaz.
Goiz da eta ez dago inor parkeko bankuetan.
Eguzkiak epeltzen hasi duen arren.
Eseri egin naiz eta liburua zabaldu dut.
Lehen eguna etxetik kanpoko irakurketa egiteko.
Halako batean, nire alboan
objektu gorri bat dagoela konturatu naiz.
Auto bat da, jostailuzko auto bat.
Auto gorria, kabrioleta, udaberrian
leihorik gabe libre gidatzeko.
Zeinena izango da?
Umerik ez dago inguruan. Goizegi da.
Norbaitek utziko zuen ahaztuta atzo.
Harekin jolas egitea pentsatu dut. Zergatik ez?
Eta norbaitek ikusten banau?
Ez, hobeto ez.
Hobe bere lekuan uztea.
Umeak aurki dezan laga duen toki berean.
Orduak aurrera doaz, umeak iritsi dira parkera
baina ez du inork autoa hartu.
Ez da inor konturatu auto gorri kabrioleta hantxe dagoela.
Etxerako ordua iritsi zait azkenean.
Bankutik jaiki eta urrunetik begiratu dut autoa.
Bat batean, martxan hasi eta desagertu egin da parkean.