Hiria hasi da Gabon usaina galtzen eta neguaren bihotzera bideratuz doa. Langileek Gabonetako zuhaitzak jasotzen dituzte espaloietatik eta parkeetako lakuetan jarri dituzte egurrezko eskailera gorriak. Ur azala izozten bada jendea oinez ibiltzen da gainetik eta eskailerok dira izotza zulatu eta barrura norbait eroriko balitz, salbatzeko. Mugikorreko eguraldi iragarpenak zero azpitik egingo duela diost, eta mezuak ere hasi dira bidaltzen udaletik, kode urdina abian dela esanez, hau da, etxerik gabekoak kalean gauez aurkituz gero abisua emateko eskatzen duena.
Urtarrila etxean biltzekoa da eta herritarrek jana pilatzen dute parkeetako katamixarren antzera. Trader Joe’s izeneko supermerkatuan ilara luzeak aurkitu ditugu kutxarako. Kutxako langileak atseginak izaten dira eta solasaldia ere eskaintzen dizute erosketak paperezko poltsetan sartzen dizkizuten bitartean.
Aurreko emakumea oporrez ari zaio berbetan kutxako emakumeari. Gabonetan New Yorken geratu dela baina ez dela kexu, hiria ikusgarria zegoela, gauza asko antolatu direla, “nik ez dut hiria horren ederra egundo ikusi”.
Kutxakoak ez du gogoberotasun handirik azaldu. Aurreko bezeroa agurtu eta gure txanda iritsi denean esan digu: “Sekulako ekintzak antolatzen dira New Yorken. Hori diote. Baina ni ez naiz sekula iristen. Nik lana bukatzen dudanean nahi dudan gauza bakarra da etxera joan. Munduko hiririk bereziena izango da, biziena, mugituena, baina nik deskantsatu egin nahi izaten dut”.
Irribarre egin eta poltsak eman dizkigu eskura. Beste bat arte.
New York bat baino gehiago dago. Ez da bakarra. Berrietan agertzen dena, xarmaz betea, eta bestea, bertokoena.
Batzuk, ematen du, izotzaren gainean ari direla patinatzen, besteak izotza beraien hanka azpian noiz apurtuko beldur.