Kalera bidean, ataritik atera eta ilargia ikusi dut zeru urdinean. Arratsaldea zen, baina oraindik ordu batzuk geratzen ziren iluntzerako. Hura ikusita, Ondarroako gizon batek, Arakistainek, kontatu zidan ipuina etorri zait burura.
Bazen behin, Azkoitiako Madariaga auzoko Aittola-zar aldeko erromeriara parranda egitera joandako morroi bat. Nonbait luzatu egin zitzaion gaua, eta egunak harrapatu ere bai, oharkabean. Gaupasa eginda, etxera bueltan oinez zihoala, ikusi zuen ilargia zeru urdin eguzkitsuan. Handik zebilen beste arima galdu bati galdetu zion, artean gaueko edanaren eragina erabat joan gabe, “baina hura zer da, eguzkia ala ilargia?”. “Ez dakit nik, ez naiz hemengoa”, erantzun omen zion besteak.
Eguneko ilargi hori, nahiz eta harrigarria edo bitxia iruditu, ez da gauza ezohikoa, fenomeno arrunta da zientzialarien ustez. Ez du eklipse baten garrantzirik. Maiz egon ohi da ikusgai egunez, batez ere ilargi betea baino lehen edo ostean. Ez da ezeren seinale, ez dabil guri, esate baterako, mundua amaitzera doala ohartarazi nahian.
Ohikoa da, beraz, egunez ilargia. Eta ohikoa da, orobat, “ez naiz hemengoa” sentipen hori, batez ere, migraria bazara. Ez naiz hemengoa ezta hangoa ere.
Eskerrak gaur, kalera ateratzean ikusi dudan egunez ilargia, eta Ondarruko gizon haren kontakizuna gogoan hartuta, atera zait irribarrea.