Larunbat honetan, seme txikia bere kabuz atera da kalera lagunekin. Lehen aldia izan da, duela zazpi urte New yorkera etorri ginenetik.
Orain arte gurekin batera geratzen zen adiskideekin edo familian egiten genituen planak. Hori bai, ideiak bereak izaten ziren normalean. Guk ere proposatzen genizkion baina ez zitzaizkion iruditzen nahikoa erakargarri. Beraz, guk geuk jarraitzen genuen haren pausua.
Eta horrela, berak proposatuta, egin ditugu mila plan: egun berean New Yorkeko metroko 36 lerroak egin, perra formako karramarro kretazikoen oskolak bilatu hondartzetan, neguan txoriak babesteko kabiak egin eta parkeetan jarri, Guastavinok diseinatutako geltoki fantasma aurkitu, Staten Islandeko dohaineko ferrytik Askatasunaren Irudia ilunabarrean ikusi, NBAko sarrerak hogei dolarretan lortu eta partida ikustera joan, elurretan lerarekin aldapa behera ibili, Central Parkeari bizikletaz buelta eman, izozkia airean harrapatu behar zenuen izozkitegia probatu... Guztiak ere plan desberdinak, irudimentsuak eta merkeak, gehienetan ordaindu behar ez zirenak.
Aita-semeak eta, neurri handi batean, elkarren lagunak ere izan gara, ordu asko pasatzen genituen elkarrekin, eta gustura. Hazkuntza baita umeari ziurtasuna, konfiantza eta autonomia ematea. Eta horretan aritu gara orain arte.
Eta hazkuntza horren ondorio da orain, libre izaten hasi eta lagunekin bakarrik ibiltzea hiri erraldoian zehar. Bizitzako legea. Etxean geratuko balitz, ez litzateke berarentzat hobea izango.
Beraz, atean agurtu dudanean irribarrez esan diot pozik ibiltzeko.
Atea itxi dudanean, baina, pena sentitu dut. Bere plan polit horiena. Faltan botako ditut.
Pentsatu nahi dut, hala ere, egingo ditugula aurrerantzean elkarrekin ere gauzak. Desberdinak izango dira planak, baina berdineko politak.
Maite izan dugulako, maiteko gaitu.