Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatuta Bilbao-New York-Bilbao liburuaren irakurketa jarraia izango da Arriaga antzokian ostegunean. Aurretik, asteartez eta asteazkenez, bestelako hitzorduak antolatu dira. Asteartean, Euskaltzaindiako egoitzan, Mari Jose Olaziregi eta Miren Ibarluzea EHUko irakasleak arituko dira liburuaren hezur-haragi literarioez eta nazioarteko ibilbideaz. Asteazkenez, ni neuk emango dut hitzaldia, “Nondik datoz istorioak?” izenburuarekin, toki berean.
Eskertua nago oso Bilbo Zaharra euskaltegiko lagunei. Urtero irakurtzen dute euskal liburu bat, “klasiko” bat haien hitzetan, eta orain arte irakurritako izenburuen zerrenda ikusteak zirrara eragiten dit, gure literaturaren behinena baitago bertan, 1545ean hasi eta XXI. mendea arte.
Esker onekoa izan da Bilbao-New York-Bilbao. Gure aita arrantzalearen mundua jaso nahi izan nuen bertan, baina ez ohiko moldean. Beste era batera kontatu nahi nuen istorioa, forma berriak saiatuz. Horrela, liburuak sare egitura du, arrantzaleen treinarena, eta baita ere, mundura lotzen gaituen internet horrena. Eta sare horretan, arrainak ez baina kontakizunak datoz jasoak, koloretako istorioak, hangoak eta hemengoak, ezustean argitara ekarriak.
Mila esker Bilbo Zaharra euskaltegikoei eta liburua bere garaian posible egin zuten guztiei. Eta gurean eta kanpoan izan dituen irakurleei. Liburua, behin kalean, irakurleena baita, datorren ostegunez, eta Bilboko Arriagan, frogatuko den legez.