Iowako nazioarteko idazleen eskolara iritsi berri, 2017ko abuztuaren 21ean, eguzki eklipsea izan zen. Christopher Merrill bertako arduradunak eta gainontzeko irakasleek gertaera ikustera eraman gintuzten, idazleen etxearen patioan bertan, horretarako utzi zizkiguten betaurreko beltz batzuekin. Eklipseak ez zuen asko iraun egia esan, bi minutu luze, eta ostean, bizitza lehengo bidera itzuli zen.
Mundu zabaleko idazleak gonbidatzen dituzte urtero Iowara. IWP programak munduko kulturen arteko elkar ulertzea eta bakezaletasuna sustatzen ditu 1967tik. Unibertsitateko liburutegian haren ibilbidearen agiriak daude ikusgai. Adibidez, Orhan Pamuk izeneko gazte baten gutuna ageri da, handik urte batzuetara Nobel Saria jasoko zuen idazle bera.
Iowara idaztera joaten da. Han idatzi nuen, ibai ondoko Arte liburutegian, Saturraran operako libretoaren lehen bertsioa, oso-osorik. Han hartu nuen denbora, konfiantza eta adorea hura egiteko. Nik bezala, beste hainbat idazlek ere burutu zituzten bertan euren egitasmoak, munduko hainbat hizkuntzatan.
Orain, Iowako eskola ere diru-laguntzarik gabe geratu da. Ez omen da gehiago interesgarri. Bere garaia pasatu dela diote.
Eguzki-eklipse hura hartu dut gogoan. Eta Estatu Batuetan bizitzen ari garen beste eklipse handi hau. Iowako hura pare bat minututan pasatu zen. Ea oraingo honek zenbat irauten duen.