Arteak eta gizarteak aurrera egiten du ezezkoa baiezko bihurtuta. Ezinezkoa uste dena egia bilakatuta. Debekuari aurre eginez. Eskubideak lortzen dira ezezkoa baiezko bihurtuta.
Saturraran opera baiezko horren aldarria da. Ezin maitatu ziren bi emakumek elkar maitatzen dute. Zergatik ez? Zergatik mugatu behar dugu maitasuna? Zoriontsu egiten gaituen gauza handi hori?
Ane euskalduna, Luna andaluziarra. Bi tradizio, bertokoena eta migratzaileena, amets berarekin. Heroinaren mundu ilunak harrapatuko ditu. Ondo gogoan dut sasoi hori, nerabea nintzen arren. Herrian, etxean bizi izan genuen. Baita haren atzea ere, hiesaren epidemia.
Beldur handia zegoen gizartean, eta ezjakintasuna. Markatua geratzen zinen, baztertua. Baina , orduan ere, zorionez pixkanaka jendea antolatzen hasi zen, amak lehenik, lagunak gero, eta azkenik gizartea.
Garai horiek bizi izan zituzten gazteak ekarri nahi izan ditugu gogora operarekin. Askoretzat elitearena den disziplina, kaleko pertsonei buruz hitz egiteko.
Belaunaldi oso bat. Batzuk orain gurekin ez daudenak. Izen-abizenak zituzten, Pertsona lirainak, bizizaleak, ameslariak. Nahi izan zutenak libre izan. Irakatsi zigutenak libre izaten.
Bai, izan behar da entzun txarrekoa batzuetan. gizartea hobetzeko, eskubideak lortzeko guztientzat, Libertatea denontzat. Tradizioaren kateak gure gainetik kentzeko, moral estuarenak. Ahanzturarik ez, mesedez, oroimena. Aingeru eder erorien aldarria. Ezen aingeruak baitziren.
Gizabanako librea maite dut nik, hura maite eta babesten duen komunitatean.
Eta hori lortzen da bakarrik ezezkoa baiezko bihurtuta.