Jakin dut podcast honen entzuleen artean batzuk euskara ikasleak zaretela. Poztu egiten nau horrek. Eta zuei eskerrak eman eta gorazarre egin nahi nizueke oraingo honetan, zuengatik baikara ez bakarrik handiago baizik eta askotarikoago ere bai.
Euskara ez da bat bakarra, era asko daude euskaldun izateko, hiztunak adina, esango nuke. Inor ez da bestea baino euskaldunago, denok gaude maila berean, hizkuntza erabiltzen dugun neurrian.
Euskalduna da “euskara duena”. Euskalduna izateko ez da behar borondatea besterik. Hizkuntza jakinez gizataldeko kide izango zara. Ez du zerikusirik pasaportea izatearekin, ez mugekin ez antzeko aferekin. Tokion bizi liteke euskaldun bat, nahiz eta Japonian jaiotakoa izan, euskara ikasi baldin badu. Areago esango nuke, euskalduna izateko ez da Euskal Herrian bizi behar. Izan zaitezke euskaldun Amerikan, Asian, Afrikan edo Ozeanian bizita. Euskal Herrian bizitze hutsak berez ez zaitu egiten euskaldunago. Euskararen komunitateko kide izatea da kontua, nork bere erara, nork bere neurrian, hizkuntza hitz eginez, han edo hemen.
Euskara ez da beste hizkuntza bat. Euskara balore batzuei lotua dago: boluntarismoa, altruismoa, justizia, duintasuna. Planeta bizi eta kulturatan jasangarria bihurtu nahi bati. Mundua hobetzen ari zarete euskaraz ikasita. Sentitu hori.
Baina ez hori bakarrik. Euskaraz ikastea, euskararen uretara jauzi egitea, pertsona bezala, bigarren bizitza bat hasteko aukera ere bada, bizitza, beharbada, osatuago bat.
Eskerrik asko zuen ahaleginagatik.