Aubudon Terrace Historic District deitzen da New Yorkek duen toki ia sekretu bat. Bertan kokatzen da Hispanic Society izeneko liburutegi eta museoa eta baita Estatu Batuetako arte eta letren akademia ere. 155. eta 157. kaleen bitartean, hiriko gainontzeko museoetatik aparte, Washington Heights deritzon auzo bizi eta askotarikoan.
Tokia ez oso ezaguna, turista asko ez da hurreratzen hara. Baina gunea ikusgarria da, ondoan du hilerri zahar bat, nondik ikusten den Hudson ibaiaren zabala.
Hispanic Society museoko bilduma bikaina da: Velazquez, Greko, Goya eta hainbat gehiago. Badago gela oso bat Joaquin Sorollaren mihiseez osatua, olio koadro eskergak. Zortzi urtetan egon zen margolaria hura burutzen. Sekulako lana, hil ere egin zen artista, erakusketa zabaldu aurretik.
Archer Milton Huntington zeritzon ameslari baten ametsa da Aubudon Terrace gune osoa. Trenak eraikitzen aberastu zen familia bateko kide, endaz jaso zuen dirua kulturan gastatzea erabaki zuen. Maitemindu zen Iberiar munduko arteaz eta koadroak eta liburuak erosi zituen, bilduma ikaragarri handi bat eratu arte. Nahi zuen jendeak horiek musutruk ikustea eta gaur egun ere horrela daude ikusgai lanak, debalde.
Museoaren kanpoan bada patio bat eskultura erraldoi batzuekin: Cid gerlaria zaldi gainean, Kixotearen erliebea… itzelak. Irudiak denak ere gizonezkoenak, museoaren fatxadan agertzen diren izenak bezalaxe: Cervantes, Camoes…
Bada, agian jendeak ez dakiena da eskultura ikusgarri horiek emakume batek egin zituela, Anna Hyattek, Huntington haren emazteak. Estatu Batuetako eskultorerik ezagunenetakoa da Hyatt Huntington. Berak eginak dira New Yorkeko Joana Arkukoa edo José Martiren irudiak. Denak ere zaldi gainean. Ez zegoen munduan zaldiak hobeto zizelkatzen zuen artistarik. Annaren aita Harvard -eko irakaslea zen, paleontologia eta zoologian aditua, eta hark sartu zion animalientzako maitasuna. Eskultore ezaguna izan zen bizian, eta ez Huntingtonen emaztea zelako. Berak egin zuen bere bidea.
Ez alferrik bikotekide biek egun berean betetzen zituzten urteak, martxoaren 10ean. Biek berdin.