Ezaguna da amesgaizto hori, non eskolara bueltatzen zaren berriz, azterketak gainditu gabe dituzula. Bada, halako zerbait bizi izan genuen pasa den asteburuan. Alabaren bigarren hezkuntzako eskola publikoak, Bard Queens deritzonak, ate irekien eguna ospatu zuen eta izena eman genuen, animatuta.
Hasiera lasaia izan zen. Kafetegian kafea eta bagelak eskaini zizkiguten nagiak ateratzeko. Aukeran materia desberdinak zeuden eta Nereak eta biok erabaki genuen onena bakoitza eskola batera joatea izango zela. Hark, matematika klasea hautatu zuen. Nik, berriz, latina.
Latinezko klasea Hildegard von Bingen erdi aroko idazle eta musikariari buruzkoa zen. Hasieran, Hildegarden bizitzari buruzko xehetasunak eman zizkigun irakasleak: nola monja izanik irakurketa, idazketa eta kantagintzarako emakume talde bat bildu zuen, bere konbentu propioa izatea lortu zuela eta berandu hasi zela idazten, ia berrogeita hamar urterekin. Gauez izaten zituen irudipenei buruz idazten zuen, oso liburu surrealistak, Europa osoan famako egin zirenak.
Ordura arte, dena ondo. Baina bat batean irakasleak paperak banatu zizkigun eta lanean jarri gintuen. Hiru minutu genituen latinezko testu zaharrak irakurtzeko eta klasearen aurrean gure iritzia emateko. Estutu egin nintzen. Gainontzeko gurasoek gainera egoki erantzuten zituzten irakaslearen galderak baina nik ez nekien zer esan.
Nola? Aterabide klasikoa egin zuen. Komunera joan ahal nintekeen galdetu irakasleari. Eta han, komunean ezkutatuta, gogoan hartu nuen alabari egunero esaten dioguna, nota onak atera behar dituela, gogor egin behar duela lan eta txaplata hori dena. Baina ohartu nintzen nik neuk ez nuela materia hori gaindituko. Agian, alabarekin ez nintzen izan behar hain zorrotza.
Eskolak bukatu zirenean Nerea eta biok berriz elkartu ginen.
Zer moduz?
Gustura, esan zidan Nereak, maite ditut zenbakiak.
Eta, zu?
Ni? Zoragarri…