Alaba paper batzuekin iritsi da etxera. Eskolan banatu dituzte. Emigranteen eskubideei buruzkoak dira. Goardiak bila badatoz jakiteko zer egin. Egon da polizia sarekadak egiten New Yorken, paper gabeko migrariak harrapatzen. ICE deitzen da migrarien polizia. Bitxia da ICE inizialek “ice” hitza osatzen dutela ingelesez, “ice”, “izotza”, edo “horma”, euskaraz. Mugan eraiki nahi den horma erraldoi hura bezala.
Hainbat aholku datoz eskolan banatutako orrian: jatorrizko herriko pasaporterik ez erakusteko poliziei, ez erantzuteko haien galderei, eta etxera bila baletoz, aterik ez zabaltzeko eskubidea duzula.
Aholkuak ez dira emigranteentzat soilik, guztiontzat dira. Eskatzen zaie hiritarrei atxiloketa bat ikusiz gero mugikorrarekin grabatzen hasteko, giza-eskubideak urra ez daitezen horrela.
Emigranteen aurkako oldarra presidente berriak hartu zuen lehen erabakietako bat izan zen. Gero etorri dira beste ehundaka agindu, zerrendatzeko ere gehiegi direnak, baina guztiak ere larriak: arantzelak, langile federalen kanporatzea, Groenlandia, Panama eta Kanadaren barneratzea, unibertsitateei mehatxuak, Gaza hotel bihurtzea, transena, azkena Ukrainakoa… zenbat agindu egun gutxi batzuetan. Hainbeste, ezen oso zaila den erantzuna ematea. Egia da eskoletan orri horiek banatu zituztela, baina kalean ez da ikusten zalaparta handirik. Gizarte zibilak ez daki oraindik nondik jo, oposizioa izoztuta dago. Trumpen lehen agintaldian erantzuna berehalakoa izan zen, oraingo honetan, ordea, ez.
Bitxia zen ikustea Trump, Musk eta haren seme txikia bulego obalean, agindu berriak ezagutarazten. Lehengo biak ahobero aritu ziren. Umea isilik geratu zen. Hiruetan burutsuena, bera.