“Drill” esaten zaio eskolan sute bate edo arma-eraso bat egonez gero egiten diren simulakroei. Umeek horrela ba omen dakite zer egin halako zerbait benetan gertatuz gero. Gure seme-alabek ere izaten dituzte horrelakoak. Beraientzat gauza normala da, baina ez litzateke behar.
Pasa den astean bertan, alabaren eskolan armak detektatzeko “kontrol sorpresa” izan zuten. Egun bat lehenago, semearen eskolatik mezu bat jaso genuen. Haren eskolaren parean dagoen institutuan gertakari bat izan zen. Norbait susmagarria sartu zela pentsatu zuten eta hala institutuko nola inguruko eskoletako ikasle guztiak geletan itxi zituzten. Mezuak zioen, bukaeran, lasai egoteko, alarma faltsu bat izan zela dena.
Eta, ez balitz?
Eskoletako arma erasoak berebiziko arazo bihurtu dira Estatu Batuetan. 2012tik hona ugaritu egin dira gainera. Kontua da erasotzaileak ez direla izaten ezezagunak, ez dira lapurrak edo kartzelatik ihes egindako kriminalak. Ez, eskola bertako ikasle edo ikasle ohiak izaten dira. Eta kasurik gehienetan beraien etxean bertan lortzen dituzte armak. Etxeko armairuan.
Aldiro azaltzen dira han eta hemen eskoletako arma erasoen estatistikak. Ez dakit zenbat hildako, ez dakit zenbat zauritu. Datuak eta datuak. Hala ere, agintariei kosta egiten zaie erabakiak hartzea.
Zenbakiak zenbaki, goizero eskolara motxilarekin doana nor bere seme-alaba denean, gauzak oso bestela ikusten dira.
Umeak baino ez dira, bizitzaz gozatzen hasiberriak.