Metroan noala, aldiro aplikazio berri baten iragarkia ikusten dut. Lana lortzeko, bikotekidea aurkitzeko, ilea ez erortzeko.
Horren karietara, duela egun batzuk solasaldi bat izan nuen gauza hauetan aditua den lagun batekin. Aplikazio baten berri eman zidan. Gauza txarren aplikazioa. Momentuan gertatzen ari diren krimenen berri ematen dizu. Eta abisatu, zure kokapenaren arabera. Horrela, jakingo duzu zure ondoko kalean lapurreta bat izan dela, alboko parkean kolpatu egin dutela norbait, edo poliziak atxilo egin duela zein edo zein hiru karrika beherago.
–Eta hori zertarako?, galdetu diot.
–Segur egoteko– erantzun dit berak, horrela badakizu nondik nora ibili ahal zaren eta nondik ez.
Pentsakor jarri naiz. Segurtasuna baino beldurra sortuko ez ote duen galdetu diot neure buruari.
–Eta alderantziz egingo bagenu?– esan diot.
–Nola alderantziz?
–Esan nahi dut, gauza onak gertatzen ari direla kontatzen duen aplikazioa, une honetan parkean umeak jolasean ari direla, kale bat gorago lagun talde bat ondo pasatzen ari dela, auzokoa liburuaz gozatzen ari dela, hiru karrika beherago neskato batek musu eman diola beste bati. Eta horrela.
Muturra okertu dit.
–Eta nork nahiko luke aplikazio hori?– galdetu dit– Ez luke ezer salduko. Jendeak ez du jakin nahi besteak zoriontsu bizi direla, ez dutela arazorik, norbera izorratuta dagoenean.
–Ados. Orduan, zein dela esan duzu gauza txarren aplikazio hori?