Lainotuta esnatu da igandea, eraikinak ia ez ziren ikusten, euri txikiagatik.
Zorionez, bazkalosterako saretu egin da zerua, eta eguzki izpiak ere agertu dira tarteka. Riverside Parkera atera gara oinez egitera. Gereziondoen lore zuriak ikusgarri zeuden. Argazkiak ateratzen ari ziren hiritarrak, haien magalean. Batzuk zelaietan merienda egitera ere animatu dira, mantak belatzeetan zabalduta. Auzokideak hasi dira lorategi komunalak atontzen, bazterrak garbitu eta landareak aldatzen, auzolanean. Parkeko tabernak oraindik pertsiana botata zeukan baina berdin berdin eseri da jendea terrazan, etxetik eramandako garagardoa edaten. Nesken taldeak nabari ditugu beisbolean jolasten. Banku batean eseri eta haien begira egon gara, denbora luzez. Barrez, konturatu gara oraindik ez dugula jokoa osorik ulertzen, konplexuegia gure europar burmuinentzat. Pozik zebiltzala elkarrekin, hori bai ulertu dugula. Puntu bakoitzeko, elkar besarkatzen zuten. Atzerago, Hudson ibai sendoa, itsasoa bezain zabal. Urre kolorekoa hasieran eta laranja gero. Ilunabarra New Jerseyko erriberan. Etxerako ordua.
Mundua maldan behera doan honetan, berririk gabeko eguna izan zen atzokoa.
Beste egun bat, azkenean.