Ez dakit non irakurri dudan urteko egunik tristeena dela gaurko astelehen hau, urtarrileko hirugarrena. Egun iluna delako, argi ordu gutxirekin, eta urte berrian izaten ditugun asmo on horiek okertzen hasten direlako. Donostiar eta azpeitiar batzuentzat ere izango da goibela, parrandazaleentzat batez ere. Hemen ez dugu San Sebastianik baina jai eguna bada, Martin Luther King handiaren eguna. Justiziaren lerroa etengabe aurrera doala esan zuen hark. Esan ez ziguna da lerro hori ez dela beti zuzena, atzera ere egiten duela batzuetan aurrerabideak. Medioetan oso gutxi hitz egiten da Luther Kingen egunaz. Bitxia da eskubide zibilen aldeko aktibistaren egun berean izatea Trump presidentearen bigarren kargu hartzea. Urteko egunik tristeenean hau ere.
New Yorken ez da ia hitz egiten agintaldi berriaz, ez dago urduritasunik, egoera irregularrean dauden etorkinen artean izan ezik jakina. Onartu egin da. Hiritarrek badakite haize alde eta haize kontra bizitzen. Onartu egin da Trumpen garaipena eguraldiaren okertzea onartzen den bezala. Ekaitza zetorrela bagenekien eta aurreko egun hauek ekaitza aurreko horiek bezalakoak izan dira, lasaiak, jakinik egoerak okerrera egingo duela.
Azokako baserritarrek ohi baino bizkorrago jaso dituzte gauzak. Ogia musutruk eman digute postua lehen bait lehen altxatu behar zuten eta. Elur erausiaren beldur ziren. Iragarrita zegoen. Arratsalderako hasi da elurra, mara mara, bizkor estali ditu bazterrak.
Jai eguna profitatuz familiak haurrekin aterako dira parkeetara astelehenean, aldapan behera ibiliko dira barrez. Oroitzapen polit batzuk urteko egunik tristeenean. Ezen elurra ez baita betirako, eta presidente hau ere ez.