Joanes Illarregi Marzol. Leitzan (Nafarroa) jaioa, 1999an. Bere jaioterriko bertso eskolan egin zituen lehen pausoak, eta 2007an parte hartu zuen lehen aldiz Eskolarteko Txapelketan; hirutan izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelduna. Lau aldiz hartu du parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan: finalerdietara iritsi zen 2017an, eta azken hiru aldietan —2019, 2021 eta 2023— laugarren postua erdietsi zuen. 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalera iritsi zen.
Doinua: Kantuz sortu naiz eta
Zakarrontzi horiak
Ezin beteago
Ditugun garaiotan
Guztia akabo
Oxigenoa al den
Sinestuta nago
Berau behar baitugu
Geroz ta gehiago
Oxigenoa al den
Sinestuta nago
Joaten naizen toki
Guztietan dago.
Mendira joan arren
Purutasun bila
Bide bazter denetan
Lata ta kolilla
Plastikoa lurrean
Geratu dadila
Gel, barrita, Isostar
Eta gatz pastilla
Plastikoa lurrean
Geratu dadila
Lehengo mendiak dira
Gaurko zabor-pila.
Supermerkatuena
Aipatu nahi nuke
Lotsa izpi bat eman
Beharko liguke
Platanoa plastikoz
Ontziratzen dute
Euro terdi gehiago
Graziaren truke
Platanoa plastikoz
Ontziratzen dute
Ta aurpegira barre
Egiten digute.
Kirurgia plastiko
Ongi pagatua
Gure minak probesten
Ditun merkatua
Ezagutuko dugu,
Madarikatua!
Itxurarena denez
Gai delikatua
Ezagutuko dugu,
Madarikatua!
Zahartzen ez den pertsona
Plastifikatua.
Honek autokritika
Pixkat merezi du
Bertsolariok dena
Ere ez dakigu
Gaiak heldulekurik
eman ez badigu
Berdin kantatu behar,
Baten faltan hiru
Gaiak heldulekurik
eman ez badigu
Plastikozko bertsoak
Irteten zaizkigu.
Gizarte likidoan
Ze harreman mota
Pertsona jarri dugu
Pertsonaren kontra
Jendea kontsumitzen
Ohituta dago-ta
Plastikozko harreman
Etengabe(e)n soka
Jendea kontsumitzen
Ohituta dago-ta
Bat sortu, erabili,
Aspertu ta bota.
Gaurkoak honeraino
Bukatuko dut, bai
Bertso bidez ez dut ta
Inor kutsatu nahi.
Sorta hau entzutean
Bi bide, nolanahi:
Ez bazaizu gustatu
Ez nago zure zai
Sorta hau entzutean
Bi bide, nolanahi:
Ta gustatu bazaizu
Berziklatu lasai!