Lisipe bildumako hamabosgarren zenbakia eman du Susa argitaletxeak: ‘Euskal Herriko greba feministak. Diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik’. Eta autorearekin egin dugu hitzordua Berria FMn: Uma Ulazia politologia izan da gurean. Freskatu ditugu 2019ko eta 2023ko greben oihartzunak, eta hark esplikatu dizkigu lanuzte horietako diskurtsoen ñabardurak eta efektuak. Edonola ere, podcastean nekez egin geniezaiokeen eskapu Iñigo Errejonen auziari. Hari ere dedikatu dizkiogu hainbat hitz.
Diskurtsoaren jabe izateko
Izatekotan, marroia
Urriaren 19a Bularreko Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Aurtengoa joana da, baina beti da garaiz hari heltzeko. Izan Inurri elkarteko kide eta sortzaile Julene Illarramendirekin aritu gara gaitzaz eta gaitza inguratzen duten beste hamaika kontuz: hil arte bizi nahiaz, «urri arrosak» sortzen duen amorrazioaz, hizkera belikoaz, osasun sistemak helarazten dituen mezu matxistez. Bestalde, ‘Bularretik ehundutako aitortzak’ dokumentala ondu dute Leitzan, eta protagonisten ahotsak ere jaso ditu Berria FMk.
Oholtza hartzeaz
Ezinbestean, musika eszena transfeministari buruzko saio batekin ekin dio Berria FMk denboraldi berriari. Alex Sarduik esan zuelarik Euskal Herriko musikagintzan «genero diskriminiaziorik» ez dagoela, master amaierako lana aurkeztear zen Udane Barinagarrementeria Laka: 'Euskal Herriko musika-eszena (trans)feministen gorputz etnografia bat: Elkarrekikotasunak, afektuak eta berresanahitzeak'. Eta deitu diogu, eta harekin mintzatu gara punkaz, oholtza hartzeaz, izerdiaz, biolentziaz, «xamurtasun erradikalaz».
Harro; betiere, politiko
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren ingurumarietan bukatu du denboraldia BerriaFMk. Eta abagunea baliatu du erreparatzeko, batetik, azkenaldian lerroburuetan bistaratu diren gorroto delituei eta erasoei, baina baita, orobat, ‘pinkwashing’-ari, LGTBI mugimenduaren ahalduntzeari, gozamenari eta besteri ere. Bilbao Bizkaia Harro jaialdiaz, kritiko, Be Macias; erresistentziaz eta saretzearen ahalmenaz, Maite Morales eta Ainhoa Ayerbe. Queertopiaz eta bestelako mundu batez, Dom Campistron.
Sinestu, babestu, osatu kolektiboan
Zelaitik kanpo ere irabaztekoak
Futboleko euskal taldeek lerroburu ugari eman dituzte asteotan. Esaterako, Espainiako Kopako finala jokatu du Realak, eta lehenbiziko mailara igotzear izan da Osasuna. Biek egin dute kale, baina BerriaFMri abagune ederra iruditu zaio emakumezkoen futbola izateko hizpide; dakitenei galdetuta. Ainhoa Tirapu, Ane Azkona, Arene Altonaga eta Jone Bastida lagun, arakatu dugu lan baldintzetan, ikusgaitasunean, futbol sistemaren barreneko biolentzietan, eta egiteko dagoen bidean.
Instituzioa eta (ez)amatasuna
Aurten, Euskal Herri osoan da Amaren Eguna maiatzean. Zoriontzeko eguna ote den, ordea, duda dute askok. Ez ote den gehiago komeni data hausnartzeko baliatzea: hausnartzeko amatasuna nolakoa, amatasuna noiz, amatasuna nork, amatasuna norekin. Are gehiago: «Amatasuna bai?». Emagineko kide Ainara Lasari esker aletu ditugu ama direnenak eta ez direnenak. Hitz egin digu amatasunarekin loturiko iruditerian arrakalatu beharrekoez eta bestez. Bestalde, tamalez eta amorruz, Euskal Herrian izandako beste hilketa matxista bat ere izan dugu hizpide.
Babesgune berri bat
Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa ireki dute Iruñean: eguneko 24 orduetan izateko zabalik, urteko egun guztietan. Bertan izan da BerriaFM, eta hura ekarri dute, hala, uhinetara. Hitzorduak balio izan du, gainera, hausnartzeko sexu erasoen ikusgaitasunik ezaz, halako biolentziak salatzeko premiaz eta salaketak ez jartzeko eskubideaz. Biktimen askotariko beharrez eta gizartearen ardurez.
186 egun paseak
Internetek dio sei hilabetean 4.380 ordu kabitzen direla, 186 egun. Hori baino gehiago joan da, beraz, Israelgo Armadak urriaren 7an Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik. 33.000tik gora dira hildakoak, halako bi baino gehiago zaurituak, eta armadak dio «asko» falta dela gerra amaitzeko. Hari erreparatu dio Berria FMren azken saioak, Ane Irazabal kazetariaren laguntzarekin. Ari baikara gabarrari begira, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei so ere bai, baina Palestinan zer?
Norabidea zaintzeaz
Urtebeteko bidea egin du Berria FMren bigarren aldiak; hain justu ere, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ingurumarietan. Bi motibo horien karietara, mikrofonoak jaso, ohiko estudiotik atera, eta Iruñeko Katakrakeko egongelara ekarri dugu podcasta. Eta jendaurrean grabatu. Uzuri Castelo soziologoa eta Ainhoa Olaso Bilgune Feministako kidea lagun, feminismoaren azkenaldiko lorpenez, erronkez eta mugarriez mintzatu gara, sakon: zaintzaz, zaintzeko baldintzez, zaintza itunaz, zaintzeko konpromisoaz. Zuzeneko grabaketa horren emaitza da saio hau.