Jazarpen makina - Jazarpen ekonomikoa
Harpilaketa
Kolpe militarra jo orduko, faxistek arerioaren jabetzak ostu zituzten. Gerra finantzatzeko modu bat zen. Baita zenbaiten ondarea besteren kontura puztekoa ere. Inkautazio, bahimendu, donatibo, isun... lapurretari izen asko eman zizkioten, eta harrapaketa arautzeko legeak berehala ezarri zituzten: matxinadarekin bat egin ez zuten alderdi, sindikatu eta banakoei ondarea dekretuz konfiskatuz, Ondasunen Inkautaziorako Batzordeak sortuz eta Erantzukizun Politikoen Auzitegia eratuz.
Euskal lurraldeetan izan zuten lana. Bizkaian, batez ere, alderdi eta sindikatu indartsuekin, industria astunarekin eta burgesia abertzale aberatsarekin. Sotatarrak bihurtu ziren horren ikur. Bilbo hartu eta hiru egunera, frankistek Sota-Aznar konpainiaren hiri erdiguneko bulegoetan ezarri zituzten Bizkaiko Inkautazio Auzitegi Bereziak. Ez zen kasualitatea. Hainbat meatzeren eta La Polar aseguru etxearen jabea zen. Eta Sota-Aznar ontziteria komertzialaren (43 ontzi zeuzkan) akzioen %40rena. Jabetza guztiak bahitu zizkioten faxistek, abertzalea izatea leporatuta. Hildako aita, neba-arrebak, ama, koinatuak isunekin zigortu zituzten. Gaur egungo dirutara pasatuta, 4.270 milioi euroko isuna ordainarazi zieten.
Monte Albertia ontzia Pasaiako portura diruz betea heldu zeneko irudiak. 1939ko abuztua zen.
Euskalduna ontziolen sortzailea zen Ramon Sota Llano. Erantzukizun Politikoen Auzitegiak 100 milioi pezetako isuna ezarri zion 1939an, hil eta hiru urtera.
Bizkaiko aberastasuna, milioi pezetatan, 1937ko irailean
Bizkaiko Inkautazio Batzordea herrialdea konkistatu bezain pronto eratu zuten frankistek. Lehen lana izan zuten bertako ondasunen balioa kalkulatzea, estatuak inkautazio bitartez jaso zezakeen zenbatekoa jakiteko. 1939ko maiatzean, batzordea desegin zenean, 5.000tik gora txosten zituen bukatzeko; lortu zituzten etekinen zenbatekorik ez da ezagutzen. Ezta Gipuzkoako 2.481 txostenena ere. Azken herrialde horretan, 7 milioi pezetatan zenbatu zituzten batzordeko funtzionariek beraiek mugitutako diru kopurua.