Depurazioak

Irakasle eta bestelako funtzionario publikoen artean beren aldekoak ez zirenak otarreko sagar ustelak bailiran markatzea egiteko garrantzitsua izan zen agintari frankistentzat. Bizkaia eta Gipuzkoa konkistatu orduko herrialdeotako kontzertu ekonomikoa indargabetzeak eragin zuzena izan zuen, gainera. Erregimena eraikitzeko zumeak ondo aukeratu nahi zituzten frankistek.

Bizkaia hartu orduko, irakaskuntzako funtzionari guztiak langabetu zituzten behin-behinean frankistek, eta 20 eguneko epea eman zieten Valladolideko Unibertsitateko errektoreari agiri bidez beren joera politikoak eta 1936ko uztailaren 18ra bitarteko ibilerak azaltzeko. %30 zigortu zituzten. Haietako 229, langabeziara kondenatuta. Gipuzkoan, irakasleen %27 zigortu zuten (%13 lanik gabe utzita). Nafarroan, 229 irakasle zigortu zituzten gutxienez: %24; eta Araban, % 7,6.

63%

Bizkaian zigortutako udal eta foru langileak

Bizkaian, 2.050 udal langile (%52,6) langabetu zituzten, eta diputazioko langileetatik 500 (%42,3). Beste askok lanpostuari eutsi zion, baina zigor ekonomikoa jaso ondoren. Inolako zigorrik jaso gabe lanari eutsi zioten Bizkaiko udal langileak %28 izan ziren. Nafarroan, gutxienez 733 pertsonek jasan zuten jazarpen laboral eta ekonomikoa. Gipuzkoan, gutxienez 398 udal funtzionari langabetu zituzten 1937ko martxoan, eta Donostiako Udalak 438. Araban, foru langileen %19 eta udal langileen %8 zigortu zituzten.

Haurrak iurizpide nazional-katolikoetan hezitzea lehentasuna izan zen agintari frankistentzat. Bideoan, Falangek 1938ko udan Gorlizen antolatutako udalekuak.