Mark Kurlansky idazleak berak idatzitako liburu bat oparitu. Oroitzapen liburua da, eta bere bizitzako pasarteak Hemingwayren figurarekin lotzen ditu. Nola ezagutu zuen idazlea txikia zenean, Idahon, eta gertakizun horrek bere bizitzan izan duen itzala. Zaletasun asko zituzten berdinak, itsasoa, literatura eta euskaldunonganako maitasuna, besteak beste.
Marken liburu gogokoen artean dago Agurea eta itxasoa. Badakizue kontakizuna, nola zortea galdua duen arrantzale kubatar batek harrapatzen duen marlin handi bat, bakarrik. Harrapatu bai baina hain arraina handia izanik ezingo du txalupara igo eta marrazoek jango diote ehiza. Arrainaren hezurdura hondartzan utziko du agureak. Eskuak hutsik joango da etxera baina mundu guztiak jakingo du zer harrapatu duen.
Badiote kritikari batzuk ametsaren arriskuaz ohartarazi nahi zigula idazleak. Ametsaren atzetik ibiltzea galbidea ere izan daitekela, ez baduzu lortzen.
Hori zuen buruan idazleak.
Liburua idatzi zuenean, Hemingway ez zegoen bere onenean. Aurreko nobelak kritika txarrak izan zituen. Amaitutako idazletzat zuten. Galdua zuela zioten gaztaroan izan zuen xarma eta trebetasuna. Berak ere bere buruaz zalantza egiten zuen, ea gauza on bat idazteko gai izango zen, alkoholarekin zituen arazoak kontuan hartuta.
Azken ahaleginean, Kuban entzundako istorio bat gogoan hartuta, gelan sartu eta maisu-lana idatzi zuen oso denbora gutxian. Agurea eta itsasoa ipuin bezala argitaratu zuten lehenik Life magazinean, eta liburu formatuan gero, hain izan zen arrakastatsua. Berehalaxe, entzute handia hartu zuen mundu mailan eta Literatura Nobel Saria ere eman zioten handik gutxira.
Bai, agureak bazekien arrantzan.