Eñaut Martikorena. Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen 1995ean. 2019ko Gipuzkoako Txapelketan hartu zuen parte, eta finalaurrekoetara iritsi zen. Horri esker, 2022an Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatzeko txartela eskuratu zuen. Azken horretan finalaurrekoen bigarren faseraino ailegatu zen.
Jone Uria | Chat BDB
Jone Uria Albizuri. Getxon (Bizkaia) jaioa, 1990ean. Matematikan doktore da, eta irakasle ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. 9 urterekin San Nikolas ikastolan eskolaz kanpoko bertsolaritza eskoletan izena eman ondoren, 12 urte zituela hasi zen ALBEn Algortako Bertsolari Eskolan, eta ordutik bertan jarraitzen du partaide zein eragile gisa. 2008an hartu zuen parte lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, eta finalaurrekoetara iritsi zen. Gerora final guztietan parte hartu du. Azkeneko bietan, 2021ean eta 2023an, buruz burukoan kantatu zuen. 2009, 2013 eta 2017 urteetako Bertsolari Txapelketa Nagusietan ere aritu da.
Ramuntxo Cristy | Zuri ta gorriz
Ramuntxo Christy. Aiherran (Nafarroa Beherea) jaioa, 1980an. 2000az geroztik Amikuzen bizi da eta Zuberoan lan egin. Hain zuzen ere, gaztetatik izandako bertso zaletasuna Mauleko bertso eskolan garatu du 2005etik hona. Euskal Irratietan Punttuka bertsolaritzari buruzko irratsaioa gidatu du Xan Alkhatekin batera. Bestalde, Xilaba txapelketan parte hartu du 2010az geroztik.
Paula Amilburu | Prokrastinatzaile, zuri
Paula Amilburu Izargarai. Aramaion (Araba) 1994an jaioa. 2007an Arabako Eskolarteko txapelketan parte hartzen hasi zen, eta 2012an txapelduna izan zen. Urte hartan bertan Arabako Kuadrilla artekoan parte hartu zuen, eta hurrengoan lehenengo aldiz aurkeztu zen Arabako Bertsolari Txapelketara. Aurten jokatutako txapelketako finalean hirugarren sailkatu zen. Bertxoko irratsaioaren esataria ere izan da. Bertso udalekuetan begirale, bertso-eskolako irakasle eta hezkuntza arautuan ere aritu izan da.