Abendua

Ustelkeriak jaso zuen zigorra

Arabako Probintzia Auzitegiak 'De Miguel auziaren' epaia eman zuen: hamabost lagun zigortu zituen eta 11 absolbitu. Frogatutzat jo zuen Alfredo De Miguelek, Aitor Telleriak eta Koldo Otxandianok iruzur egiteko «sare bat» eratu zutela.

Koldo Otxandiano, Aitor Telleria eta Alfredo de Miguel akusatu nagusiek jaso zituzten zigor handienetakoak . DAVID AGUILAR, EFE
edurne begiristain
2020ko otsailaren 13a
16:07
Entzun

Epaia, urtebete geroago. Urtea amaitzear zela iritsi zen Euskal Herrian izan den ustelkeria kasurik handienetakoaren epaia. Abenduaren 17an ezagutzera eman zuten De Miguel auziko sententzia, epaiketa amaitu zenetik urtebetera. Auzian epaitutako 26 lagunetatik hamabost zigortu egin zituen Arabako Probintzia Auzitegiak, eta beste 11 absolbitu egin zituen. Besteak beste, Alfredo de Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJren Araba Buru Batzarreko burukide ohiei hamahiru urte eta sei urte bitarteko espetxe zigorra ezarri zizkien, hala nola eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea egotzita. Hiru akusatu nagusiek jaso zituzten espetxe zigorrik handienetakoak, epaimahaiak frogatutzat jo baitzuen hirurek legez kanpoko komisioak kobratzeko «sare bat»eratu zutela hirigintza operazioekin iruzurra egiteko.

Alfredo De Miguel ABB Araba Buru Batzarreko kide eta Arabako Foru Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu izandakoari ezarri zioten espetxe zigorrik handiena: hamahiru urte eta hiru hilabete, baina gehienez bederatzi urte egongo da kartzelan. Epaimahaiak frogatutzat jo zuen legez kanpoko komisioak kobratzen zituen trama baten arduradun zela. Otxandianori zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten, eta sei urte eta sei hilabetekoa Telleriari. Fiskaltzak egotzitako ia delitu guztiengatik zigortu zituzten EAJko kide ohiak. 200.000 euro baino gehiagoko isunak ere jaso zituzten akusatuek, eta baita lanbide eta kargu publikoak izateko inhabilitazioak ere.

Hiru akusatu nagusiek ez ezik, Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari ohiak ere jaso zuen zigor handienetakoa: zazpi urte eta hilabete bat, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta influentzia trafikoa leporatuta. Zigorra jaso zutenen artean, hiru lagun prebarikazioagatik inhabilitatu zituzten, baina ez zituzten espetxera zigortu. Beste 11 akusatu absolbitu egin zituen auzitegiak, tartean, Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria sailburuorde ohia.

Nahasia eta konplexua izan da De Miguel auzia, ertz ugarikoa. Eta horren erakusle izan da epaimahaiak urtebete behar izan duela sententzia idazteko. Epaiketa 2018ko abenduaren 19an amaitu zenetik, urtebete igaro zuen Elena Cabero magistratuak ebazpena idazten. Aferaren tamainakoa izan zen iazko urte amaieran publiko egindako epaia: 1.185 orrikoa. Hasiera batean, iazko udazkenerako espero zen epaia urrirako esan zuten, baina auziaren konplexutasunagatik atzeratu behar izan zuten.

Cabero magistratuak idatzi eta Jaime Tapia eta Raul Aztiria epaileek sinatutako sententziak ez zuen boto partikularrik izan, eta frogatutako delituetan ez zuen zalantzarako tarterik utzi. Epaiak argi utzi zuen De Miguel legez kanpoko komisioak kobratzeaz arduratzen zen «elkarte sare» baten buru izan zela, eta sare hori egiteko «ardura politikoak edota instituzionalak» zituzten hainbat pertsonaren laguntza izan zuela. Zehazki, sententziak frogatutzat jo zuen De Miguelek, Telleriak eta Otxandianok 2005eko bigarren hiruhilekoan «elkarte sare » bat sortzea pentsatu zutela, eta, horretarako, EAJko kide izateagatik zituzten harreman politikoak eta administratiboak baliatu zituztela. Epaian azaldu zutenez, euren asmoak aurrera eramateko, beste akusatu batzuen «laguntza pertsonala edo enpresariala» jaso zuten, eta pertsona horiek haien zerbitzura jarri ziren euren buruak modu «ez zilegian» aberasteko. Ebazpenaren arabera, hiru akusatuek eratutako sarearen bitartez EAJk gobernatutako administrazio edo erakunde publikoen kontratu eta esleipenak «modu irregularrean» lortu zituzten; besteak beste, Kataia Consulting, Errexal eta Ortzi Muga enpresen bitartez. Epaiak zioenez, enpresa horiek ez zuten jarduera ekonomikorik, azpiegiturarik eta gaitasunik esleitutako lanak egiteko, baina akusatuek «sasienpresa» gisa erabiltzen zituzten komisioak kobratzeko edo legez kanpoko ordainketak jasotzeko. Frogatutzat jo zuen, halaber, De Miguel baliatu egin zela garai hartan politikan zuen goi karguaz eta harreman pertsonalez «legez kanpoko kontratuak eta esleipen publikoak lortzeko».

Aske, irmoa izan arte.

Arabako Probintzia Auzitegiak epaia eman eta gero, fiskalak zigor handienak zituzten auzipetuak berehala espetxeratzeko eskatu zuen, idatzi batean. Abenduaren 20an, eskariari buruz erabakitzeko auzi saioa egin zuten Arabako Probintzia Auzitegian. Zazpi lagun deitu zituzten: Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano, Xabier Sanchez Robles, Aitor Telleria, Iñaki San Juan, Josu Montes eta Iñaki Etxaburu. Epaileak aske utzi zituen denak, Espainiako Auzitegi Gorenak helegiteak aztertu eta epaia irmoa izan arte. Zazpi orrialdeko ebazpen batean, guztiei ezarri zien hamabostean behin epaitegira joateko agindua, baina Etxabururi eta Montesi ez zien pasaportea kendu. Zigor handienak jaso zituzten bost auzipetuei, halere, epaileak badaezpadako neurriak ezarri zizkien: ezin izango dira baimenik gabe Espainiako Estatutik atera, hamabost egunean behin joan beharko dute epaitegira eta edozein etxebizitza aldaketa jakinarazi beharko dute. Alabaina, ez zien berme ekonomikorik ordainarazi.

Bestalde, abenduaren 26an, Arabako Teknologia Parkearen Administrazio Kontseiluak bertan behera utzi zuen Stoa enpresari emandako kontratua, hark Miñaoko parke teknologikoa handitzeko hirigintza plana egin zezan adjudikatua. Parke teknologikoak jakinarazi zuen kontratua «baliorik gabe» utzi zuela, Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzi eta gero legez kanpo adjudikatu ziotela lan hori Stoari. Gorenak akusatuen helegiteei buruz erabaki bat ala bestea hartu, administrazio kontseiluak adierazi zuen kontratuak etenda jarraituko duela.

Zigortuak.

Alfredo de Miguel (Arabako diputatua 2007tik 2010era). Leporatutako delituak: Kapitala zuritzea, influentzia trafikoa eta prebarikazioa, besteak beste. Zigorra: hamahiru urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, eta espetxean gehienez bederatzi urte egotea erabaki dute. 351.690 euroko isuna jarri diote.

Koldo Otxandiano (ABBko kide ohia). Leporatutako delituak: Kapitala zuritzea, influentzia trafikoa eta prebarikazioa, besteak beste. Zigorra: Zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra. 182.006 euroko isuna.

Aitor Telleria (ABBko kide ohia). Leporatutako delituak: Kapitala zuritzea, influentzia trafikoa eta prebarikazioa, besteak beste. Zigorra: Sei urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra. 180.220 euroko isuna.

Ainhoa Bilbao (De Miguelen emaztea). Leporatutako delituak: Kapitala zuritzea eta zilegi ez den elkartea osatzea. Zigorra: Urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra. 178.420 euroko isuna.

Iratxe Gaztelu-Urrutia (Otxandianoren emaztea). Leporatutako delituak: Kapitala zuritzea eta zilegi ez den elkartea osatzea. Zigorra: Urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra. 178.420 euroko isuna.

Iñaki San Juan (Leioako Kultura zinegotzi ohia). Leporatutako delituak: Kapitala zuritzen, influentzia trafikoa egiten, eta prebarikazioan laguntzea, besteak beste. Zigorra: Bost urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra. 3.600 euroko isuna. 

Javier Sanchez Robles (Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazte eta Ekintza Komunitarioko zuzendari ohia). Leporatutako delituak: Diru publikoa bidegabe erabiltzea eta influentzia trafikoa, besteak beste. Zigorra: Zazpi urte eta hilabete bateko espetxe zigorra. 3.600 euroko isuna.

Josu Montes (Ortzi Mugako administratzailea eta Errexaleko langilea). Leporatutako delituak: Zilegi ez den elkartea osatzea, eta diru publikoa bidegabe erabiltzen laguntzea. Zigorra: Lau urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra. 3.600 euroko isuna.

Jon Iñaki Etxaburu (Urbanorma Consulting). Leporatutako delituak: Eroskeria, eta zilegi ez den elkartea osatzea. Zigorra: Bi urte eta bost hilabeteko espetxe zigorra. 53.600 euroko isuna.

Sergio Fernandez Oleaga (Stoa enpresako bazkide bakarra). Leporatutako delituak: Eroskeria, eta dokumentuak faltsutzea. Zigorra: Urtebete eta sei hilabete espetxe zigorra. 3.586 euroko isuna.

Josu Arruti Letamendia (Sidepurreko bazkidea). Leporatutako delituak: Influentzia trafikoa, eroskeria, eta zilegi ez den elkartea osatzea. Zigorra: Urtebete eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra. 162.000 euroko isuna.

Jesus Arruti Odriozola (Sidepur). Leporatutako delitua: Kapitala zuritzea. Zigorra: Bederatzi hilabeteko kartzela zigorra. 145.460 euroko isuna.

Julian Sanchez Alegria (Teknologia Parkeen Sareko presidentea, 2005-2009) Leporatutako delitua: Prebarikazioa. Zigorra: 14 urteko inhabilitazioa.

Maria Justina Angulo (Zanbranako alkatea,1995-2007). Leporatutako delitua: Prebarikazioa. Zigorra: 9 urteko inhabilitazioa.

Alfonso Arriola (Miñaoko Parkeko kudeatzaile ohia). Leporatutako delitua: Prebarikazioan laguntzea. Zigorra: 8 urteko inhabilitazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.