Azaroa

Planoak zaharberritzen, altzariak negoziatzen

Estatus politikoari buruzko eztabaidak agenda politikoaren erdigunean egon ziren. Eusko Legebiltzarrean, batzorde bat osatu zuten estatus politiko-juridiko berria lantzeko. Testu bat adostu zuten EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek.

Estatus juridiko-politiko berria lantzeko adituen batzordea, Eusko Legebiltzarrean. JON RODRIGUEZ, EFE
jon olano
2020ko otsailaren 13a
16:05
Entzun

Besteak beste, Gernikako Estatutuaren 40. urteurrenekoa izan zen 2019a, eta estatus politikoaren inguruko eztabaida agenda politikoaren lehen lerroetan egon zen, hainbat esparrutan: Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazio mahaian, indarrean dagoen estatutua betetzeko elkarrizketetan; Eusko Legebiltzarrean, Euskal Autonomia Erkidegorako estatus politiko-juridiko berri bat zirriborratzeko batzorde teknikoan; eta kalean, Gure Esku dinamikak erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioaren alde eginiko lanean.

Egutegi bat izan zen 2019. urte hasierako protagonista. Jaurlaritzak urteak daramatza Gernikako Estatutuaren arabera dagozkion baina oraindik Madrilen esku dauden eskumenak erreklamatzen, eta konpetentzia horien eskualdaketari egutegi bat ezarri zion Espainiako Gobernuak urtarrilaren 22an, Gizarte Segurantzari buruzkoak kanpoan utzita. Agenda horren arabera, 2019an 33 eskumen transferitu behar zizkion Pedro Sanchezen gobernuak Iñigo Urkullurenari, hiru bloketan banatuta. Sanchezek, ordea, otsailean iragarri zuen apirilaren 28an Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egiteko asmoa, eta bi gobernuek apenas izan zuten tarterik negoziazio mahaian aurrerapausoak emateko: AP-68 autobidearen kudeaketarena soilik hitzartu zuten. Apirilaren 28ko eta azaroaren 10eko hauteskundeek jardunean mantendu zuten Sanchezen gobernua, eta etenda geratu ziren negoziazioak. Espainiako Gobernua osatuta, Jaurlaritzak dokumentu beraren gainean egin nahi zuen lan estatutua ia erabat betetzeko. Nafarroan, trafiko eskumenak Foruzaingoari itzultzea adostu zuten Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Sanchezek, baina 2019a amaitu zen eskualdaketa gauzatu gabe.

Hori horrela, Gernikako Estatutuak lau hamarkada bete zituen urrian; 40 urte, lege organikoa urratuta. 1979ko urriaren 25eko egunez egin zuten hari buruzko erreferenduma, eta ez da antzematen duela 40 urteko adostasunik testuaren inguruan; PPk eta PSE-EEk baino ez zituzten egin urteurrena ospatzeko ekitaldiak.

Estatusa, areto itxian.Hain justu, estatus politikoari buruzko eztabaida betean heldu zen estatutuaren urteurrena. 2001ean Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Lantaldea eratu zutenetik, estatutua erreformatzeko ahaleginean ari dira, baina orain arte Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuraren babesa jaso zuen proposamen bakarrak, 2004ko estatutu proiektuak, Espainiako Kongresuaren ezezkoa jaso zuen 2005eko otsailean. Hori horrela, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politiko guztiek izendatutako aditu talde batek 2018ko urrian ekin zion Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarri eta printzipioen araberako testu artikulatu bat osatzeko lanari, eta zeregin horretan aritu ziren ia urte osoan. Legebiltzarrak emandako eginkizunaren arabera, ekainera bitarteko epea zuten horretarako, baina, epea amaitzear zela, bost hilabeteko luzapena eskatu zuen batzordeak, lanaren parte esanguratsu bat egiteko zuela eta.

Deliberazio lanak aditu taldeari ezarritako konfidentzialtasunaren eta hedabideetan agertutako filtrazioen artean garatu ziren, eztabaidaren testuinguruan Espainiako Gorteetarako bi hauteskundeak eta maiatzeko udal eta foru bozak zeudela. EAJk eta EH Bilduk adostu zituzten estatus politiko berriaren oinarri eta printzipioak, baina ezker subiranista izan zen batzorde teknikoaren erritmoaz ohartarazi zuen lehena; apirilean aurrena, esanez lanak oso motel zihoazela, eta maiatzean gero, iragarriz EH Bilduk denboran eta forman testu artikulatu bat aurkeztuko zuela aditu taldean bertan, legebiltzarrak agindu bezala.

Uda igarota eta epemuga berria azaroaren 30ean ezarrita, beste ohartarazpen bat egin zuen ezker subiranistak; oraingoan, edukien ingurukoa. Haren arabera, EAJ adituen taldean urardotzen ari zen Autogobernu Lantaldean adostutako oinarri eta printzipioak. Ordurako, zenbait hedabide iragartzen hasiak ziren Mikel Legarda, Arantxa Elizondo eta Alberto Lopez Basaguren —hurrenez hurren, EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk izendatutako adituak— ari zirela testu artikulatuaren ardatza adosten.

Azkenean, batzorde teknikoak abendu hasieran aurkeztu zuen txostena; EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek adostutako testu artikulatu bat, eta EH Bilduren eta PPren agiri propioak. Oinarriei eustea eta, ahal izanez gero, adostasunak zabaltzea zen adituen egitekoa, eta bi zereginak erdipurdi bete zituen batzordeak: adostasunei dagokienez, hirukoak boto partikular eta testu alternatibo ugari jaso zituelako artikulatu nagusian, EH Bildu kanpoan geratzeaz gain; eta edukiei dagokienez, oinarri eta printzipioetan jasotako batzuk desagertu egin direlako testu artikulatuan; besteak beste, euskal naziotasunaren aitortza eta Espainiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harreman konfederala. Kontrara, erabakitzeko eskubideari buruzko hiru formulazio jaso zituzten txostenean: EAJrena, Elkarrekin Podemosena eta EH Bildurena. Hiru proposamen mahai gainean, hurrengo legealdian lantzen jarraitzeko. Espainiaren gobernabidea subiranisten esku geratuta, Espainiako Gobernua horiekin negoziatzeko prest agertuta eta Kataluniako auzia konpontzeke, ikuskizun geratu zen gobernuak zer borondate eta ahalmen edukiko zuen estatuaren lurralde antolaketa moldatzeko, eta balizko aldaketa hori zenbaterainokoa izango zen.

Erreferenduma helburu. Beraz, erabakitzeko eskubideak eztabaida politikoa mamitzen jarraitu zuen, eta hura gauzatzeko erreferendumean jarri zuen indarra Gure Esku herri dinamikak. Apirilean azalberritu zen gizarte mugimendua, izena —Gure Esku Dago-tik Gure Esku-ra—, eta bozeramaileak aldatuta: Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk hartu zuten Zelai Nikolasen eta Angel Oiarbideren lekukoa. Bilboko Euskalduna jauregian egin zuten dinamikaren barruan ziklo berri bat zabaltzeko ekitaldia, eta bertan eman zuten «erreferendum bidez erabakitzea lortzeko herri ekinaldi» baten berri. Alvarezek azaldu zuen aro berrirako xedea: «Erabakitzeko eskubidea lege bihurtu nahi dugu. Erabakitzeko eskubidea estatus juridiko-politiko berriaren legezko oinarri bilakatzea dugu xede. Are gehiago, bizitza publikoaren esparru guztietan, eguneroko jardunaren arau bilakatu nahi dugu».

Beste herri mugimendu batek ere izan zituen lanak 2019an; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Euskal Elkargoaren norabideaz gogoeta egiteko urtea izan zuen Batera plataformak. Hiru urte ziren Ipar Euskal Herrirako instituzio komuna sortu zutela, eta hura demokratizatzeko pausoetan sakontzeko eskea egin zuen Batera-k. Iazko urtarrilean aurkeztu zuen herritar ikuskaritzaren ondorioak jasotzen dituen txostena, eta 27 gomendio proposatu zizkion Jean-Rene Etxagarai Euskal Elkargoko lehendakariari: tartean, herritarren informazioa eta parte hartzea hobetzekoak. «Herritar zaintza egin behar dugu, lobby lana, interpelazio lana hautetsiei... Ikusiko da nolako segida izanen duen, baina auditaren inguruan atzeman dugu formula bat aktibazio lanean segitzeko», azaldu zuen Nikolas Blain bozeramaileak. Instituzioaren geroaz hausnartzen segitu zuen ordutik aurrera ere Batera-k; besteak beste, irailean Baionan eginiko foro baten bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.