Norberak atera beharko ditu kontuak, baina BERRIAko euskara taldeak oldarraldi judiziala hautatu du 2024a definitzeko. Euskararen normalizazioa eragotzi nahi duten epaiek eta auzibideek zeresana izango dute erabaki horretan. Kontuak soka luzea du, tankera askotako ebazpenak izan baitira. Nolanahi ere, arlo publikoan lanean jarduteko ezarritako hizkuntza eskakizunen aurkakoak izan dira haietako asko. Doluminak, beraz, euskara salbu ikusi arte bizarra ez moztea erabaki dutenentzat.
Horrez gain, euskara taldeak atzera begira egin ohi duen moduan, hilabete bakoitzarentzat kontzeptu, toponimo, aditz edo esamolde bat aukeratu du; bide batez, hilabetea hitz bete bihurtuz. Ez da lan erraza hilabete guztiak lotzen dituen haria topatzea, baina gehien errepikatu diren gaiak klima larrialdia, gerrak eta indarkeria izan dira. 2024. urtea anabasa izan den seinale. Hona hemen aurtengo hitzbeteak.
Urtarrila: pinporta
Gauza txikia izateko aski handitu zen pinporta urte hasieran. Bizkaiko hondartzetan plastikozko bolatxo batzuk agertu ziren, eta, hasieran, Tocanao izeneko itsasontziarenak izango zirela zirudien. Izan ere, itsasontziak 26,3 tona plastikozko pinporta galdu zituen iazko urte amaieran, Portugal parean, eta gehienak Galiziako kostaldera ailegatu ziren, baita ingurumen krisi bat eragin ere. Orduan, erakunde publikoek esan zuten Bizkaiko hondartzetan halako batzuk agertu zirela urte hasieran, baina, AZTIk egindako ikerketen arabera, ez ziren ezbehar horrek eragindakoak.
Itsasertzaren kutsadurari aurre egiteko larrialdi plan bereziaren Itsasertza aholku batzordeak alerta egoera ezarri zuen, larrialdi fasera igaro gabe. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak Hiru anaiak eta Rokillo ontziak prest utzi zituen Santurtziko portuan (Bizkaia), sare berezi batzuez horniturik, plastiko zati txiki horiek jasotzeko.
Otsaila: laboraria
Andoni Egaña zutabegileak esan bezala, «aztoratuta» ibili ziren laborariak otsailean. «Aditza ez dut kasualitatez erabili. Aztorea inguruetan hegan sumatzean jotzen dute txitek, ezin egonda, kolkoaren babesera», argitu zuen zutabegileak. Laborarien protestak izan ziren protagonista urteko bigarren hilean.
Hain zuzen, Europako Batasunak klima krisiari aurre egiteko eta ingurumena babesteko jartzen dizkien baldintza gero eta gogorragoak salatu nahi zituzten laborariek. Ipar Euskal Herrian, FDSEA sindikatuak eta haren gazte adarrak (JA, Laborari Gazteak) abiarazi zuten mugimendua Baionan, goizeko seietatik A63 autobidea erabat blokeatuz. Horren ondotik, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak bat egin zuen horiekin. Halaber, berehala hedatu ziren mobilizazioak Hegoaldera. Horren adibide da ehun traktore inguruk Donostia erdialdea hartu zuten eguna.
Martxoa: harro
Martxoko harro hitzak berekin dakar herri. Izan ere, Irundik (Gipuzkoa) abiatu eta Baionaraino, 23. KorrikakHarro herri lelopean zeharkatu zituen Euskal Herriko bazterrak. Eskuz esku 2.792 kilometro eginda, 11 egun eta hamar gauetan, euskaldunek baieztatu dute badela herri harro bat, euskaraz bizi nahi duen herri harro bat, eta bere hizkuntzari herri eta ekosistema oso bat opa diona. Euskararen aurkako oldarraldiaren erdian, indar erakustaldia egin zuen Euskal Herriak bere hizkuntzaren defentsan.
Garazi Arrulak idatzi zuen aurtengo Korrikako mezua. Mezuan, Korrika «herri bat gose: euskaraz harro bizitzeko gosea» dela nabarmendu zuen idazleak, eta herri horrek ez duela euskararekiko «kontingentzia planik» nahi, baizik eta «egiazko trantsizioa».
Apirila: gabarra
Ziur aski athleticzale askok aipatutako hitza izan da gabarra. Hain zuzen, 40 urteren ondoren, argia ikusi zuen berriro Bilboko itsasadarrean, Athleticek Espainiako Kopa irabazi baitzuen. Horrela, 1984ko irudia gertaberritu zen, eta Ernesto Valverderen taldeak Javier Clementeren taldearen lekukoa hartu. Aurpegiak berriak izango ziren, baina eszenaratzea duela 40 urteko bera izan zen: Athleticeko jokalariak gabarran saltoka, eta milioi bat pertsona itsasadarraren inguruan pilatuta.
Eguneko protagonista zen gabarra, eta itsasadarraren bi alboak txiki geratu ziren hura ikusteko, txapeldunei gorazarre egiteko milioi bat pertsona inguru batu baitziren Bilbon. Gabarra bere orduan atera zen Getxoko kirol portutik, eta, bidea egin ahala, mundu oso batek txalotu zuen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eguerdirako esana zuen horrelako jendetzarik inoiz bildu gabea zela ekitaldi publiko batean, eta segurtasun operazio berezia beharko zuela.
Maiatza: Rafah
Palestina albiste iturri izan da aurten ere. Iaz, esaterako, Palestina hautatu zuen euskara taldeak urteko hitz gisa. Izan ere, Palestinak eta palestinarrek badute ukaturiko errealitateen seta berezi hori: estali nahi badira ere, etengabe azaleratzen direla, kolonizatzaileek entelekia hitzaren harlauzapean sartu nahi badute ere. Oraingoan ere, milaka tona bonbaren bidez estali nahi izan dute Palestina, eta, horregatik, Rafah izan da protagonista maiatzean.
Israelgo armada Gaza hegoaldeko hiri horretara sartu zen, horren kontrako lehorreko erasoaldia hasi eta ia hiru astera. Eraso horien ondorioetako bat Rafahko Kuwait ospitalea ixtea izan zen. Hilabete horretan, milioi bat lagunek baino gehiagok ihes egin behar izan zuten Rafah hiritik, Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak jakinarazi zuenez. Era berean, UNRWAk ohartarazi zuen herritar horiek ez zutela «eremu segururik» zerrendan.
Ekaina: sexu abusuak
Patxi Ezkiaga idazlearen (1943-2018) kontrako salaketak nabarmendu ziren ekainean. Sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen emakume batek aurrena, eta geroztik kasu gehiagoren berri izan da. La Salle ikastetxe erlijiosoko irakaslea zen Ezkiaga, Donostian, eta hango jardunaz baliatzen zen ikasle zituen neskei abusuak egiteko. Horren aurrean, instituzioek zein erakundeek neurriak hartu zituzten, hala nola «ohorezko lekutik» kentzea.
Ez zen hori izan hilabeteko albiste bakarra, ordea. Sexu harreman batean preserbatiboa kentzea edo ez jartzea, aurretik erabiltzea adostu bada, sexu askatasunaren aurkako delitutzat hartu zen ekain hasieran Hego Euskal Herrian. Hilaren akaberan, berriz, Jean Francois Esponde apeza sexu erasoak egiteagatik kondenatu zuten. Tartean, beste milaka albiste argitaratu ziren; bereziki, sexu erasoekin lotuak. Beraz, ez da kasualitatea ekaineko hitza sexu abusua izatea.
Uztaila: Paris
Lau urteren ondoren, Olinpiar Jokoak itzuli ziren. Aurten, Parisera. 10.500 kirolarik hartu zuten parte, eta horietatik 43 euskal herritarrak izan ziren. BERRIAk haiei erreparatu zien Jokoek iraun bitartean: egun bakoitzeko zortzi orrialdeko gehigarri bat kaleratzeaz gain, webgunean ere gertutik begiratu zien kirolariei. Nabarmentzekoa da Pau Etxanizek brontzezko domina bat irabazi zuela, eta Naia Laso skaterrak diploma lortu zuela bere estreinako Jokoetan; beste kirolari askok ere sariak lortu zituzten taldeka.
Abuztua: kaleko saltzaileak
Jaiak izan ohi dira nagusi udako hilabeteetan; aurten, ordea, haiek bezainbesteko oihartzuna izan dute kaleko saltzaileek. Aurretik tentsioa bazegoen ere, Bilboko Aste Nagusiko azken egunean lehertu zen auzia. Gauean zezensuzkoa egitekoak ziren, eta, 20:00ak pasatuta, udaltzainak bertaratu egin ziren kaleko saltzaileak botatzeko. Hainbat konpartsakidek aurre egin zieten agenteei, eta kaleko langileen kontrako oldarraldia salatu, «Polizia gure auzoetatik kanpo» eta «Bilboko konpartsak manteroekin bat» oihukatuz.
Geroztik, Ertzaintzak eta udaltzainek kaleko saltzaileen kontra darabilten bortizkeria salatzeko mobilizazioak antolatu zituen Manteroekin Bat plataformak. Bertaratu zirenek argi utzi zuten kaleko saltzailea izatea ez dela delitua, eta indarkeria ez ezik «arrazakeria poliziala» ere baztertzeko eskatu zuten.
Iraila: bilagailua
Libanoko eta Siriako pertsona bilagailuen leherketek eragin dute iraileko hitza bilagailua izatea. Hezbollah Libanoko talde xiitako kideek elkarrekin komunikatzeko erabiltzen zituzten hainbat bilagailuk eztanda egin zuten eta. 2.800 lagun baino gehiago zauritu eta gutxienez bederatzi lagun hil zituzten tresnen eztandek Libanon eta Sirian. Libanoko Gobernuak eta talde xiitak Israeli leporatu zioten erasoa. Horrela, Ekialde Hurbileko gatazka beste koska bat estutu zen.
Urria: kaleko afari solidarioa
Kalean bizi diren bizilagunei afariak prestatzen dizkie Donostiako Kaleko Afari Solidarioak taldeak (KAS). Urriaren 23a iritsi zen arte. Afariak banatzen zituzten plazetako batean, Egia auzoan, elkartzeko deialdi anonimo bat zabaldu zen sare sozialetan, gaztelaniaz. Hori ikusita, ordua aurreratzea erabaki zuten KASeko kideek, elkarretaratzearen orduarekin bat ez egiteko, baina zenbait herritar bertan gelditu ziren elkarretaratze horretara jendea biltzen hasi zenean. Baimenik ere ez zuten eskatua, eta Ertzaintza azaldu zen. Bi aldekoen artean tentsio handia sortu zen, eta ertzainak sartu ziren bi taldeak bereiztera. Horiek ikusita, Donostiako Udalak otorduak debekatzea erabaki zuen, «segurtasun arazorik izan ez dadin».
Hilaren amaieran, jendetza batu zen Donostian Elkartasunari debekurik ez lelopean eginiko manifestazioan, udalak Egiako afari solidarioak debekatu izana salatzeko.
Azaroa: larrialdi linguistikoa
Larrialdi linguistikoa berariaz hautatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek. Euskara «larrialdian» dagoela ohartarazi nahi zuen ELEN Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sareko biltzarrean. Bilbon elkartu ziren 2024an, eta zenbait argudio eman zituen bertan.
Eskisabelen arabera, hiztun kopurua «zenbaki absolutuetan» handituz doan arren, aurrerapenaren «ahultasuna» erakusten duten zantzuak argiak dira. Areago, hizkuntzaren «atzeraldia» etorriko dela ohartarazi zuen, neurri egokiak «epe laburrean» hartu ezean.
Abendua: kontzertua
Fermin Muguruzari zor zaio urteko azken hitza kontzertu izatea. Batetik, iragarri baitu noiz eta non emango dion amaiera bere ibilbidea ospatzeko nazioarteko birari: urriaren 4an, Nafarroa Arenan (Iruñean). Kortatuk Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jo zuen bere agurreko kontzertua, 1988ko urriaren 1ean, ondoren Azken guda dantza zuzeneko diskoan jasota utzi zuena. Eta hiri berean emango du Fermin Muguruzak bere 40 urteko ibilbidea ospatzeko biraren azken kontzertua ere.
Bestetik, dagoeneko berotu du eztarria, hilaren 20an eman baitzuen birako lehen kontzertua, 8.000 ikusleren aurrean. Bere ibilbidean osatuz joan den unibertso musikal, sozial eta politiko guztiaren lagin esanguratsua taularatu zuen Muguruzak Bilbo Arenan.