Ziklikoki gertatu izan da. Latinoamerika kolorez aldatzen da lantzean behin, ezker-eskuin eta eskuin-ezker, gobernu aurrerakoiak edo neoliberalak tartekatuz, bakoitzak propio dituen ereduekin, eta eredu horien arteko talkak eztanda egiten du, ezinbestean, batetik bestera igarotzeko unean. XXI. mendearen hasieran, kontinentearen hegoaldeak ezkerrerantz egin zuen, baina azken urteetan oro har kontrako noranzkoa hartu du, eta 2019an agerian geratu zen beste ziklo baten atarian zela. Latinoamerikak zutik eta eskua altxatuta erantzun zien eskuineko gobernuen politikari eta jazarpenari.
Bolivia, Nikaragua eta Venezuela uharteak ziren urdinez margotutako artxipelago batean. Nonbaiten antzematen bada polarizazioa, azken herrialde horretan da. Urtea bero hasi zen Venezuelan. Juan Guaidok urtarrilaren bukaeran presidentetzat izendatu zuen bere burua, kalean egindako ekitaldi politiko batean. Chavismoak estatu-kolpe saiakeratzat jo zuen gertatutakoa eta, orduz geroztik, etengabeak izan dira alde batekoen zein bestekoen protestak, nor bere indar erakustaldia egitera eta nor bere demokrazia defendatzera, erabat tenkatutako sokatik tiraka; mutur bakoitzean, zeharo ezberdinak diren bi ideologia, mundua ulertzeko bi era.
Krisi politikoa, baina, lehenagotik zetorren. Nicolas Madurok urtarrilaren 10ean ekin zion bigarren agintaldiari, baina oposizioak ez zituen zilegitzat hartu maiatzean egin ziren presidentetzarako bozak, irregulartasunak salatu zituztelako. Madurok botoen %46 eskuratu zituen, inoizko abstentziorik handienarekin, oposizioko indar nagusiek ez baitzuten parte hartu. 2015eko hauteskundeetan zabaldu zen arrakala are gehiago zabaldu zen, eta ez du ixteko itxurarik.
Mende honen aurreneko hamarkadan loratu ziren gobernu aurrerakoiak Latinoamerikan. Venezuela, baina, aurreratu egin zen. Hugo Chavezek 1998ko abenduaren 6an eskuratu zuen presidentetza, botoen %56,20 eskuratuta. Hamabost urteko epean pobrezia ia erdira jaistea lortu zuen, baina, hogei urte geroago, iraultzak utzitako legatua, proiektu ideologikoa eta soziala, estatu egitura bera, ataka zailean daude. AEBek 2003an ezarri zuten blokeoak azaltzen ditu, neurri handi batean, egungo krisi ekonomikoa eta horrek eragin duen krisi politikoa.
Ezkerreko gobernuek erronka itzela izan dute diktaduraren garaietatik errotuta zeuden arazoei aurre egiteko, eta, egoera iraultzen hasi direnean, eskuinaren erantzuna itzela izan da, botere borroka horren atzean baliabideena ere bai baitago. Ameriketako Estatu Batuen esku-hartzea ere horregatik ulertzen da.
Adolfo Perez Esquivelek horixe bera salatu zuen BERRIAri emandako elkarrizketan. Bakearen Nobel sariduna gerra judizialez eta estatu kolpe bigunez mintzatu zen: «AEBek ez diete garatzen uzten subiranotasunaren eta autodeterminazioaren bidean aurrera egiten ari diren herrialdeei. AEBentzat, Atzeko patioa da Latinoamerika. Kondor operazio bat ezartzen ari dira; ez gara okertuko esaten badugu 70eko hamarkadara itzultzen ari garela». Esquivelek indigenen erresistentzian zuen itxaropena.
Indigenen ahotsa. Evo Morales 2005ean iritsi zen agintera, behinolatik baztertuak izan ziren indigenei ahotsa emanez. Agintari aimara beste bitan lehiatu zen, eta aise irabazi zuen, baina, 2016an, erreferenduma egin behar izan zuen konstituzioa aldatu eta laugarren agintaldi batera aurkeztu ahal izateko. Ordukoan ezezkoa nagusitu zen, eta 2018ko urriko bozetan iruzur egin izana leporatu zion oposizioak. Protestak zabaldu ziren, eta, agintaria bozak berriz egiteko prest agertu bazen ere, kargua utzi zuen, «bake soziala bermatzeko».
Moralesek azaroaren 10ean eman zuen dimisioa, eta handik bi egunera alde egin behar izan zuen herrialdetik, «estatu-kolpe» saiakera bat izan zela salatuz. Moralesek pobreen eta aberatsen arteko arrakala apaltzeko ahaleginari egin zion erreferentzia, gogoraraziz agintean egondako urteetan «konkista sozial handiak» egin zituztela. Boliviako ekonomiak hobera egin zuen, barne produktu gordina, batez beste %4,9 hazi baitzen urteko. Pobrezia, berriz %60tik %35era jaitsi zen, eta langabezia tasa, %9,2tik %4,1era. Analfabetismoak ere behera egin zuen, %13tik %2,4ra.
Jeanine Añez senatari eskuindarrak, botere hutsunea baliatuz eta armadaren oniritziarekin, agintea bereganatu zuen egun batetik bestera. Boliviako beste zatiaren ordezkaria zen, mendebaldeko oligarkiarena, herri indigenen wiphala nahi ez dutenena, belaunaldietan aimarak, kitxuak eta guaraniak bazterrean utzi izan dituztenena.
Ezkerrak, baina, egin ditu okerrak, eta akaso politikan pertsonalismorako izan duen joera da nabarmenena, boterean gotortzeko kritikak ekarri baitizkio. Nikaraguaren kasua izan da hori. Daniel Ortegaren kontrako protestak irailaren 1ean piztu ziren, eta gobernuak indarkeriaz erantzun zuen: 325 lagun hil ziren.
Tiroak, barrikadak, atxiloketak... Protestak kontinente osora zabaldu ziren, eta mugak zeharkatu eta udazken gori-goria sortu zuten. Haitin irailaren 2an piztu zen sua. Jovenei Moisen presidenteak larrialdi ekonomikoa ezarri izanak piztu zituen protestak. Kontinenteko herrialde pobreena izanik, prezioak merkatzea eta kredituak bideratzea erabaki zuen gobernuak, baina herritarrek ez zioten ustelkeria barkatzen. Balek 77 hildako utzi zituzten.
Perun, krisi konstituzionala piztu zen. Martin Vizcarrak Kongresuaren jarduna eteteko erabakia izan zen protesten abiapuntua. Eskuineko presidenteak bozetara deitu zuen, protestak baretze aldera. Urrian, protestek kontinente osoan egin zuten eztanda. Ekuador, Honduras, Panama, Puerto Rico, Kolonbia... Indigenek, langileek, emakumeek eta gazteek kaleak bete zituzten, han eta hemen, ahots bakar batekin, herri bezala bat eginez, behinolatik datorren bazterketaren eta desorekaren kontra, eta gobernuek indarrez erantzun zieten altxamenduei.
Txilen, larrialdi egoera ezarri zuten, 1987tik ezarri ez zena. Kaleak indarkeriaren eta erresistentziaren lekuko izan ziren, bata eta bestea muturrera eramanda. Sebastian Piñera kontserbadorearen gobernuak metroko txartela 30 peso garestitu izanak leherrarazi zuen haserrea, sakonagoa zena. Ikasleak izan ziren lehenak kalera ateratzen, metroan txartelik ordaindu gabe sartuz, baina gero maputxeak, feministak, langileak eta edadetuak batu ziren protestara, herri osoa, egiturazko arazoei aurre egitea baitzen azken helburua. Santiagoko Italia plaza duintasunaren plaza bilakatu zen. Piñerak, baina, artilleria guztiarekin erantzun zuen: karabinero armatuak eta tankeak atera zituen kalera, eta ehunka lagun atxilotu zituzten, baita emakumeak bortxatu ere. Izugarria izan zen: 27 lagun hil zituzten, eta beste 3.649 zauritu. Dozenaka lagunek, laurehun batek, begiak galdu zituzten tiroen ondorioz.
Augusto Pinocheten diktaduraren ostetik (1973-1990) ez zegoen horrelako girorik herrialdean. Errepresioari erresistentzia irmoa egin zioten herritarrek, eta, presio horren aurrean, presidenteak hainbat neurri iragarri zituen. Ordurako, baina, huskeria ziren neurri horiek errotiko aldaketa bat aldarrikatzen zutenentzat, eta, orduan, presidentea konstituzioa aldatzeko prest agertu zen. Txilen diktadura garaiko konstituzioa zegoen indarrean, eta hori aldatzeko plebiszitua iragarri zuen apirilaren 26rako.
Protestariek salatu zuten neoliberalismoa eta demokrazia ez zirela bateragarriak, ezen herrialdeko aberastasunen %33 herritarren %1en esku zegoen. Latinoamerikako pobreziaren erradiografiari erreparatu behar zaio protesten neurria ulertzeko: herritarren %10ek aberastasunaren %71 zuten, eta, 72 milioi lagun muturreko pobrezian zeuden.
Otsaila
Latinoamerika, zutik eta eskua altxatuta
Latinoamerikak XXI. mendearen hasieran ezkerrerantz hartu zuen bideak kontrako noranzkoa hartu zuen, eredu neoliberalak ezarriz. Herriak eztanda egin zuen, eta protestak zabaldu ziren han eta hemen. Eskuineko gobernuek indarra erabiliz erantzun zieten erresistentziarekin beste eredu bat aldarrikatzen zuten herriei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu