Urtarrila

Eskubideak bidean dira

Emakumeen futbolak urrats nabarmena egin zuen 2018an, gorakada bat izan baitzuen: estadioak bete egin ziren partidak ikusteko, eta hedabideetan ere lekua irabaziz joan zen. Baina eskubideen aldarrikapenak ere albiste izan ziren, eta gertu zituzten batzuk.

Irudian, Realeko eta Athleticeko jokalariak elkar besarkatzen, urriaren 13an Donostian jokatutako partidaren ostean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
ainara arratibel gascon
2020ko urtarrilaren 18a
11:40
Entzun

Urtebete baino gehiagoko borroka luze baten ostean, Espainiako Ligako emakume futbolariek abenduaren 20an lortu zuten lehen lan hitzarmena izateko akordiorako oinarriak finkatzea. Sindikatuek —AFEk zuen gehiengoa, baina Futbolistas On eta UGT sindikatuek ere bazuten lekua mahaian— eta kluben elkarteak 2018ko azaroaren 8an egin zuten lehen bilera, baina negoziazioak korapilatu egin ziren, eta ez atzera ez aurrera egon ziren hilabete luzez. Desadostasun nagusiak bi ziren, batez ere: gutxieneko soldata eta kontratuen partzialtasuna. Futbolariek eskari argiak zituzten: jardun osoko kontratua zuten futbolariek 16.000 euroko gutxieneko soldata izatea urtean, eta %75ekoa zutenek, 12.000 eurokoa. Horrekin batera, partzialtasuna gutxienez %75ekoa izan zedila eskatzen zuten; izan ere, kontratuen partzialtasunak eragina du, besteak beste, gaixoaldian jasotzen duten soldatan eta kotizazioan. Kluben elkarteak, ordea, jardun erdian jarri zuen partzialtasunaren marra gorria, eta adierazi zuen txapelketak ez zuela behar beste diru sortzen partzialtasuna %50etik %75era igotzeak klubei eragingo zien gastuari heltzeko.

Futbolarien nahia zen hitzarmena uztailerako sinatzea, eta hala 2019-2020 denboraldia beren eskubideak jasoko eta bermatuko zituen hitzarmenarekin abiatzea. Baina ez zen akordiorik izan, eta, urriaren 23an, futbolariek planto egin zuten. Madrilen batzarra egin zuten, eta, AFEko arduradunek negoziazioen berri eman eta gero, greba mugagabea egingo zutela iragarri zuten. Berrehun futbolari bildu ziren, eta %93k bozkatu zuten greba egitearen alde. Hala, izapideak abiatu zituzten. Bitarte horretan, egoera bideratu asmoz, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak eta Lan Bitartekaritzak hainbat bilera egin zituen, baina ez zen konponbiderik izan. Hala, futbolariek greba mugagabeari ekin zioten, eta ez zen partidarik izan azaroaren 16-17ko asteburuan.

Azkenean, bi aldeek Espainiako Lan Zuzendaritzak egindako proposamenaren inguruan negoziatzea adostu zuten. Bertan, futbolariek gutxieneko soldataren eta partzialtasunaren inguruan egiten zituzten eskariak jasotzen ziren. Hilabeteko epea eman zioten akordioa lortzeko eta horretarako beharrezkoa zen dirua lortzeko. Azkenean, ezarri ziren akordiorako oinarriak. Bertan, gutxieneko soldataz eta partzialtasunaz gain, beste hainbat eskubide eta baldintza aitortzen zaizkie futbolariei.

Oinarri horiek jaso dute soldata osoa kobratzea gaixoaldian edo ezintasun partzialean. Gainera, heriotzarako edo elbarritasun iraunkorrerako aseguru bat egongo litzateke; hurrenez hurren, 90.000 eta 60.000 euroko kalte-ordainak aurreikusiko lirateke egoera horietarako. Bestalde, talde batean sei denboraldi edo gehiago ematen dituzten jokalariek gainsaria jasoko lukete hura uzten duten momentuan. Gainsari hori 2.000 eta 3.500 euro artekoa izango litzateke, klubean igarotzen dituzten sasoien arabera. Baina beste hainbat puntu garrantzitsu ere jasotzen dira oinarri horietan. Horien artean daude, besteak beste, lan jazarpen eta haurdunaldirako protokoloa. Orain arte, haurdun geratuz gero, futbolariek ez zuten lege babesik klubak kanporatzea erabakiz gero. Gainera, amatasunerako 600 euroko laguntzak jasotzen dira. Oporrak ere arautzen dira: 30 egun, hiru aste jarraian eta udan. Gabonetan ere etenaldia izango dute.

Eragin eremuari dagokionez, lehen taldeko jokalariek hitzarmenean jasotzen diren eskubideak eta baldintzak izango lituzkete, baita harrobikoek ere, baldin eta hamabi partidatan lehen taldearen deialdian sartzen badira, edo hamar neurketa jokatzen badituzte. Hitzarmenak ekainaren 30era arte iraungo luke; iraungi baino hiru hilabete lehenago, bi aldeetako batek salaketa jar dezake. Gainontzean, beste urtebeterako luzatuko da. Salaketarik egonez gero, eutsi egingo zaie baldintzei, beste bat adostu arte.

Munduko Kopa, erakusleiho. Eskubideen aldarrikapen eta eskari horien isla zen uztailean Frantzian eta Bretainian jokatutako Munduko Kopa. Txapelketako izar izatekoa zen Ada Hegerberg aurrelari norvegiarrak uko egin zion txapelketan parte hartzeari. 2017an denbora batez selekzioarekin joateari utziko ziola iragarri zuen, gizonezkoen eta emakumezkoen futbolaren artean zeuden desberdintasunak salatzeko. Norvegiako Futbol Federazioak gizon eta emakume futbolarien arteko soldata arrakala amaitu zuen, baina Hegerbergek argi utzi zuen eskaria harago zihoala.

Halere, Hegerbergena ez zen aldarrikapen kasu bakarra izan. Australiako jokalariak, esaterako, kexu agertu ziren federazioarekin, eta jakinarazi zuten gizonezkoek jasotako diru kopuruaren erdia jaso zutela Munduko Koparako sailkatzeagatik. Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako selekzioko Alex Morganek eta Megan Rapinoek, txapelketa hasi baino lau hilabete lehenago, martxoaren 8an, idatzi bat eman zuten argitara, eta bertan salatu zuten bi milioi euro jaso zituztela 2015eko Munduko Kopa irabazteagatik; gizonezkoak, berriz, urtebete lehenago Brasilen jokatutakoan final-hamaseirenetan izan ziren kanporatuak, eta bederatzi milioi jaso zituzten.

Txapelketak aurreikuspenak bete zituen, zelaian zein harmailetan. Milioi batetik gora ikusle izan ziren zelaietan, eta harmailen hiru laurden beteta egon ziren: %74,54. Sarrera guztiak saldu ziren 25 lehiatan. Zaleentzako guneetatik 396.020 pasatu ziren, eta 24.000 lagunek ikusi zuten emakumeen futbolaren inguruan FIFAk Parisen jarritako erakusketa. AEBen eta Herbehereen arteko finala 57.900 zalek ikusi zuten Lyongo estadioan.

Kirol arloan, AEBk laugarrenez irabazi zuten Munduko Kopa, finalean Herbehereei 2-0 irabazita. Titulua irabazteko hautagai nagusia zen, eta ez zuen huts egin. Jokatutako partida guztiak irabazi zituzten, 26 aldiz zulatu zuten aurkariaren atea, eta hiru gol besterik ez zituzten jaso. Finalean izan ezik, beste lehia guztietan lehen 15 minutuetan egin zuten gola. Herbehereek erakutsi zuten 2017an irabazitako Eurokopa ez zela ezustea izan, eta Munduko Kopako finalera ailegatu ziren estreinakoz. Ingalaterraren seriotasuna eta ahalmen fisikoa, Suediaren eraginkortasuna eta Italiaren erasoa ere nabarmendu behar dira. Alemania eta Japonia, berriz, ez ziren beren mailan aritu.

Txapelketako izarra Rapinoe izan zen. Sei gol sartu zituen, eta jokalari erabakigarria izan zen. Zelaitik kanpo ere eman zuen zeresana; eztabaida gogorra izan zuen AEBetako presidente Donald Trumpekin, eta argi utzi zuen txapelketa irabaziz gero ez zela «Etxe Zuri puta horretara» joango, Trumpek LGTBI kolektiboaren eskubideak urratzen zituela salatzeko. Finala eta gero ere, FIFAren aurka egin zuen, egun berean Amerikako Kopako eta Urrezko Kopako finala ere jokatu zirelako. Nabarmendu ziren beste jokalariak AEBetako Lucy Bronze eta Ellen White, Herbehereeako Vivianne Miedema eta Italiako Critina Girelli izan ziren.

Euskal Herrian ere emakumeen futbolak izandako igoera ikusi zen. 48.121 zale bildu ziren San Mamesen, Athleticen eta Atletico Madrilen arteko final-laurdenetako partida ikustera. Kanporaketa Espainiako taldeak irabazi zuen, 0-2, baina zuri-gorrien historiara pasatuko da. Izan ere, Europan ikusle gehien bildu dituzten emakumezkoen lehietako bat izan zen. Marka hori aste batzuk geroago gainditu zen, Atletico Madrilen eta Bartzelonaren arteko ligako partidan. Wanda Metropolitanon 60.739 ikusle bildu ziren. Urtarrilean izan zen hori. Azaroan, berriz, 90.000 ikusle bildu ziren Ingalaterrak eta Alemaniak jokatutako lagunarteko partida ikustera.

Realak bere historiako lehen titulua irabazi zuen urtea ere izan zen iazkoa. Maiatzaren 11n izan zen, Granadako Los Carmenes futbol zelaian. 1-2 hartu zuen mendean Atletico Madril finalean. Espainiako taldea zen faborito. Are gehiago 15. minutuan Atletico Madril aurretik jarri zenean, Esther Gonzalezek sartutako golari esker. Baina, lau minutu geroago, Kiana Palaciosek berdinketa lortu zuen. 61. Minutuan iritsi zen gol erabakigarria. Nahikari Garciak ederki amaitu zuen taldeak ondo lotutako jokaldi bat. Amaieran, festa izan zen nagusi. Hurrengo egunetan, omenaldi eta harrera beroak egin zizkieten jokalariei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.