Defini daiteke urte bat hitz bakar batekin? Urteroko erronkari heldu dio BERRIAko euskara taldeak. Iaz, esaterako, zorioneko eta Ukraina aukeratu zituzten 2022a definitzeko. Amaitzear dagoen 2023 honentzat, berriz, Palestina hautatu dute urteko hitz gisa. Izan ere, Palestinak eta palestinarrek badute ukaturiko errealitateen seta berezi hori: estali nahi badira ere, etengabe azaleratzen direla, kolonizatzaileek «entelekia» hitzaren harlauzapean sartu nahi badute ere. Oraingoan, milaka tona bonbaren bidez estali nahi izan dute Palestina.
Horrez gain, hilabetez hilabete protagonista izan diren izen, toponimo, aditz eta esamoldeak zehaztu dituzte. Horietan ere, Palestinako gatazka nabaritu da urtearen amaieran; izan ere, urriko eta azaroko hitzek ere hango tiro eta bonben oihartzuna dakarte.
Urtarrila: Erretreta
Erretreta hautatu dute urtarrileko berba gisa. Izan ere, gogor hasi zen urtea Ipar Euskal Herriko biztanleentzat, Frantziako Gobernuak erretretak erreformatzeko prozesua aurkeztu baitzuen, erretretarako eskubidea 62 urtetik 64 urtera atzeratzeko helburuz, eta pentsio osoa jasotzeko 43 urtez kotizatu beharra ezarri. Proposamenak sekulako haserrea piztu zuen kalean eta Frantziako Asanbladan. Erreforma aterako ez zuela ikusita, Emmanuel Macronen gobernuak 49.3 artikulua baliatu zuen, erreforma bozketarik gabe pasatzeko. Kaleak sutan jarri zituen horrek.
Otsaila: Lurrikara
Lurrikara politiko eta soziala Frantzian, baina literala Ekialde Hurbilean. Otsailaren 6an bi astindu handi pairatu zituzten Kurdistanen, Turkian eta Sirian. Lehen dardarak 7,8ko indarra izan zuen, eta bigarrenak, 7,5ekoa. Kalkulatu dutenez, 60.000 pertsona baino gehiago hil ziren, ehunka eraikin erori, eta 120.000 baino gehiago zauritu. Ingurune horretan gerran egon dira azken hamarkadan, eta horrek are gehiago larriagotu zuen egoera, eta erreskate lanak zaildu.
«Herrialdearen historiako lurrikararik okerrena izan da hau», esan zion BERRIAri Mithat Sancar HDPko presidentekideak.
Martxoa: Sakabanaketa
34 urteren buruan, amaitu zen euskal presoen aurkako sakabanaketa politika. Otsailean eman zuen amaitutzat Sare taldeak, Espainiako Espetxe Erakundeek iragarri zutenean bost preso Euskal Herriratuko zituztela. ETAren barruan banaketa sortzeko eta erakundea ahultzeko helburuz jarri zuen indarrean PSOEk. Baina presoen senideak eta haien lagunak izan ziren politika horren biktima nagusiak. Hiru hamarkada horietan hamasei senide eta lagun hil ziren errepideetan, kartzelarako joan-etorrietan.
Apirila: Perraka
XVII-XVIII. Mendeko Euskal Herrian «andreek gizonei esaten zieten xikito, eta alderantziz, berriz, perraka», lanean aritzen ziren bitartean elkar zirikatzeko. Hitz horiek aurkitu zituen Gidor Bilbao EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasle eta Monumenta Linguae Vasconum taldeko ikertzaileak Arnaut Oihenarten hiru poema ezezagunetan. Mauleko idazle klasikoaren Oihenarten gastaroa neurthitzetan poema liburuko ale bat topatu zuen Grenobleko (Frantzia) liburutegi bateko katalogoan, eta han aurkitu zituen beste inon ikusi ez diren hiru poema horiek. Beraz, esan daiteke euskaldunak perreatzen ibiltzen zirela, modan jarri baino askoz lehenago.
Maiatza: Hilketa matxista
Maiatzaren 16an bi pertsona hil ziren Orion (Gipuzkoa), tiroketa baten ondorioz. Ertzaintzak argitu zuenez, gizonak kanoiak moztutako eskopeta bat erabili zuen bikotekide ohia hiltzeko. Emakumeak 50 urte zituen. Gizonezkoak, gero, bere burua hil zuen han bertan. Kalean gertatu zen hilketa, egun argiz, eta zirrara handia eragin zuen gizartean. «Egiturazko indarkeria matxista» salatu zuten, Orion eginiko elkarretaratze batean.
Ekaina: Uzta
Eguraldiak eman du zeresana 2023an. Batzuek klima larrialdiari egotzi diote batez ere Euskal Herriko hegoaldean pairatu duten lehortea. Apirila lehor joan zen, eta maiatzean hasi zen igartzen Nafarroan arazo larria zetorrela. Azkenean, aurreikuspenik beltzenak bete ziren, eta kalteturiko eremuetan zerealaren uztaren %70 galdu zen. Denera, 40.000 hektareari eragin zion lehorteak. Konponbiderik gabeko kolpea hartu zuten nekazari askok, lur horietako %23k ez baitzuten asegururik. Erriberan pairatu zuten uztarik txarrena: gari uztaren %90 galdu zen, eta garagar uztaren %75. Baina Bardeatik iparraldera ere uztaren zatirik handiena galdu zuten. Mendialdean hobetu egin zen egoera hilabeteak igaro ahala, eta mendietan bazuten belarra. Edonola ere, negua igarotzeko lastoa asko garestitu da.
Uztaila: Tourra
Frantziako Tourreko lehenengo hiru etapak Euskal Herrian jokatu ziren osorik, eta bosgarrenaren zati bat. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 12 milioi euro ordaindu zizkion lasterketaren antolakuntzari ibilbidea Bilbotik hasteko. Mundu osoan ikusten duten lasterketa horren bitartez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa nazioartean promozionatzea zen Jaurlaritzaren helburua. Aukera baliatuta, Euskal Herria Mundura egitasmoa aurkeztu zuen Gure Esku erakundeak, Euskal Herria nazioartean proiektatzeko eta erabakitzeko eskubidearen aldarria zabaltzeko. «Munduari erakutsiko diogu Euskal Herria zazpi lurraldeko herri bat dela, eta erabakitzeko eskubidea duela», adierazi zuen Josu Etxaburu Gure Esku-ko kideak.
Eta egitasmoak arrakasta handia izan zuen. Izan ere, jendez eta ikurrinez beterik agertu ziren errepide bazterrak telebistaz lau egunez zabalduriko irudietan. Egitasmoaren emaitzarekin oso pozik zegoen Gure Esku. Frantziako Tourra Euskal Herrian ibili zela «argi» geratu zela adierazi zuten.
Jaurlaritzak kontuak aurkeztu zituen azaroan, eta, ondorioztatu zuenez, Tourraren hasierak 104 milioi euroko «eragin ekonomikoa» izan zuen, eta 19,4 milioi bildu ziren zergetan.
Abuztua: Gobernu akordioa
Maiatzaren 28an egin zituzten udal eta foru hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Ondoren, negoziazioak hasi ziren erakunde bakoitzeko gobernuak osatzeko. Negoziazio zailak izan ziren batzuetan, eta hurrengo aste eta hilabeteetan egunerokoa bihurtu zen gobernu akordioa esamoldea.
Abuztuaren 8an, esaterako, Nafarroako Gobernua osatzeko akordioa aurkeztu zuten PSNko idazkari nagusi eta lehendakarigai Maria Txibite, Geroa Baiko Uxue Barkos eta Zurekin Nafarroako Begoña Alfarok. Horren arabera, ardurak banatu zituzten gobernuan: PSNk, zortzi departamentu; Geroa Baik, lau; eta Zurekin Nafarroak, Etxebizitza Departamentua.
Esamoldea berriz dabil bolo-bolo azken egunotan. Izan ere, abenduaren 21ean, gobernu akordioa sinatu zuten EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak Iruñeko Udala kudeatzeko. Aurretik, UPNko Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa aurkeztea adostu zuten, Joseba Asiron abertzalea alkate egiteko, eta hala egin zuten abenduaren 28an.
Iraila: Euskararen ofizialtasuna
Kataluniako alderdiek estu hartuta, katalana, euskara eta galiziera Europan ofizial izateko eskaria egin zuen Espainiak abuztuan. Europako Batasunak 24 hizkuntza ofizial ditu onartuak gaur, tartean gaelikoa, zeina gutxitua baitago. Europako Batasunaren erregimen linguistikoa arautzen duen artikulua aldatzeko eskatu zuten, erregimen horretan sartzeko euskara, katalana eta galiziera, eta, ondorioz, Europako beste hizkuntza ofizialen parekoak bihurtzeko. Irailaren 18an agerraldia egin zuen Europako Legebiltzarrean ELEN Europako Lurralde Hizkuntzak Sustatzeko Nazioarteko Erakundeak, legearen erreformari sostengua agertzeko.
Han egon zen Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean. Hurrengo egunean aztertu zuen gaia Europako Batasuneko Kontseiluak, eta batasuneko 27 estatuetako ordezkari askok zalantzak zituztela esan zuten, eta gaia hobeto aztertzea erabaki. Kontseiluak «atsekabea» adierazi zuen erabakirik hartu ez zelako.
Ikusteko dago noiz helduko dioten berriz gaiari, baina itxaropena apaldu egin da.
Urria: Gaza
Urriaren zazpian erasoa jo zuten Palestinako erresistentziako hainbat taldek Israelen hegoaldean. Gaza inguratzen duen hesi militarizatuta zulatu, eta dozenaka miliziano atera ziren, batez ere Hamas taldekoak. Militar israeldarren aurka eta haien gotorleku eta kontrolguneetan sartu ziren tiroka. Horrez gain, hainbat etxaldetan sartu ziren, eta baita inguruan egiten ari ziren musika jaialdi batean ere. Milizianoek dozenaka israeldar eta atzerritar bahitu zituzten, eta Gazara eraman zituzten arrapaladan, Israelek gatibu dituen palestinarren truke ematea negoziatzeko asmoz. Erasoan mila israeldar inguru hil ziren, milizianoek tirokatuta eta Israelgo armadaren kontraerasoan. Euskal herritar bat ere hil zuten: Ivan Illarramendi zarauztarra.
Geroztik, Israel etengabe ari da bonbardatzen Gaza, eta tropak bidali ditu lurreko inbasioa egiten saiatzeko.
Azaroa: Genozidioa
Azaroa ere Gazako egoerak markatu du. Lurraldearen aurkako operazioan, 20.000 palestinar baino gehiago hil dituzte israeldarrek, erdiak inguru haurrak, eta 50.000 baino gehiago zauritu, Gazako osasun agintarien zenbakien arabera. Gazako iparraldea erabat suntsitu du, eta ia bi milioi pertsona etxetik kanporatu ditu. Kopuruak egunez egun handitzen ari dira, eta nazioarteko ahots askok genozidioa salatu dute.
Gazako herritarrek pairatzen dutenaren berri emateko, Atef Abu Saif idazle eta Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroak idatzitako egunerokoa argitaratu zuen BERRIAk abenduaren 19ra arte. «Jendea hemen bertan hilko da, ez da kanpora joango», adierazi du idazleak.
Abendua: Hezkuntza Legea
Erraz izan zitekeen Hezkuntza Legea urteko hitza Palestina gailendu ez balitzaio, hilabete luzez eman duen zeresanari begiratuta. Abenduaren 21ean onartu zuten Eusko Legebiltzarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza datozen urteetan arautuko duen legea. Haurdunaldi luzea, eta arriskutsua izan zuen, ordea, eta erditze katramilatsua. Azkenean, bakarrik agintean diren bi alderdiek onartu zuten: EAJk eta PSE-EEk. Oposizio osoak kontra egin zuen. EH Bildu ados zegoen hasiera batean legearen edukiarekin, negoziazio luzeen ostean. Baina, azken unean EAJk opari pozoitsua egin zion PSE-EEri: datu guztien arabera ikasleak euskalduntzea lortzen ez duten A eta B hizkuntza ereduak mantenduko dituela aipatzen du espreski legeak: «Unean-unean indarrean dauden hizkuntza ereduen sisteman oinarrituta, eta eredu horien edozein garapen edo eguneratze erregelamendu bidezko garapenaren bidez egingo dela ziurtatuz, eskubide eta printzipio berberak bermatuz».
Hizkuntza ereduen sistemaren aipamenik ez zegoen iaz lortu zuten hezkuntza akordioan. Aurtengo apirilean Eusko Jaurlaritzak onetsiriko Hezkuntza Lege proiektuan ere ez. Urriaren 3an sartu zuten EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduak aipatzen dituen zuzenketa. Hori dela eta, EH Bilduk utzi egin zuen akordioa, eta legearen kontra bozkatuko zuela esan zuen.
Euskalgintzaren Kontseiluak ere «kezka larria» zuela adierazi zuen, legeak ereduen sistema mantentzen duelako, besteak beste. Idurre Eskisabel idazkari nagusiak esan zuenez, milaka haur eta gazteri euskararen ezagutza nahikoa lortzea ukatzen dieten ereduak «oztopo handia» dira euskararen normalizazioan aurrera egiteko, eta, ondorioz, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko. Kontseiluak euskarazko eredu orokortua eskatu zuen.