«Udaltzaingo bakoitzak bere ezaugarriak bultzatu behar ditu»

BERRIA.
Iosu Alberdi.
Ondarroa
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udalek (Bizkaia) Lea-Artibaiko testuinguru sozialari erantzungo dion udaltzaingo eredu komunitario bat lantzea jarri dute helburutzat, Ondarroako udaltzainburu Aitzol Osak azaldu duenez. Haren hitzetan, lan eskaintza publikoak urrats bikoitza egiteko aukera emango die, plantillaren egoerari eta proiektuaren etorkizunari dagokienez: «Behin-behinekotasun handia daukagula ikusita, lan eskaintza publikoaren bidez taldea egonkortu egingo da, eta proiektua garatzeko aukera emango digu horrek».

Ikusi gehiago: Lea-Artibain bat egin dute eredu komunitario bat sustatzeko

Polizia komunitarioaz hitz egitean, zer dago horren oinarrian?

Egungo eredu erreaktibotik aldentzea, eta ikuspegi proaktiboarekin lan egitea. Arazoak sortzen direnean edo horiek sortu aurretik ere konpontzen saiatzea, eta ez behin arazoa areagotu denean bakarrik eragitea. Hori da gure filosofia. Bitartekaritza prozesuak finkatu nahi ditugu, eta hasiak gara lanean. Eta gatazkak sortzen edo judizializatzen diren kasuetarako, justizia errestauratiboa lantzea da helburua. Garaile-galtzaile dikotomia hori apurtu eta garaile-garaile ikuspegitik aritzea.

Egungo ereduari egin zaion kritiketako bat da udaltzainak beste polizia batzuen antza hartzen ari direla; suzko armak erabiltzeko betebeharra mahai gainean jarri izana da adibide bat.

Gaur egun, euskal poliziari buruz hitz egiten da, eta Udaltzaingoa eta Ertzaintza sartzen dira hor. Batzuek badute ikuspegi bat, erakunde bateratu baterantz jotzearen aldekoa. Nik miñonizazio prozesua deitzen diot horri [Arabako Aldundiaren zerbitzura egon arren, Miñoiak 1992an txertatu ziren Ertzaintzaren egitura organikoan]. Hala, alkateek soilik nominak ordainduko lituzkete, eta gainerako zuzendaritza eta koordinazio lanak Ertzaintzak egin. Guk, baina, uste dugu udaltzaingoak asimetrikoa izan behar duela; Barakaldo eta Ondarroa ez dira gauza bera. Asimetria horretan, lekuko idiosinkrasia kontuan izanda, udaltzaingo bakoitzak bere ezaugarriak bultzatu behar ditu, herria izanik zentroa.

Hiru udalerrik bat egin duzue. Elkarlana da horretarako bidea?

Sarri, zailena lehen urratsa izaten da. Egia da hiru herriek ezaugarri berdintsuak dituztela; txikiak dira, eta batzuentzat ez oso erakargarriak udaltzain izateko. Jendeak nahiago izaten du Bilbon, Getxon edo Galdakaon lan egin. Bertako jendea da [Udaltzaingorako LEPetara] gehien aurkezten dena, eta ez du aintzat hartzen herrietako lana. Guk nahi dugu, baina, aintzat hartzen duen jende hori aurkeztea.

Bi botetan egin dugu lan. Lehena, lan poltsa, eta harekin jendeak jakin du zein den hemengo lana. Gustura hartu da egiten den lana, eta orain LEPa egingo dugu. Hori da haria.

LEP bateratu zabalagoek ez diote behar horri erantzuten?

LEP bateratuetan, jendeak askotan egonaldi moduan hartzen du herrietan ematen duen denbora, puntuak lortu eta beste udalerri batera aurkezteko. Hemen egon nahi dutenak nahi ditugu guk. Lan poltsa horretarako prestatu dugu, eta beste herri batzuk ere elikatu ditugu hartatik. Pozik gaude egindakoarekin, baina badirudi eremu batzuetan ez zaiela gustatu, eta erasoak izan ditugu.

Honen ondoren, kontrako erreakzioak espero dituzue?

Hau ez doa inoren aurka. Gu ez goaz inorekin talka egitera. Gure aldeko apustua egin dugu, guretzat ona dena. Lan eskaintza publiko bateratu hori ez bada eraldatzen edo ez badago beste aukerabiderik, uste dugu egin duguna dela aukerarik onena gaur-gaurkoz. Gure aldeko apustua da, eta ez inoren aurkakoa. Eta baten batek hala hartzen badu, haien kontua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.