JOSU GOIKOETXEA

Vicks VapoRub

2024ko uztailaren 14a
05:10
Entzun
Josu Goikoetxearen 'Vicks VapoRub' narrazioarentzako ilustrazioa
EXPRAI

Potoari ondo eragin dion arren, azkenean etsi egin behar izan du eta senarraren Moussel merkea erabili. Eskuan dutxarako gel pixka bat jarri orduko iritsi zaio usain ezaguna. Classique. Nola izan dezake usain batek hezurdura guztia kolokan jartzeko gaitasuna. Ezin du burutik kendu, nola baina, grebako liskarrengatik lehenago etxeratu zenean ezustean harrapatuta, senarra mutilneskarekin, ohean, ezagutzen ez zituen maindire satinatuen gainean, gaztearen edertasuna eta haren aurpegiko irribarre burlatia, Miriamen zergatik itoa eta Luisen errazagoa da tristea.

O, zer tristea dena.

Etxea handiegia izan da beti, are gehiago Alba Kanadan dagoenetik. Luis gabe, etxea leizeago da, gela ilunez betea. Orain, Miriam tentu handiz ibiltzen da korridoretik, zaratarik atera gabe, auzokideek etxea hutsik dagoela pentsa dezaten, ez duelako inor etortzerik nahi. Zenbat aldiz egin dien burla haien bizimoduei, Neguriko etxebizitza haietako biziera hutsal eta xuhurrei, bizian hilei. Bat-batean ikusi du berea ere halakoxea dela. Ziurtasun horren uhinak polito zigortu du bakarrik izan den egun hauetan. 

Ispiluan begi-zulo nabarmenak leuntzen eman du gosaritan eman behar lukeen denbora. Gero, larruzko poltsa hartu eta garajera jaitsi da igogailuan. MINI Cooper horia arrankatu du eta enbragearen zarata mingarri batekin igo du kalerako arrapala. Kalean behera abiatu da. Jainkoak nahi izan du Luisen ama ikustea Tamarises jatetxerantz gosaltzera doala, bere ile zuri harrotu ederrarekin, puta zaharra. Gurpilen zarata azeleratzean.

Uztail hasiera da eta bero dago egunotan, apenas eguzkirik, hezetasun lodia bai, horratio.

Bizkaiko Zubiko plataforman sartu du autoa. Oraindik gustatzen zaio ibaiaren bi aldeak lotzen dituen egitura anakroniko honetako bidaiatxoa; nostalgia tonto baten muina gordetzeko egiten du, agian. Miriam Portukoa da jaiotzez.

Laster iritsi da ontziolara. Piketeko morroi tripaundi batek autoaren sabaia kolpatu du sarrerako hesia goratzen zen bitartean. Koipezto hori, botako ahal zaituzte.

Agur esan dio gaueko txandako medikuari, eta bata zuria jantzi orduko iritsi dira kontsultara, premio, hiru gizon; bi gazte, subkontratakoak ziurrenik, eta hirurogeiak paseak erdi tatarrez dakarten erdikoa. Oso nekez dator, zorabioak emanda. Serapio Martínez esan du ozen andarietako batek. Miriamek ohatilara igotzeko eskatu die. Gizona arnasestuka dago, kolore zuri, ez du itxura lar onik. Taupa ahula du, galderak egin dizkio, baina gizonak ez du erantzuten. Anbulantzia eskatu du. Gizonaren gorputzetik goraka datorren usain zaharminduak ikaratu egin du.

Langilearen historia begiratu nahi izan du ordenagailuan. Ezer ez. Ez dago ezer. Berrogeita bi urte daramatza ontziolan lanean eta ez da ezer ageri. Ez da harritzekoa Miriamek haren hazpegien arrastorik ere ez izatea. Ez da sekula kontsultara etorri, astoa. Lehertu egin da.

Beragana jo du berriz, eta gizonak zerbait esan nahi dio, ez ote du eskutik heltzea nahiko, arraioa. Buzoko patrikan sartu du esku dardartia eta kartera atera du. Luzatu egin dio Miriami begi irten erregutzailez.

Miriam zer egin ez dakiela geratu da kartera eskuan. Gizonak marru egin dio ohatilatik eta ireki egin behar izan du kartera beltz ajatu potoloa. Barruko paperak ateratzen hasi da, berrogeita hamar euroko bi billete, eta kinielak, primitibak eta loteria nazionalak, hainbat eta hainbat. Gizonari begiratu dio, ezjakin. Serapiok jarraitzeko eskatu dio begiekin. Orduan ohartu da Miriam karteraren toles batean argazki bat dagoela. Atera du. Komunioko argazki bat da, neskato batena, bi eskuak otoitz jarreran, jantzi zuria, ume zatarra.

Azkenik, anbulantziaren sirena hotsa entzun da eta, koreografia batean bezala, gerentea iritsi da, espantuka. Ene, Serapio, Serapio zaharra, eta abar. Gerente eskuluze nazkantea, inorante handiustea.

Gizona eraman dutenean nasara jaitsi da, zigarro bat erretzera. Gustatzen zaio burdina eta harrizko toki uher hau. Ezikusiarena egiten die gizonen begiradei. Sapa hezeak lehen izerdia atera dio.

Gerenteak deitu dio. Familiarekin harremanetan jarri behar dutela, baina Serapiok ez daukala telefonorik. Nola ez daukala. Alarguna omen dela, haren etxera joateko eskatu dio Miriami, seme-alabaren bat bazeukala pentsatzen duela. Nola ni joateko. Hamar minutura dagoela etxea, Mamarigan, joan behar duela, ez bueltarik emateko, zoaz, eman berria eta zatoz bueltan. Whatsappetik bota dio helbidea.

Gerente zerria, gauzeztan harroputza.

Bata erantzi eta besoan eskegi du. Atzealdeko ate txikitik atera da pikete aurretik ez pasatzeko. Trumoia entzun da urrutietan. Uda aldrebes ostia.

Mamariga, 90etan hona etortzen zen Portuko lagunekin, jaietara. Irailean ziren, udako azkenak? Zer ondo pasatzen zuten, zelako farrak. Beste bizitza bateko oroitzapenak, nolanahi.

Eta hor dago, portale triste horren aurrean, atezain automatikorik ere ez daukana, eta aurrera, okupa zikin baten gisa. Hiru solairuak barandari helduta igo ditu, beldur pixka batekin, zertarako ukatu. Ate aurrean jarri da, arnasa hartu, eta txirrina jo du. Birritan jo du.

Orduan atzeko atea ireki da eta Miriamek buelta eman du. Emakume edadetu bat da, laukidun mantal urdina soinean, ile urdina moñoan, poto urdin ireki bat dakar. Mamu bat bezala hurbildu zaio eta ez dio erreakzionatzeko betarik eman, hatza sartu du potoan eta sudurpean jarri dio pomada. Ixxxxi, esan du, eta etxean sartu da berriz. Kremaren menta minezko usainak Miriamen sudurra kolpatu du. Haurtzaroko eztul-egunetako usain ezaguna. Zer gertatzen den ohartzeke, Serapioren etxeko atearen hotsa aditu du, eta aurrez jarri da berriro. Ozta irekita dago atea, emakume baten begi handi bat handik Miriami begira. Pomadaren babesa garaituz, etxe barrutik kirats sarkor bat heldu zaio. Begi handia galdezka du, eta Miriam argazkiaz gogoratu da. Besoan daraman batako patrikatik argazkia atera du eta begiari erakutsi dio. Begi handia, handiago.

Atea zabal ireki da.

Miriamek sekula ahaztuko ez duen atzealdeari bizkar emanda, argazkiko neskatoa pixka bat gogorarazten duen emakumea dauka aurrez aurre. Serapioz senti zezakeen erruki apurra isurbidetik joan zaio Miriami.

Emakumeari begira geratu da, panikoa sentitu du, eskutik heldu dio, gogor heldu dio, eta tira egin dio, giza ukuilu hartatik ateratzeko. Eta eskaileretan behera ekarri du. Emakumeak ez du kontrako indarrik egin, utzi egin dio, esku margul hezurtsua Miriamen mende utzita.

Kanpora atera dira, ezin jakin zein dagoen konfundituago. Euria ari du, ekaitza lehertu da azkenean. Miriamek bata hartu du eta sudurpeko pomada arrastoa garbitzen saiatu da. Emakumeari begiratu dio. Bustitzen ari da, kamisoi belztu bat du jantzita. Miriamek bata jarri dio gainetik.

Telefonoak jo dio orduan. Begiratu du, Luis da, deia moztu du.

Emakumea begira du bere begi handiekin. Miriamek eskuetatik heldu dio.

Zer esan behar dio? Zer esan behar dio?

JOSU GOIKOETXEA

(Gernika-Lumo, Bizkaia, 1974)
Lubaki Banda literatur taldeko partaidea izan zen gaztetan. Gerora, bertsolaritzan egin du ibilbidea. ETBko Hitzetik hortzera saioa zuzendu eta aurkeztu zuen 1999tik 2005era, eta gai jartzaile gisa ere aritu da, harik eta 2018an uztea erabaki zuen arte. Urte hartan bertan Zer luzea negu hau izeneko poema liburua kaleratu zuen (Elkar). Bestalde, Walt Whitmanen poemak euskaratu ditu (Munduko Poesia Kaierak, Susa, 2022). Aurten Joseba Jaka beka irabazi du, Hiltzailea eta beste ipuin batzuk liburu proiektuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.