Goiatz Labandibar.

La Sarra

2024ko irailaren 8a
05:05
Entzun
(ID_17246811338335) (/Exprai)
EXPRAI

Oporretatik bueltan egingo duen lehenengo lana uda osteko bikote-hausturei buruzko inkesta bat izango da. Imajinatzen du bere burua ausaz hautatutako telefono batera deitzen, dauden jainko pagano guztiei erregutzen har diezaiotela deia eta mesedezmesedezmesedez opari diezaizkiola erantzuteko eskatuko dizkion bost minutuak (nahiz eta azkenerako, 25 bat minutu behar izaten diren galdetegi osoa erantzuteko).

Ez daki oso ziur nork eskatu duen inkesta hori egiteko. Uste du zitak egiteko aplikazio bat dela, edo kondoiak saltzen dituen enpresa bat edo bikote-harremanen hausturen ondorengo aholkularitza psikologikoan espezializatua dagoen gabinete bat. Ez du gogoratzen. Auskalo. Egia esan, ez zaio gehiegi inporta izaten norentzat ari den galdetzen. Nahiago ez jakin.

Bikotekideak maiz galdetzen dio ea nola jarraitzen duen lan horretan. Ez ote dagoen nazkatuta telefonoz deitu eta erantzun txarrak jasotzen edo, besterik gabe, esekitzen dioten horiekin, eguna joan eguna etorri. Zertarako, eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino 50 euro gehiago kobratzeko.

Berak ere ez daki zergatik ez duen uzten lana. Hori hala da. Horregatik, bikoteak gaia aipatzen duen bakoitzean, isilik geratzen da. Agian ez du lana uzten kazetari frustratu bat duelako barrena habitatzen, eta galdera ergelak egiten dituen bitartean (Zenbateko maiztasunez egiten duzu kirola? 1etik 5era, balora ezazu zure oreka emozionala. Zein da hobekien baloratzen duzun politikoa? Uda ostean, burutik pasatu al zaizu bikote harremana uztea?) arantzatxoa ateratzen duelako. Edo besterik gabe, hamabost urteren ostean, ez dakielako besterik egiten. Aulki batean eseri, telefono zenbaki bat markatu eta jainko paganoei mesedezmesedezmesedez eskatu.

Euren udako oporrak ere bukatzen ari dira. Hiru aste pasatu ditu garagardoak edaten, bokatak afaltzen eta ahal izan duen guztietan toallan etzanda. Baina Bikoteak esan zuen ez ziela kalterik egingo lauzpabost egunetarako Pirinioetara joan eta mendian pixka bat ibiltzea. «Gorputza mugitu, birikak oxigenatu, burua freskatu». Hitzez hitz, horixe esan zion. «Mendian ibili?». Galderak egitera ohituta dagoenaren gisara, galdera batekin erantzun zion berak. Arnasa hauspotzen zaio gorakoan eta belaunak mindu beherakoan. Ibilbide xamurrak egingo zituztela zin egin zion B-k.

Umeekin egiteko moduko bide erraza egingo dutela esan dio La Sarrara abiatu aurretik. «Bi bide daude La Sarrara heltzeko. Nondik joan nahi duzu?» galdetu dio Sallent de Gallegoko kiroldegi aurreko aparkalekuan autoa utzi ondoren. «Motzenetik». Inkestetan ere, orduan eta erantzun motzagoa eman aukeran, orduan eta hobe. Batez ere inkestagilearentzat. Bestela, erantzutea onartu duten gutxi horiek bai badute halako joera bat norberaren obsesioez hitz egiten bukatzekoa. Fisika-kuantikoa, izokinaren arrantza edo azazkalak egiteko metodoak. Edozer izan daiteke erantzun irekietan entzun daitekeena.

Baina galdera motzek askotan tranpa izaten dute atzean. Bai edo Ez erantzuteak erraza dirudi, baina ez da beti hala izaten. Ez delako, gehientsuenetan, bai edo ez kategorikorik existitzen. Antzeratsu bide motzenarekin ere. Berandu konturatu da bikoteak tranpa egin diola. Motzena bai, baina zertan motzena? Denboran? Distantzian?

«Engainatu egin nauzu», esan dio. «Ez da nahita izan. Alkohola izan zen. Eta musika oso altu zegoen. Ez nion ulertzen zer esaten zidan. Baietz esan nion, baina ez nuen gonbidapena ulertu. Ustekabean bukatu nuen haren ohean».

Aukera ugaritako galderekin gertatzen zena gertatu zaio. Jendeak ezin izaten du bakarra aukeratu. Zein faktore uste duzu dela garrantzitsuena bikote bati adarrak jartzeko momentuan? Orduan, gustukoena edo egiara gehien hurbiltzen dena aukeratzeko eskatzen dute berak eta lankideek. Baina hala ere denak edo ia denak markatzen dituzte. Alkohola. Tak. Musika. Tak. Ulermen arazoak. Tak. Ustekabea. Tak.

Igotzen ari diren maldan goiti begiratu du, ea bukaera ikusten ote den. Keba. Eta pentsatu du ez dela bidezkoa arnas-handituta zaudenean jakitea adarrak jarri dizkizutela, ezin duzulako erantzun, edo galdetu, edo oihu egin, edo negar. Nahikoa duzu arnasa hartzearekin. Alu madarikatua. B-k bai jakin noiz kontatu gauzak. Beti izan zen halakoa, arriskua neurtzen duten horietakoa gauzak kontatu aurretik.

Uda ostean, burutik pasatu al zaizu bikote harremana uztea? Aukeren artean Utzi egin naute jarriko al du zitak egiteko aplikazioak, kondoiak saltzen dituen enpresak edo bikote-harremanen ondorengo aholkularitza psikologikoan espezializatua dagoen gabineteak?

Nahiz eta B-k ez dion halakorik esan oraindik. Berak La Sarra madarikatu horretara heldu nahi du eta kokakola hotz-hotz bat edan. Telefonoa dardaraka hasi zaio galtzetako patrikan. Geratzeko aitzakia badu orain. Izan ere, B-k beti esan izan dio geratzea baino hobe dela erritmoa apaltzea. Gero, berriro bideari ekitea nekezagoa baita bestela. Ez daki mendiko aldapei edo bikote harremanei buruz aritzen den, subliminalki, halakoetan.

Ez du ezagutzen telefonoa. Baina badaki nork deitzen dion. Maldan aurrera jarraitu du, lurrera begira, harri edo sustrairen batekin ez estropozu egiteko. Falta zitzaiona: hanka bihurritzea. Berak ez du mendiko asegururik. «Iristen ari gara», entzun du halako batean.

Blokeatu egiten ditu telefono zenbaki horiek.

goiatz labandibar

(Oiartzun, Gipuzkoa, 1985). Kazetaritzan graduatua, komunikazioaren munduan lan egiten du. Hainbat argitalpen egindakoa da, esaterako, Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013), Fotogramak (2016, Elkar), Hori zen dena (Alberdania, 2019) y Amez (Alberdania, 2022) ipuin bildumak. Poesiari ere heldu zion Interpretazioak G minorrean (2020) liburuan. Iaz kaleratu zuen bere estreinako nobela: Bekatua (Erein, 2023); gaztelaniara itzulia dute. Zoo (Elkar, 2024) bere ipuin bilduma berrian, kanpinetako soziologia irudikatu nahi izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.