maddi ane txoperena iribarren

Pagozelai

2024ko abuztuaren 11
05:15
Entzun
Udako narrazioak_Maddi Ane Txoperena. EXPRAI
EXPRAI

Baina zuk ere nola
basoa adina
sua maite duzun.

Anari

Kontatzeko norbait izatea sumatzen zuen faltan horrelakoetan; nahiz eta irudikatutako hutsune bat izan, bikotea izan zuenetan ere krisi memento deskontrolatuenetan baino ez baitzuen erabili pausaleku gisa. Larunbat arratsaldeetako biei lagun deitzea gehiegi iruditzen zitzaion, haiei erranez gero berandu gabe jakinen baitzen, dena den. Hiru euro eta erdi ordaindu zuen urdaiazpiko pintxoa —kamioilari ugari joatea ez zen pista ona izan kasu honetan—, eta gasolindegi pareko aparkalekuko freskuran ahoratu zuen. Garaiz abiatua zen, helburua bezain edo inportanteagoa baitzen aitzineko protokoloa. Pago hostorik ez zen ikusten laino artean —itxia zegoen—, eta zelaiak maldan egotea oximoron irrigarria iruditu zitzaion. Ezin zitzaion berriz gertatu Lekunberriko radarrarena.

08:15. Aitari ikasia zion fundamentuzko jendeak lanak goiz egitearen betebeharra, nahiz eta ondotik hamaiketakorako ordu erdi bat hartu —gutienez—; edo hain justu horregatik. Hirugarren kafea zuen dagoeneko: lehena Perurekin hartua zuen —ez zaitez ernatu; zurekin gosalduko dut—, eta bigarrena ere Lasarteko etxean, bakarrik. Jaiki ondoko lehen pixa txorrotarekin batera segurtatu zuen makarrek lausotzen ziotela irribarrea.

Iruñea iparraldeko ingurabideko jatetxe bulgariar batean egina zuten hitzordua. 9:00. Puntualegia izaten ere aitak irakatsia zion —gurpila lehertuko balitzaizu—. Zigarreta pakete bat eskatu zion zerbitzariari —hori amari desobedientziaz—, eta supiztekoa. Lucky Strike baten errekuntzaren parekoa izan zen ondorenekoa: iragarria, arina eta akabera garratzekoa; baina gustagarria.

Heldu den astean libre daukat asteazkena.

Metxerorik badaukazu?

Hartu, biderako.

Jatetxe bulgariarrean zen berriz 11:00etarako. Eguzki galdatan Iruñea, sanfermin ondoreneko hiri-desertu baten lasto bolak irudimenean punpaka. Terrazako mahai gainean utzi zuen zigarreta paketea, tortilla arrastodun plateraren aldamenean, ale bat belarri gibeleko ile samaldan nahastuta. Leihotik bota zuen zigarrokina —ez atera gorputz adarrik kotxetik kanpo—, Ezkabaren magalean. Decathlon pareko semaforoan begiratu zien Peruren mezuei.

Kasu bueltarakoan, sute bat piztu omen da Pagozelai inguruan.

Hainbertzerako?

Lau tokitatik edo. Euskadi Irratian ari dira...

Joder…

Nagusia ez da etorri: bazkalduko dugu kanpoan?

Belarri gibelaldea ferekatu zuen eskuin eskuaz, atzerako ispilutik Ezkabarantz begira –salbu zen–; gero urre koloreko belarritakoa ukitu zuen; segidan martxen palanka. Ez zen bertze gairik irratian, eta saiatzea erabaki zuen, halere. Axitarten itxi zituen leihoak, iruditu baitzitzaion kopetan iratxekitakoak ez zirela jada eltxoak, ezpada kedar zatiak. Lainoa trinkotzen joan zen, harik eta aitzineko autoaren abisu intermitenteak justuan geldiarazi zuen arte. Bazkalorduan telebistako albistegietan ikusiko zutenez, pasatzen utziko zieten azkenetakoak izan ziren.

Ongi joan da elkarrizketa?

Atxikimendu moten artean harena zein zen pentsatzen harrapatu zuen galderak. Baina Mirenek zehaztua zion izan zezakeela jokaera bat lagunekin, eta erabat bertzelakoa harreman sexu afektiboetan. Gurasoekikoa kausa zein eredu gisa aurkeztearena ez zitzaion gehiegi gustatu.

Ez didate sentsazio onik eman.

Bi ziren?

Enpresak, erran nahi dut.

Duda zuen antsietatezko atxikimenduaren eta saiheskorraren artean. Edo biak batera: desordenatua, alegia. Bateragarria balitz dena bere lekuan sailkatzearen tema asegaitz horrekin.

Ez zara gose?

Menu hauek ez daude eserita lan egiten dutenentzat pentsatuak.

Niri asperdurak pizten dit gehien, bada.

Platereko soberakinak ebasteko baimena eman zion Peruri.

Igo bolumena, Maxus!

Arrain zaporeko olioz bustitako patatak hotzak zitezkeen ordurako. Belaunean harramazka egin ondotik haztatu zuen galtza bakeroen eskuinaldeko sakela.

Horrela utzi dizuete pasatzen?

Ja...

Istripu bat izateko ere...

Badu zerbait suak, ala?

Hondartzetako bakterioen gaiarekin segitu zuen aurkezleak, gero Palestinarekin; begia pantailatik urrundu zuen sarraskiaren irudietara ez ohitzeko. Txirrindulari talde afizionatu baten argazkiak zeuden ezkerreko paretan, gaineko izenpedurak koloregabetuta. Sabairantz zihoan pareko murruan trasteleku ezkutu bat, oholez itxia. Bi zerbitzarien oihuak telebistaren eta ohiko bezeroen purrustaden artetik iristen ziren sukalderaino, eskelen orrian irekitako Diario Vasco baten marruskaduraz dezibel pare bat galdu, eta Kirolbet makinan errebotea emanda. Bulgariarra eta gipuzkoarra zerk bereiziko lituzkeen hasi zen bere baitan, Peruk Tourreko bezperako laburpenari so egiten zion bitartean —zer janen ote dute esloveniarrek—. Eztarria ahotsa galtzeraino idortu ohi dion aire girotuaren sistema horituari begiratu zionean maiatzeko euriaz gogoratu zen. Orduan egin zuten topo lehenbizikoz.

Bertze elkarrizketa bat daukat hurrengo asteazkenean.

Ea ba oraingoan...

Postrerik ez zuen eskatu, eta kafea deskafeinatua. Peruk, natillak; kaferik ez.

Saiatzea ona dela erran nahi nuen. Uztaila izanda, zailago, gainera.

Ba pentsa abuztuan.

Buzodun batek makarroiak, xerra eta botila bat ardo eskatu zituen, berarentzako bakarrik. Lehenbiziko koilarakada ahoratzerakoan ondoko mahaikoaren arroz-esneari begiratu zion Peruk.

Heldu den astean Pirinioetara joatea proposatu behar nizun.

Oporrak?

Lan gutxirekin gabiltza.

Uste duzu aski forman nagoela?

Sei kristal geometrikodun egurrezko ate gaineko ordulariari begiratu zion: 15:00ak aspaldi pasatuak ziren.

Eramanen nauzu? Oinez etorri naiz.

Ez zekien siestara sartuta ere lo hartuko ote zuen.

Pentsatuko dut Pirinioetakoa. Agian bizpahiru egun.

Bi kotxetan ere joan gaitezke.

Bigarren semaforoa pasatuta erreserbaren argi gorria piztu zitzaion —eduki depositua beti erditik goiti betea, badaezpada—. Peru muxu batekin agurtuta altxatu zenean ikusi zuen supiztekoa, kopilotuaren aulkian.

maddi ane txoperena iribarren

(Hendaia, Lapurdi, 1994). Kazetaria, idazlea eta bertsolaria da. Gizarte Antropologia ikasi zuen, Topatu gazte proiektu komunikatiboan aritu zen, eta BERRIAn egiten du lan egun. Bi liburu ditu plazaratuak, biak eleberriak: Ene baitan bizi da (2020, Elkar), neska gazte baten eta haren amatxiren gaztetako bizipenak txirikordatzen dituena; eta Ez erran inori (2022, Elkar), haurtzaroan pairatutako sexu abusuek uzten duten orbana arakatzen duen kontakizuna. Umetan hasi zen Hendaiako bertso eskolan, eta hainbat gazte sariketa eta txapelketatan parte hartu izan du, tartean Xilaba Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsolari Txapelketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.