ENEKO BIDEGAIN

Laukitxoa

2024ko uztailaren 21a
05:10
Entzun
Eneko Bidegainen 'Laukitxoa' narrazioarentzako ilustrazioa
EXPRAI

–Excel taulako laukitxo bat naiz.

Ximunek oraino ez zuen sekula entzun halakorik. Isilik gelditu da Gartxoti begira, argibide gehiagoren beha balego bezala. Kabinetea ireki zuenetik, gisa orotako metaforekin kontatu dizkio jendeak bere minak: hegoak ebaki dizkioten txoriaren gisan sentitzen dena etxean; koadrotik ateratzen den pintzelkada; barraskiloarekin hari batetik lotuta bizi den tximeleta; oiloari burua aizkorarekin mozten dioten gisan elkarrizketa eten diotena etiketa batekin… Baina Excel taula bat baino metafora antipoetikoagorik? Paziente gehienek ez dute halako irudimenik, eta Word-eko Calibri tipografian bezala kontatzen dizkiote, beltza zuriaren gainean, beren buru-hausteak, ia pornografikoki: laneko ardurak eta familiaren zaintza ezin kudeatuz dagoenaren antsietatea; nerabezaroan eri handi izan zen garaian medikuak sexu ukituak egin zizkionaren trauma gainditu gabea; senarrak hilabetean hirugarren aldiz zanpatu duenaren ihes egin nahia eta ezina…

Egia erran, Ximunek Gartxotengandik espero zuena partituretako lerroetatik ihesi doan notaren gisako zerbait zen. Badira lau aste psikologora etortzen hasi zela. Antsietatea, depresioa, laneko estresa, motibazio falta… ez zekien ongi identifikatzen zer zuen.

«Excel taulako laukitxo bat naiz» aitortzea urrats handia da, bereziki boz ahulez eta begiak apaldurik erran baitu.

–Aurten klaseen antolaketaren ardura eman didate; gurasoekiko harremanak nire gain dira…

Gartxotek hemeretzi urte daramatza musika kontserbatorioan lanean. Solfeo kurtsoak eman zituen lehen lau urteetan, eta gero gelatxo bat esleitu zioten, han piano klaseak emateko. Hamabost urte eman ditu han, aparkaturik, zuzendaritzak ahantzirik… Errutina hartara ohitua zen, irakasle finaren fama lortua zuen, baina beti amestu zuen errutina hartatik ateratzea…

–Irakasle zorrotza eta metodikoa naizela diote, ene klaseak biziki ongi antolatuak direla, dena xeheki ordenatuta daukadala… Ikasturte hasieran zuzendariak bulegora deitu ninduen, eta horrelaxe erran zidan: «Mirenek bi urteko eszedentzia hartu du eta pentsatu dugu pertsona egokia izan zaitezkeela haren postua betetzeko…».

Arazo nagusia ez zen Gartxoti ez zitzaiola batere interesatzen lanpostu hura, ezta ere erran ziotela bi urte lehenago hasi zen Joseba gazteari ikusten ziotela piano klase haiek emateko behar zuen energia, Gartxot akitua zelakoan… Horrek gaitzitu zuen, baina arazoa ez zen hori. Gartxotek amesten zuen eskolako orkestra zuzendariaren lekua hartzea noizbait. Baziren hiru urte aurreikusia zuela zuzendariak aurten hartuko zuela erretreta, eta bazuen ezkutuko itxaropen bat… Bazuen esperientzia, gustatzen zitzaion musika konposatzea, bazuen sen artistikoa… Baina kontserbatorioko zuzendariak Andere, gazte bezain liraina, kontratatu zuen orkestra zuzendari lanerako.

–Excel taulako laukitxo bat naiz. Behin mugitu ninduten lauki batetik bestera, eta han utzi naute ahantzirik orain arte. Eta lantaldean mugimenduak gertatu direnean, hutsik gelditu diren laukietako batean jarri naute. Nirekin mintzatu gabe, zer nahi nukeen galdetu gabe, zertan naizen trebe interesatu gabe…

Ximunek ez dio garrantzirik kendu nahi Gartxoten frustrazioari. Badaki enpresetako kudeatzaile anitz direla Excel taulak bezain zurrunak eta hotzak. Baina ez zaio sekula gustatu norberaren arazoak beste baten bizkar jartzeko joera. Eta galdetu dio:

–Eta zergatik konformatzen zara Excel taulako laukitxoa izatera? Zer egiten duzu laukitxotik ateratzeko?

Gartxot mutu gelditu da. Ez daki zer erantzun; bere buruari ez dio sekula egin galdera hori…

–Eta lanetik kanpo ere Excel taulako laukitxoa zara?

Bi galdera horiekin bukatu da gaurko saioa. Sekula baino urrats geldoagoan dabil karrikan, noraezean bezala, bi galderak buruan. Itzalita joaten da lanera, beti obeditzen du, bileretan ez du sekula hitzik hartzen, eta bere buruaz lotsatzen da bere isiltasuna adostasun gisa ulertzen dutelako besteek… Eta horretaz oharturik ere, ez daki nola zulatu laukitxoaren inguruko marrak.

Mezu bat heldu zaio telefonora. Alabarena da. Erasmusera joan zenetik, hitsago dago etxea. Senar eta aita rola bete du, lanbidea bezain zorrozki, bere ustez modu aurrerakoian, baina sekula zinez segur izan gabe joera sexistetatik libratzen zela. Ez, ez da sekula atera laukitxo horretatik. Baina alaba Excel taula horretatik atera zenetik, oreka hautsi da.

Emaztea ere atera da taulatik; ez da etxetik joan, baina lagunekin kafeak hartzen ditu, lankideekin afaltzen du, antzerki eskolan hasi da, ibilaldiak egiten ditu bakarrik edo lagunduta… Biak Excel taulan preso zeudenean, Gartxotek ez zuen ikusi nahi Android eta iOS sistemak bezain bateraezinak bihurtuak zirela haien eguneroko interesak eta eginkizunak. Orain, ez du onartu nahi emaztea papogorria bezain airos dabilela airean. Ez du oraindik ausartu nahi kaiolako ate irekitik jalgi eta hegaldatzera. Kaiola berak eraiki zuen, ez bakarrik gizartearen aginduek. Eta bera preso badago, emaztea zergatik ez?

Edo… emaztea askatu bada, bera zergatik ez?

Partiturako nota beltzak txori bihurtu dira, eta zeruan gaindi barreiatu dira, mila koloretan. Ametsak beldurturik eta liluraturik esnatu da Gartxot.

Piano aitzinean jarri da. Chopinen eta Schumannen liburuak baztertu ditu, eta hasi da bera, partituretatik at. Excel taulatik kanpo. Bere buruaren bila, bere lekuaren bila. Eta, aspaldiko partez, irribarre egin du.

ENEKO BIDEGAIN

(Baiona, 1975)
Euskal Ikasketak eginda, Ekaitza aldizkarian hasi zen kazetari, eta, ondoren, lehendabizi Euskaldunon Egunkaria-n aritu zen, eta ondoren BERRIAn. Bertso txapelketetako epaile ere izan da, eta, gaur egun, eskolak ematen ditu Mondragon Unibertsitatean. Hainbat kronika eta saiakera liburu idatzi ditu —Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia (Gatuzain, 2007), Patxa. Besta bai, borroka ere bai (Gatuzain, 2010), Lehen mundu gerra eta Euskal Herria (Elkar, 2014), Lurraldea eta herria (Pamiela, 2018)—, eta baita hiru nobela ere —Anbroxio (Elkar, 2002), Mahatsaren begia (Elkar, 2005), Bichta éder (Elkar, 2023)—. Azken horrekin 111 Akademiaren saria irabazi du aurten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.