Gaur igandea da. Pozik eta arin atera naiz. Eta egunero ez bezala, gaur ez zait leihora agertu.
Zakar poltsa edukiontzira eramateko atera naizenean, pareko egoitzako 3. solairuko leihoa hutsik ikusi dut, hura gabe. Goiz orotako miraria ez da gertatu ahal izan. Eta tristatu naiz. Gainera, ataria eta egoitza ingurua ez didate ikusten uzten hor diren furgoiek eta mugimenduek, ezin ikusi, beraz, hor gaindi denetz.
Goiz guztiz ikusi ohi dut: ni zikin poltsa eskutan noa karrikan zehar, hura, leihotik begira da. Begira da, ez arras: begira dagokit.
Hastapenean ez nintzaion batere ohartu: auskalo noiztik egoten zen egunero leihoan niri begira. Eta lehen aldiz konturatzean, 3. solairuko leihotik beha zegoela, ez nion garrantzirik eman.
Hiru edo lau aldiz gertatu ondoan, hasi nintzen pentsatzen ez zukeela deus hoberik egiteko. Edo, agian, depresioak joa zela eta karrikako biziari begirada mindua zuzentzen ziola?
Aste baten buruko, jada biak ere kontziente ginelarik bata besteaz, goizero 11etan tanko begiradak gurutzatzen zitzaizkigularik, kontua beste molde batez kontsideratzen hasi nintzen: bazekien egunero nentorrela —baiki, zikin-ontzia eskutan, ez da biziki erromantikoa—, eta banekien hantxe kausituko nuela.
Gero gauzek beren bidea egin zuten. Ene sorpresarako, egun horietarik batean, agurtu ninduen. Uste dut bera zela hasi agurtzen, ausardia txiki hori hark zuela ukan. Esku keinu soil bat izan zen. Goxoa iruditu zitzaidan. Eri finak leihoaren azalean. Handik, berinaren bestaldetik eta zeharka hunkituko banindute bezala.
Orduan, nire aldetik ere, agurra itzuli nion.
Eta egunero agur gero eta zintzoagoak bihurtu ziren. Batean, libre nuen eskua altxatuz. Bestean, irribarre eginez. Edo biak. Ez dakit. Eta gero, batzuetan, errezela berriz zerratzen zuen, presaka, eta, dudarik gabe, lotsati baten aurrean nintzela pentsatu nuen.
Alegia deus ez, ene pertzepzioa aldatuz joan da eta aukerak ikusten hasi naiz. Ezagun, auzokide izan gaitezke, lagun behar bada, maitale… nork daki!
Irudimenak, nahi ala ez, bidea egiten du. Posible ote litzateke Paroles en l’air animazio-filmean bezala, agurren eta keinuen bidez, poliki, amanteak bihurtzea? Egunez egun joatea leihoaren bestaldean gatibu eta morala apal duen pertsona horrekin harreman bat garatzera? Baliteke, agian. Izan ere, eskua gero eta molde argiagoan altxatzen du niregana, egunez, egun, pixka bat gorago, pixka bat zabalduago.
Egun guztiz, tenore finkoan joaten naiz, puntual, ez goizegi, ez berantegi. Beste tenore batean joanez gero, ez baita han izaten. Beti hor da. Niri buruz zuzendua. Bisaia ile gorriek argiztatua. Eskua altxatua. Kuriositatez eta jakin-minez, saiatu izan naiz ikusten, arratsaldez, adibidez, kartoi puska bat eramanez birziklapen ontziraino, eta sekulan ez zegoen orduan.
Eta gaur, ez da irribarrerik hutsik den leihoan. Ez du ahantzi edo huts egin ahal izan. Beste zeregin batek berandutu duke. Edo… erabaki du jaustea!
Egoitzaren atarian higitzen eta lehiatzen diren jendeen artean bilatu dut aurpegi ezaguna, ezkerrera eta eskuinera, joan-etorrian dabiltzan jendeen artean.
Desiratu izan baitut, hainbatetan, etxetik karrikara jaits dadin, niregana jin dadin eta solasta gaitezen. Eta segur naiz hark ere nahikari handia duela horretarako, hiru solairutako distantzia ezdeusa puskatu eta nireganaino jiteko. Argi da. Aitzineko egunetan, eskua gero eta gorago, zabalago jarri du leihoaren kontra. Bazirudien hitz zenbait ahoskatzen zizkidala, urrunera, kristalean zehar. Atzo eta herenegun, eskuaz leihoa jotzen ere zuen, deika bezala, ikus nezan, begiez ez nezan utz. Iruditu zait atzo haren ezpainek zerbait ahoskatzen zutela, zinominoka, baina urrunegi nintzen hitz deskonposatu horien behar bezala irakurtzeko. Ez dut ulertzen zergatik ez duen behingoz leihoa irekitzen eta zergatik ez dizkidan hitz horien ozenki zuzentzen… Erromanismoaren gako guztiak ez ditut oraino nireganatuak…
Berantetsia dut elkar gurutza dezagun. Lehen indar eta urrats horiek dira zailenak, gero harremanak harilka daitezke laster. Ez da dudarik atzemanen dugula zerbait errateko, elkarri kontatzeko, egiteko eta partekatzeko. Dena den, proposamen guztiak entzuteko prest naiz. Azken bizilagunak utzi ninduenetik, harreman berria hastea baizik ez dut galdetzen. Platonikoa bada, platonikoa. Pasiozkoa bada, pasiozkoa. Noiz behinkakoa bada, noiz behinkakoa. Nago haurrak dituela… Eta batzuetan gure enkontru horietan, errezela hesteko duen moldearengatik, horrela, bat-batean, sumatzen dut, agian bikotekidea duela. Ongi pentsatzekoa da: prest ote nintzateke ezkutuko harreman sutsua bizitzeko? Zergatik ez!
Egoitzaren sarreran zabaldurik den telak ez du deus ikusten uzten.
Hurbiltzen ari naiz edukiontzietaruntz, eta metatuak diren kamioiak eta furgoiak akabatzen ari dira junta momentua. Dena zapuzten ari dira.
Segur bera ere gogogabeturik gertatu dela karrikako jende saldo hori ikustean goiz honetan eta berriz igo dela etxera.
Gogo bakarra dut. Zikin-ontzia lehen bai lehen despeditu, etxera sartu eta biharamuna itxaron, ez dut besterik nahi.
Zer bestela? Egoitzara sartu, estaiak igo eta atean jo? Ez, ez.
Anbulantzia erraldoi baten ondotik iragan naiz eta, orduan, auzokideez ohartu naiz, atarian bilduak eta zurbil diren jendeei begiratu diet, banaka, haren aurpegia berriz bilatu dut haien artean. Eta gero, berriz gora so egin dut: hirugarreneko leihoak, zabalik baino, bere lekutik aterata dirudi, hor ez balitz bezala.
Esku-ohe bat mugitu dute eta zerbait, norbait, biltzera joan dira tela zabalaren atzealdera, eta hara joatean, telaren inguruko zolan eta espaloian, barreiatuak diren berina pusketan gaindi iragan dira.
Esku-ohea kargaturik, itzuli direnean, mihise zuriaren saihetsetik ile xerlo gorria hegaldatzen ikusi dut. Haize firfiran arin hegan. Andazainak mihisea tiratu du eta ilea estali. Eta xerloa ezkutatu den une berean, bazterrean, beso bat lerratu da, pisu, ohearen saihetsetik behera dilindan. Esku fin bat.
Leihoan jotzen zuen eskua. Deika ari zitzaidan hura. Eta ahurrean, leihoaren kontra, behin eta berriz, jo eta dei ari zitzaidan eskuaren ahurraren zuloan, margo beltzez eta etsipenez margotu puntu beltz handia. Puntu beltz zabala, deika.
BEA SALABERRI
(Donamartiri, Nafarroa Beherea, 1979)
Euskal Filologiako ikasketak egin zituen, eta helduen euskalduntzearen alorrean lan egiten du. Baionak ez daki ipuin liburua argitaratu zuen 2015ean (Susa), eta aurten plazaratu du bere aurreneko eleberria, Mesfida zaitez (Txalaparta). Bestalde, helduen euskalduntzeari lotutako bi liburu ere argitaratuak ditu: Baiona (Elkar, 2019) eta Oihenartea ez hunki (Elkar, 2023), biak ala biak euskara errazean idatziak. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko Hitza-n idazten du.