—Galtza bakeroak erosten dituzu beti? —galdetu zion Sandyk Markori, merkatalgunean erosketak egin ondoren bertako taberna batean garagardo bana hartzera eseri zirenean—. Gaur ere bakeroak erosi dituzu eta ezagutzen zaitudanetik ez zaitut bestelako galtzarik jantzita ikusi.
Baietz erantzun zion Markok, halaxe ohitu zela gaztetatik eta bere burua arraro ikusten duela bestelako galtzak jantzi behar izaten dituen aldi zeremoniatsu bakanetan, iloba baten ezkontza azkenekoa.
—Bitxia da galtza bakeroen kontua —hasi zitzaion azaltzen Sandyri, gustura kontatuko duen zerbait bururatzen zaionaren poza agerian uzten zuen irribarre batez—. Gazte nintzenean, gazteen janzkera ziren galtza, alkandora eta jaka bakeroak, 40 urtetik gorako inork ez zuen arropa bakerorik janzten, eta adin handi samarreko norbait galtza bakeroak jantzita ikusiz gero barregarri geratzeko arrisku handia zeukan, gazte itxura eman nahi zuen zahar patetikotzat hartua izatekoa. Horrek neure buruari galdera artegagarri bat egitera eraman ninduen: zer eratako galtzak jantziko ote nituen nik zahartutakoan, 40, 50, 60 edo 70 urte neuzkanean?
—Ez zenuen zeure burua zahartutakoan galtza bakeroak jantzita irudikatzen.
—Inola ere ez. Nik galtza bakeroen aldeko aukera egin nuenerako galtza bakeroek galdua zuten hasieran izan zuten bakantasuna eta atentzioa emateko gaitasuna. Errebeldia edo, gutxienez, gaztetasun seinale moduko bat ziren artean ere, baina ez zuten inor eskandalizatzen, onartuta edo normalizatuta zeuden gazte jendearen artean, zaharren zango-ipurdiak estaliz gero barregarri edo gutxienez arraro gerta zitezkeen arren. Rock and rollaren antzera, gutxi gorabehera.
—Eta orain, hirurogeita... zenbat urterekin...?
—Hirurogeita bost. Laster hirurogeita sei.
—Orain ia hirurogeita sei urterekin bakeroak janzten jarraitzen duzu normaltasun osoz, inoren arreta piztu edo barregarri sentitu gabe.
—Halaxe da. Ezagutzen nautenek arraro eta akaso barregarri ere ikusiko nindukete bestelako galtzak jantziz gero. Edo hala sentituko nintzateke neu behintzat.
Isilik geratu ziren biak une batez, garagardoa hurrupatzen eta merkatalguneko pasillo zabaletan hara eta hona zebiltzan bezero eta paseatzaileei begira.
Gehiengoa izatera iritsi gabe, ez ziren gutxi galtza bakeroz jantzitako 50 edo 60 urtetik gorako gizonezkoak. Gutxiago baziren ere, galtza, gona, txaleko edo jaka bakeroz jantzitako adin horretako emakumeek ere ez zuten inoren arreta berezirik sortzen horregatik. Sandyk ere galtza bakeroak zeuzkan jantzita, eta RIP taldearen kamiseta beltza soinean.
—Arropa bakeroen kontrako hitzik gogorrenak ez dizkiot zahar bati entzun —ekarri zuen gogora Markok—, gazte garaiko lagun kuadrillako bati baizik. Arropa bakeroa Amerikako Estatu Batuen inperialismo kulturalaren luzapen eta adierazpide zela esaten zuen. Biseren ordez txapela erabiltzearen aldekoa zen, eta galtza bakeroen ordez beste edozein motatakoak. Ez zuen buruan txapelik izaten, nik ezagutu nuenean behintzat, baina mahoizko galtzak janzten zituen normalean, garai hartako langileen ohiko janzkera, xumea, merkea eta bertakoa. Diskretua izan nahi zuen denean, eta janzkeran halakoxea zen, oso diskretua.
—Diskretua! Horixe da ni gaztetan inondik inora izan ez nintzena —esan du irribarrez Sandyk.
—Eta oraindik ere, zure berrogeita... zenbat urterekin?
—Berrogeita hemeretzi, joan den astean eginak.
—Zure berrogeita hemeretzi urterekin ere, oraindik ere beti daukazu punk ukituren bat janzkeran.
—Ezer gutxi gazte garaikoarekin alderatuta. Orduan ezagutu baninduzu! Nire gaurko janzkera, aldiz, zure gaztetako bakeroak bezala, inor eskandalizatzen ez duen errebeldia epel baten adierazgarri baino ez da.
—Nire bakeroak, gaur egun, ezta hori ere.
Arropa bakeroaren aurka mintzatzen zen Markoren gaztetako lagun hura ekarri zuten hizpidera berriz. Noizean behin egunkarietan ikusten zuela esan zuen Markok, poema liburu bat aurkezten zuenean, poeta baitzen gaztetan eta poeta izaten jarraitzen baitzuen, mistizismo kristau berri eta eguneratu bat aldarrikatzen eta ospatzen duen poesia idazten. Sandyk komentatu zuen ospitalean eman zuen bolada batean aldatu zuela janzkerari buruz zeukan ikuspegia.
—Bi aste eman nituen ospitaleko txabusina jantzita. Hasieran uste nuen ezin izango nuela ondo eraman txabusinarena, baina irten nintzenean berdin zitzaidan zer jantzi, ospitaletik onik irtetearen pozak janzkeraren gorabeherak erabat atzenarazi zizkidan.
Erosketen gurdia autoa aparkatuta zuten lekuraino eraman, erosketak maletategian sartu, gurdia gurdi-multzo batean kateatu, gurdia hartzerakoan sartutako euroa berreskuratu, autoan sartu, autoa martxan jarri eta etxera itzuli ziren. Iritsitakoan, autoa garajean sartu, erosketak maletategitik atera eta etxera igo, eta, operazioa amaitzeko, erosketa bakoitza bere lekuan utzi zuten, janari batzuk hozkailuan edo izozkailuan, beste batzuk sukaldeko armairuetan eta arropak gelako armairu handiko tiraderetan.
Txantxarako gogoa piztu zioten Markoren galtza bakero erosi berriek Sandyri. Zegokien tiraderan sartu baino lehen, zabaldu eta garaikur bat edo bandera bat balira bezala altxatu zituen airean:
—Hona hemen zure zahartzaroko galtzak, Markos. Osasunez eta urte askoan urra ditzazun opa dizut.
Irririk gabe, serio geratu zen Marko Sandyk airean eutsita zeuzkan galtza bakeroei begira.
—Zer duzu, Marko —galdetu zion zion Sandyk kezkatuta—. Zer ari zara pentsatzen?
—Ez dudala inoiz tanatorioan galtza bakeroz jantzitako hildakorik ikusi.
juan luis zabala
(Azkoitia, Gipuzkoa, 1963). Euskal filologia ikasketak egin zituen, eta euskara irakasle lanetan ibili zen. Kazetari ere izan zen, BERRIAn eta Euskaldunon Egunkaria-n, baina jardun hori uztea erabaki zuen. Makina bat lan kaleratutakoa da, makina bat generoren bueltan. Eleberriei dagokienez, Zigarrokin ziztrin baten azken keak (Elkar, 1985), Kaka esplikatzen (Elkat, 1989) eta Galdu arte (Susa, 1996) dira haren lanetako batzuk. Itzulpenari eta biografiak idazteari ere ekin izan dio. Txistu eta biok lanarekin (Algaida, 2016) Kutxa Irun Hiria Eleberri saria irabazi zuen, baita Zilarrezko Euskadi Saria ere.